2020ko uztailaren 16a

Chivite Lehendakariak COVID-19aren biktimen omenaldian parte hartu du, gaur Madrilen

Errege Jauregian egindako ekitaldian 400 pertsonak hartu dute parte, horien artean agintari, bikima eta pandemiaren aurka borrokatu duten kolektiboen ordezkariak
María Chivite Lehendakaria, COVID biktimen omenaldian.
María Chivite Lehendakaria, COVID biktimen omenaldian.  Deskargatu irudia Irudi galeria

María Chivite Nafarroako Lehendakariak parte hartu du gaur goizean Espainiako Gobernuak Madrilgo Errege Jauregiko Armeria Patioan antolatutako COVID-19aren biktimen omenaldian. Felipe VI  Erregea, Letizia Erregina, Leonor Printzesa eta Sofia Infantak izan dira ospakizun zibilaren buru; ekitaldian 400 pertsona inguru izan dira, europako, nazioko eta erkidegoetako ordezkari, biktimen familia eta pandemiaren aurka borrokatu duten kolektiboetako ordezkariak.

Espainiako Gobernuko kide guztiek eta autonomia-erkidegoetako presidente guztiek parte hartu dute Arma Patioan eginiko omenaldian. Sugar bat piztu ondoren, bertan zirenek arrosa zuri bana eskaini dute biktimen omenez. Chivite Lehendakariarekin batera Juan Carlos Zapico Revuelta Foruzaingoko burua izan da ekitaldian, segurtasun-indar nazional eta autonomiko guztiei egin baitzaie parte hartzeko gonbidapena. Pandemiaren biktima nafarretako bat ere izan da bertan.

Era horretan, Lehendakariak babesa eman nahi izan die koronabirusagatik hil diren guztiei eta haien senideei, baita gaitza izan dutenei eta orain jasaten ari direnei ere; horiei guztiei elkartasuna adierazi die, haien oinazea eta bizipen latza gogora ekarriz. Halaber, publikoki adierazi die aitortza “egunero, hainbat arlotan, gaixotasunari aurre egiteko borrokatu diren kolektibo eta pertsona orori, eta bereziki osasungintzako, arlo sozio-sanitarioko eta larrialdietako langileei, baita konfinamenduak iraun bitartean hornidura bermatu dutenei ere”. Chivitek oroitarazi du “birusa gure artean dagoela oraindik. Ondorioz, segurtasun- eta higiene-neurriak eta distantzia fisikoa mantendu beharra dago”. Beste behin ere, pertsona guztiei erantzukizunez jokatzera deitu die, “birusarekin batera bizi behar dugulako eta beste era bateko harremanak izan behar ditugulako”.          

Biktimak, osasungintzako langileak eta Europako ordezkariak

Minutu bateko isilunea eta biktimen omenezko txaloaldia eginez bukatu aitzin,  omenaldian hitza hartu dute Hernando Fernández Callejak, COVID-19a dela eta hildako Jose Maria Calleja kazetariaren anaiak, eta Vall d´Hebrón Ospitaleko Larrialdietako erizain-buru Aroa López Martínek, biktimen eta pandemia geldiarazten saiatu diren kolektiboen izenean hurrenez hurren.

Bertan izan dira José Maria Aznar, José Luis Rodríguez Zapatero eta Mariano Rajoy presidente ohiak. Baita Europar Batasuneko arduradun nagusiak ere: Europako Kontseiluko presidentea, Charles Michel; Batzordeko presidentea, Ursula von der Leyen; Europako Parlamentuko presidentea, David Sassoli; eta Atzerri eta Segurtasun Politikako Goi Ordezkaria, Josep Borrell. Haiekin batera izan da Turismoaren Mundu Erakundeko idazkari nagusia, Zurab Pololikashvili; Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) zuzendari nagusia, Tedros Adhanom Ghebreyesus; eta NATOko idazkari nagusia, Jens Stoltenberg.