Descárgate la app
Memoria historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Tekniko berria eratu da
2020ko ekainaren 3a
Memoria Historikoaren Arloko Koordinazio Batzorde Tekniko berria eratu da
Memoria Historikoaren Arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak legegintzaldiko lehen bilera egin du gaur goizean, eta bertan eratu da. Gainera, 2020-23 Nafarroa Suspertu Planaren ildo estrategikoak aurkeztu dira, bai eta Nafarroako Memoriaren Institutuak azken hilabeteetan egindako jarduera nagusiak ere.
Batzorde berriaren buru Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria den Ana Ollo izango da, eta kideak honako hauek izango dira: Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendari nagusia, Martín Zabalza; Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendaria, José Miguel Gastón; Jabi Arakama eta Pedro Rascón (Nafarroako Parlamentuaren ordezkari gisa); Josetxo Arbizu, AFFNA-36-koa eta Gotzon Garmendia, Amapola del Caminokoa (elkarte memorialista nagusien ordezkari gisa); Eloísa Ramírez (NUPeko ordezkari gisa), Francisco Javier Caspistegui (Nafarroako Unibertsitateko ordezkari gisa), David Alvarez, Jesús Sesma eta Jesús Lacalle.
Bileran zehar, Ollo kontseilariak Nafarroa Suspertu 2020-23 Planaren ildo estrategiko nagusiak nahiz Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak Memoriaren inguruan egindako ekarpenak aurkeztu dizkie batzordeko kide berriei. Tartean, kontseilariak nabarmendu du memoria historikoa zabaltzeko sarea sortu dela, Nafarroa bisitatzen duten pertsonei zuzendua, tokiko elementuen bidez; hala nola, memoriaren lekuak, ibilbideak, hobiak eta hobitik ateratzeak. Era berean, Memoriadun Eskolak programa formatu ez presentzialera egokitu dela adierazi du, senitartekoekin solasaldiak, lekukotzak eta topaketak eskainiz, erreminta digitalen bidez. Kontseilariak, halaber, Nafarroako Memoriaren Institutuaren Dokumentazio Zentroa bultzatu dutela aipatu du, edukiak eta elkarrizketak digitalizatzen jarraitzeko edo errealitate areagotuko proiektua sortzeko, Nafarroako Memoria historikoaren leku ezberdinetan oinarrituta.
Jardueren gaineko balantzea
Batzordean, Nafarroako Memoriaren Institutuak azken hilabeteetan egindako jardueren balantzea ere aurkeztu dute, erakundeak 2020an landuko dituen proiektuekin batera.
Institutuko Dokumentazio Zentroari dagokionean, Batzordeko kide berriek dokumentazioa digitalizatzeko burututako lanak ezagutu dituzte, eta eremu nazietara deportatutako nafarren lehen errolda, Oroibidea online bilatzailea edo 150 elkarrizketa baino gehiagoren transkripzio- eta indexazio-lanaren berri ere izan dute.