Descárgate la app
Carlos Cánovas argazkilaria, 2020ko Kulturaren Vianako Printzea Saria
2020ko uztailaren 17a
Carlos Cánovas argazkilaria, 2020ko Kulturaren Vianako Printzea Saria
Nafarroako Kulturaren eta Artearen Kontseiluak Carlos Cánaovas (Hellin, 1951)argazkilaria proposatu du “2020ko Kulturaren Vianako Printzea Saria eskuratzeko. Hala iragarri du gaur goizean prentsaurrekoan, Rebeca Esnaola, Kultura eta Kiroleko kontseilariak. Gainera, Ivan Carmonak eskuratu du lehendabizikoz eman den Talentu Artististikoa Sustatzeko Saria.
Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilariak adierazi du Carlos Cánovas dela “Vianako Printzea saria jaso duen lehen argazkilaria”, eta nabarmendu du “aitortza eta miresmena lortu dituen profesionala dela, museo eta arte-gune nafarretan eta nazionaletan erakusketak egin dituena, eta horietako anitzetan lan iraunkorrak dituena”.
Argazkilariaren biografia ekarri du gogora, eta haren lanetako batzuk zerrendatu ondoren, bereziki aipatu du “Frantziako Liburutegi Nazionaleko eta Institut Valenciá d’Art Modern-eko argazki-funtsetan dagoen” duen obraren garrantzia.
Pedro Salaberri margolaria mintzatu da saria argazkilariari emateko proposamenaren alde, Ateneo Navarro / Nafar Ateneoaren izenean. Hark lorturiko babes zabala aipatu du eta, kontseilariak bezala, laburki mintzatu da saridunaren obraz, bereziki azpimarratuz haren lan nabarmenetako bat, “Séptimo cielo”. Horri buruz, Salaberriak erran du kalearen argazkia egiten duela, leiho argiztatu bat, eguneroko irudi arruntak, “adimenez eta talentuz irudikatzeko gaitasunez”, eta gaineratu du gai dela bere argazkietan “ukitu artistiko” hori agertzeko.
Foru-dekretu bat saria berresteko
Orain, Nafarroako Gobernuak foru-dekretu baten bidez berretsiko du saria eman izana; oraingoz finkatzeke dago zein datatan emanen den. Iaz, salbuespen gisa, Vianako hirian egin zen emanaldia, herria fundatu zela 800 urte bete zirela eta. Sariketaren 31. edizioa da aurtengoa.
Nafarroako Gobernuak sustatzen du Vianako Printzea Saria, Foru Erkidegoko ematen den kulturaren alorreko sari nagusia, “kultur munduko pertsona edo erakunde aipagarrien ibilbidea nabarmentzeko eta aitortzeko xedez, barne harturik, alde batetik, arte plastikoen, musikaren, literaturaren eta abarren eremuan eginiko sormen-ekintzak, eta bestetik, zientziaren, teknikaren eta ikerkuntzaren esparruetako lana”, sariketaren oinarrietan adierazita dagoenez.
Aurtengo ediziorako beste bi hautagaitza zeuden: Berri Txarrak musika-taldea, eta Jaime Ignacio del Burgo legelari, politikari eta idazlea.
Hautagaiak aurkezteko aukera izan dute “Nafarroako Kultur aren Kontseiluko kideek, edozein herrialdetako erakunde publikoek (gobernuek, ministerioek, udalek, unibertsitateek, akademiek, ikerkuntza-zentroek, enbaxadek, kontsulatuek, etab.), edozein herrialdetako hezkuntzaren, gizartearen eta kulturaren arloko entitateek eta legez eraturiko GKEek, eta antolatzaileek gonbidaturiko pertsonek”, sariketaren oinarriek ezartzen dutenez.
Azken urteetako ildoari jarraikiz, Kultura eta Kirol Departamentuak, saridunarekin adosturik, 20.000 euroko balioa izanen duen zabalkunde-proiektu bat gauzatuko du. Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeari dagokio kalitatezko egitasmo bat lantzea, egilearen sorkuntzari balioa emanen diona eta gizarteari haren lanaren alderdirik funtsezkoenak ezagutaraziko dizkionak.
Honezkero30 saridunizan dira, 31 gaurkoa gehiturik. Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluak proposaturik ematen da saria urtero, eta azken bortz urteetan honakoek eskuratu dute: Ramón Andrés musikari eta konpositorea (2015), Ignacio Aranguren dramaturgo eta antzerki-zuzendaria (2016), José Laínez eta Concha Martínez koreografo eta dantzariak (2017), Iruñeko Ganbara Abesbatza (2018) eta Tomás Yerro idazle eta irakaslea (2019). Haiei gehituko zaie, aurtendik aurrera, Carlos Cánovas (2020).
Carlos Cánovasen biografia
Carlos Cánovas Ciaurriz argazkilaria Hellín-en (Albacete) sortu zen 1951n, baina Iruña / Pamplonan bizi da jaiotzako urte beretik.
Lehen lana, zinema-dokumental bat, 70eko hamarkadan egin zuen. 1972an lehen argazki-kamera erosi zuen. Hamarkada hartan, eguneroko bizitzaren eta Nafarroako hiri-pasaiaren argazkiak egitea izan zen haren lanaren muina.
