Descárgate la app
Ayerdi kontseilariak babesa erakutsi dio Sakanako eraldaketa digitala sustatzeko Irurtzungo Dinabidek sustatutako proiektuari
2020ko uztailaren 3a
Ayerdi kontseilariak babesa erakutsi dio Sakanako eraldaketa digitala sustatzeko Irurtzungo Dinabidek sustatutako proiektuari
Manu Ayerdi, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak, Nafarroako enpresak eraldaketa digitala sustatzeko egiten ari diren lanari Foru Exekutiboak emaniko babesa helarazi die. Halaxe nabarmendu du gaur Dinabide proiektura egin duen bisitan: 4.0 industriaren laborategia, azaroan Irurtzunen sortua, Sakanako Garapen Agentziaren, Irurtzungo Udalaren eta Sakanako Enpresaburuen Elkartearen eskutik, eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin.
Ayerdik Enpresa Politika, Nazioarteko Proiekzio eta Laneko zuzendari nagusia den Izaskun Goñirekin hartu du parte ekimen honen bultzatzaile hauekin batera egin den topaketan: Iker Manterola, Sakanako Garapen Agentziako kudeatzailea; Aintzane Iriberri, Dinabideko arduraduna; eta Aitor Larraza, Irurtzungo alkatea.
Dinabide Inasaren instalazio zaharretan sortu da, eta lankidetzako eta coworking-eko espazio bilakatu da 200 metro karratutan, proiektu teknologikoak garatzeko. Teknologia bideratzaileekin loturiko proposamenak dituzten ekintzaile, autonomo edo enpresa txikiei zuzendua dago, eta, gaur egun, fabrikazio gehigarriarekin zerikusia duten hainbat proiektu ebaluatzen ari dira. Dinabide, 2019az geroztik, Nafarroako Gobernuko Industria Planaren Mahaiko eta Foru Exekutiboak, Poloaren plataforma birtualaren (IRIS) bidez sustatutako Berrikuntza Digitaleko Gunearen proiektuko partaidea da.
Nafarroako Gobernuak 200.000 euro jarri zituen coworking hau abian jartzeko, Garapen Ekonomikoko eskualdeko plan estrategikoen programaren nahiz industrialdeentzako laguntzen bitartez. Dinabidek 16 lanposturako edukiera du eta azken generazioko teknologia ere bai; hala nola, 3D inprimagailuak, eskanerra, errealitate areagotuko betaurrekoak eta robot kolaboratiboa. Hori guztia prototipoak diseinatzea errazteko nahiz eskala txikian fabrikatzeko, testatze aldera. Ekimena eskualdeko plan estrategikoaren esparruan garatu da Sakanako zona industrialean, eta ekarpen bat da Nafarroa osoan digitalizazioan lan egiten duten aktore industrial guztientzat.
Lankidetza-sarea
Nafarroako eskualdearen zerbitzura berrikuntza-arloan lankidetza-sare bat sortzeko helburuarekin, Dinabidek akordio bana sinatu ditu honako hauek bezalako entitate eta erakundeekin: CEIN, Sodena, Gizarte Ekonomiako Nafarroako Enpresen Elkartea (ANEL), Nafarroako Industria Fundazioa, Sakanako Enpresa Elkartea eta Cederna-Garalur, besteak beste. Halaber, aipatu behar da AIN eta NEZak parte hartu dutela 4.0 industriaren inguruko prestakuntza-planetan.
Horrela, adibidez, coworking-ean parte hartzen dutenek CEIN, ANEL edo Cederna-Garalurren aholkularitza eta tutorizazioa jaso ahal izango dituzte. Bestalde, proiektuak garatzeko finantzaketa jasotzeko aukera eskaintzen du Sodenak.
Nafarroako Industria Planeko aktore gisa, Dinabidek bertako programetan ere hartzen du parte. Programa horiek enpresei laguntzeko diseinatu dira digitalizaziorako laguntzen, autodiagnostikorako programen eta industria-inbertsiorako laguntzen bitart