Descárgate la app
Antigorputzen baheketarako eta hautematerako egitasmoa abiatu du Osasunak osasungintzako 17.000 profesionalekin
2020ko ekainaren 16a
Antigorputzen baheketarako eta hautematerako egitasmoa abiatu du Osasunak osasungintzako 17.000 profesionalekin
Osasun Departamentuak aste honetan abiatu du Nafarroako sare publikoko zein pribatuko osasun langileei zuzendutako egitasmoa, COVID-19aren aurrean egoera inmunologikoa zein den ezagutzeko eta izan daitezken sintomarik gabeko koronabirusaren kutsatzeak hautemateko asmoz.
Oraingoz, 17.000 profesional erregistratu dira programan, horietatik ia 11.000 osasun-sare publikokoak dira, 2.400 sare pribatukoak eta 4.000 lagun egoitza-arlokoak. Lehendabizikoetatik, 9.050 Iruñako Osasun Eremukoak dira, 1.250 Tuterakoak, eta 620 Lizarrakoak. Osasun-sare pribatuari dagokionean, bertako zentroak arduratzen dira laginak hartzeaz, eta 2.000 profesional Nafarroako Unibertsitate Klinikakoak eta 400 San Juan de Dios Ospitalekoak dira. San Miguel Klinikak dagoeneko egin dizkie proba diagnostikoak bertako langileei, eta ekimen honekin bat egingo du bigarren fasean, uda ondorenerako aurreikusitakoan.
SEPROSANA (Nafarroako Osasun Profesionalen eta Soziosanitarioen Seroprebalentzia) deituriko programaren helburua da osasun-erakundeak eta erakunde soziosanitarioak infekzioaren aurrean leku seguruak bezala mantentzen laguntzea, langile horien egoera inmunologikoa ezagutzeko bitarteko bezala balio izatearekin batera, pandemia kontrolatzeko babestea funtsezkoa den talde bezala.
Ekimenaren bitartez, profesional horien seroprebalentziaren maila ezagutuko da, eta, birusaren eraginpean nabarmen egon den biztanleriaren lagina aztertuta emaitza epidemiologikoak lortzeaz gain, COVID-19aren aurrean inmunitatearen antigorputz iradokitzaileak nortzuk garatu ahal izan dituzten identifikatu ahal izango da. Halaber, programan, sintomarik ez duten profesionalengan infekzioa aktibo dagoen detektatzeko sistema jasotzen da, modu horretan, lanean nahiz familian eta arlo pertsonalean transmititzeko arriskua gutxiagotzeko.
SEPROSANA Nafarroako Osasun Zerbitzuak-Osasunbideak eta Laneko Arriskuen Prebentziorako duen Zerbitzuak kudeatzen dute, eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak definituriko ibilbide-orri zabalagoan kokatzen da. Bertan, COVID-19aren eraginpean dauden edo ahulenak diren taldeei, PCR eta beste teknika batzuen bidezko diagnostiko goiztiarra, baheketa eta segimendua egiteko Osasun Departamentuaren “apustu estrategikoa” definitzen da.
Osasun-sistema publikoko langileen kasuan, programarako odol-ateratzeak REFENAren instalazioetan egiten ari zaizkie Iruñeko Eremuko profesionalei; Lizarra eta Tuterakoek, aldiz, Garcia Orcoyen eta Sofia Erregina Ospitaletara jo behar dute, hurrenez hurren. Laginak Nafarroako Ospitale Guneko Mikrobiologiako laborategian prozesatzen dira, egunean 1.500 eta 2.000 artean.
Osasun-langileei 10.000 PCR proba baino gehiago egin zaizkie
Profesionalak babesteko helburu berarekin, Osasun Departamentuak jada PCR probak egin dizkie Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideako langile guztiei; hots, koronabirusarekin bateragarriak diren sintomak izan dituztenei nahiz haien kontaktuei, eta plan hori SEPROSANArekin batera mantenduko da.
Horrez gain, proba bera egin zaie eragin-arriskuan egon diren langile guztiei, norbera babesteko ekipamenduak erabiltzeagatik alerta-motaren batekin, edo, prebentzio gisa, COVID-19a zuten pazienteekin zona batean lanean aritu ondoren, patologia hori ez zutenen beste zona batera igarotzeagatik.
Guztira, 10.059 PCR egin zaizkie Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideako 7.626 profesionali, plantilla osoa osatzen duten 11.417 pertsonatatik; beraz, horrek esan nahi du, uneren batean, koronabirusarekiko kontaktu posiblea egiaztatu dela osasun profesional publikoen bi herenaren kasuan.
Era berean, profesional soziosanitarioei dagokienez, PCR proba egin zaie sintomak izan dituzten langile guztiei nahiz COVID-19aren emaitza positiboa izan duten egoiliarrekin harreman estua izan dutenei.
Programaren garapena
SEPROSANA programak bi fase ditu, eta bata ekainean garatuko da eta bestea udazkenean. Edukia uneko egoera epidemiologikora egokituko da.
Zehazki, lehen fasean, antigorputzak detektatzeko test serologikoa egingo zaio profesional bakoitzari ELISA teknikaren bitartez (fidagarritasun-maila altuko proba), koronabirusarekin harremanetan egon den eta antigorputzak garatu dituen jakiteko. Proba honek koronabirusaren antigorputzak odolean detektatzeko aukera ematen du, IgM motakoak (agertzen lehenak eta infekzioa aktibo dagoela iradoki dezaketenak) nahiz IgG motakoak (beranduago agertzen direnak eta inmunitatearen garapenarekin lotzen direnak).
Lortutako emaitzaren arabera, hau da, antigorputzen analisiak adierazten badu koronabirus bidezko infekzioa fase akutuan egon daitekeela une horretan, profesionalari PCR proba egingo zaio, hori baieztatzeko. Era horretan, osasun langileen eta langile soziosanitarioen artean birusaren prebalentziaren ikuspegi fidagarria lortuko litzateke, tresna diagnostikoak modu eraginkorrean erabiltzearekin batera. Ildo horretan, adierazi behar da guztira egindako PCR proben gaineko positiboen portzentajea nabarmen jaitsi dela pandemia gailurrean egon zenetik, biztanleriaren artean nahiz osasun-profesionalei egindako probetan; hortaz, Osasun Departamentuak adierazitakoaren arabera, egungo egoeran, PCR probak masiboki egiteak ez luke hasiera batean emaitza nabarmenik emango eragin epidemiologikoaren ikuspegitik.