1975 eta 1980 urteen artean heziketa jasotzen jarraitu zuen, eta diziplina bereko beste profesional batzuekin jardun zuen hainbat lehiaketa eta topaketatan. 1977an erakusketa egin zuen Argazkilaritzako Errege Elkartean, eta 80ko hamarkadan erakusketa gehiago egin zuen; horien artean nabarmentzekoa da Lleidako Fotomostra-koa (1983). Hamarkada hartan argazkiak errekuperatzen aritu zen, eta bertze erakusketa bat antolatu zuen, “Paisajes Furtivos” goiburukoa, abandonaturiko eraikinak eta Nafarroako hiri-pasaia deskribatzea zuena ardatz. Gainera, bere lehen liburua argitaratu zuen: “Fotomontaje, cartelismo y publicidad” (1984).
Oportoko Arte Modernoko Museoak argazkilariaren lanaren erakustaldia egin zuen 1988an. Urtebete geroago, Cánovasek Nafarroako argazkilaritzaren historiari buruzko artikulu bat idatzi zuen, “Apuntes para una historia de la fotografía de Navarra” izenekoa.
1991n “4 direcciones: fotografía contemporánea española” erakusketa antolatu zuen. Eta 2002an, Cervantes Institutura eraman zituen bere lanak. Lau urte geroago, 2006an, eraikin zaharrak deskribatzen zituen “Paisaje anónimo” obra burutu zuen.
Azkenik, nabarmendu beharra dago haren obra Frantziako Liburutegi Nazionaleko eta Institut Valenciá d’Art Modern-eko argazki-funtsetan dagoela.
Haren lan azpimarragarrienen artean aipa daitezke, halaber, “Extramuros”, “Paisaje anónimo”, “Retornos”, “Dolientes plantas”, “Paisaje sin retorno”, “Ría de hierro” eta “Séptimo cielo”, bertzeak bertze.
Iván Carmona, Talentu Artistikoa Sustatzeko Sariaren irabazlea
Rebeca Esnaola kontseilariak adierazi duenez, Talentu Artistikoa Sustatzeko sari sortu berria Iván Carmona 28 urteko musikariak jasoko du. Bertze lau hautagai egon dira lehen edizio honetarako: CreArte Taldea, Joven Orquesta de Pamplona – Iruñako Gazte Orkestra, Marta Ramírez biolin-jotzailea eta Iker Ibero errealitate birtualaren sortzailea.
Ignacio Apezteguía Kultura zuzendari nagusiak, departamentuko hainbat kidek eta Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluko kide batek osaturiko epaimahaiak “saridunak komunitatetik eta komunitatearentzat sormena garatzeko duen ikuspegia” nabarmendu du, “baita bere arte-proposamenetarako erabiltzen dituen estiloen eta diziplinen aniztasuna ere”.
Halaber, azpimarratu egin ditu “Nafarroako ondare historiko eta immaterialarekiko etengabeko lotura, errepertorioa gaurkotzen eta berritzen izandako parte-hartzea, eta kultur arloaren barnean agerturiko ekintzaile-izaera”.
Kultura Departamentuak asmoa du, saridunarekin adosturik, arte-proiektu bat erakusteko bere egitarauetako batean edo kultur eragileekin lankidetzan 2021ean garatuko dituenetan.
“Nafarroako artearen eta kulturaren esparruan gazte ekintzaileen ekimena babesteko eta sustatzeko, gazteentzat erreferentea izateko eta Nafarroan sortzen den talentua ikusarazteko” xedearekin sortu da Talentu Artistikoa Sustatzeko Saria, bere oinarrietan azaltzen denez. Halaber, aintzat hartzen da saridunak parte harturiko proiektuek eta jarduerek Nafarroan izandako inpaktu sozial eta kulturala.
Musikari sortzaile baten biografia
Iván Carmonak 28 urte ditu, Iruñean jaio zen eta Noainen bizi da. Biolontxeloan eta kontrabaxuan espezializaturiko musikari aktibo eta sortzailea izateagatik nabarmentzen da. Goi-mailako ikasketak bukatu ondoren, “oso premisa argien gainean eraiki du bere ibilbide profesionala: berezko nortasuna duen musikari bat izatera iristea, ohiko bideetatik at musikan eta arte eszenikoetan berrikuntza bilatuko duena”, haren hautagaitzarako proposamenean adierazita dagoen bezala.
Suakai enpresaren sortzaileetako eta zuzendarietako bat da Claudia Osés biolin-jotzailearekin batera, eta ekoizle-, moldatzaile- eta konpositore-lanetan nabarmendu da. 2017an gaitari eta nafar folkloreari buruzko ikerkuntza-lan mardula egin zuen, “Sustraiak” izenekoa; musika, drama eta narratiba uztartzen dituen diziplina anitzeko ikuskizuna. Ondoren “Suakai Elektrikoa” sortu zuen, eta urte hartako larrazkenean “Suakai… a lo Clásico” lana aurkeztu zuen. Azaroan, Foru erkidego kultura eta “Game of Thrones”-en musika uztartzea erabaki zuen, “Juego de Tronos – Ruta de los Castillos y Fortalezas de Navarra” izeneko lanean.
2018an bertze proiektu bat garatu zen, “Suakai Revolution”, eta Medicus Mundi GKEarekin kolaboratu zuen. Cinco Villas eskualdeko Erraldoientzako Musika Konposizioko V. Saria eman zioten, “Tuste y Ejea” balsagatik, eta bertze sari bat ere jaso zuen, Zaragozako bailara horretantxe, “Anochecer en las Pedrosas” lanagatik.
2019an #Top10Sarasate aurkeztu zuen, nafar konpositore horren musikaren moldaketa. Urte hartan bi disko argitaratu zituen, Alos Quartet taldearekin eta Ezpelurreko gaiteroekin. Moldatzaile, konpositore, biolontxelo-jotzaile eta ekoizle aritu zen lan horietan.