2020ko maiatzaren 30a

Osasun departamentuak deseskalatzean erretzeari uztera animatu du, biriketako minbiziaren heriotzen %80 eragiten baitu

Gazteen artean tabakoaren kontsumorako bestelako aukerak bultzatzeko industriek erabiltzen dituzten estrategien aurka OME-k bultzatutako kanpainarekin bat egin du
OMEk prestatutako kartelaren irudia. 
OMEk prestatutako kartelaren irudia.   Deskargatu irudia Irudi galeria

Osasun Departamentuko Nafarroako Osasun Publiko eta Lan Osasuneko Institutuak (NOPLOI), bihar, maiatzak 31, bat egingo du Tabakorik Gabeko Munduko Egunarekin. Jardunaldia Deseskalatze Planaren 2. Fasearen baitan, ekintza eta zerbitzuak berreskuratzen ari diren unean, gauzatuko da. Hala, erretzeak COVID-19aren aurrean dituen arriskuak kontuan hartuta, erretzeari uztera animatu du NOPLOI-k nafar gizartea.  

Tabakoaren kontsumoak gaixotasunaren eta heriotzaren arrazoi nagusi izaten jarraitzen du. Biriketako minbizia bidezko heriotzen %80arekin ez ezik, EPOC, diabetesa edo gaixotasun kardiobaskularrak bezalako beste gaixotasun kronikoekin ere lotzen da. Nafarroan, biriketako minbiziaren 400 kasu diagnostikatzen dira urtean batez beste, eta %80 baino gehiago tabakismoak eragindakoak dira, Nafarroako tabakismoari eta biriketako minbiziari buruzko txostenean (2018an argitaratua) zehaztutakoaren arabera. 

Erretzeari uzteak ahalegina eskatzen du, baina merezi du. Batzuek une egoki bat bilatu eta beren kabuz edo lagunen edo senitartekoen laguntzarekin uzten dute. Baina laguntza profesionala behar dutenentzat, Nafarroako Osasun Zerbitzuak-Osasunbideak erretzeari uzten laguntzeko modu ezberdinak eskaintzen ditu.

NOPLOIk, prebentzioa azpimarratuz, bat egin du aurten OMEk Tabakorik Gabeko Munduko Egunean sustatutako kanpainarekin, tabako-industriak eta horren inguruko beste industria batzuek belaunaldi berria haien produktuetara lotzeko erabiltzen dituzten estrategien aurka.

Erretzaileek arnas infekzioak izateko arrisku handiagoa dute

Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroak (CDC, ingeleseko siglen arabera) erretzeko ohitura duen pertsona batek COVID-19aren gaixotasun larria izateko arrisku handiagoa duela dio.

Bestalde, tabakoak lesioak eragiten ditu biriketan nahiz sistema inmunean; beraz, erretzaileek oro har arnas infekzioak errazago harrapa ditzakete.

Nafarroako kopuruak

Nafarroan, azken hogei urtetan, beheranzko joera izan da tabakoaren kontsumoan, Espainia osoan gertatu den bezala. Nafarroako azken Inkesta Sozialaren eta Bizi Baldintzen Inkesten arabera (2017koa eta Nafarroako Estatistika Institutuak, NASTATek, egina), egunero erretzen duten pertsonen kopurua 15 urteko eta hortik gorako biztanleen taldean %19,5ekoa da (%24,4 gizonak eta %14,6 emakumeak). Baina eguneroko kontsumoan nagusi dira 35 urte eta 49 urte artekoak nahiz gizarte-talde eta hezkuntza-talde ahulenak.

Gainera, Bigarren Hezkuntzako Zentroetan Drogak Erabiltzeari buruzko azken inkestaren  arabera (ESTUDES 2018-2019), 14 eta 18 urte arteko ikasleei dagokienez, tabakoaren kontsumoa %10,1ekoa da, Espainia osoko kopuruaren antzekoa. Talde horretan erretzen hasteko adina atzeratu egin da 13 urtetik 14 urtera 2006-2019 denboraldian. Erretzeko modu berriei erreparatuta (adibidez, zigarro elektronikoa), 10 ikasletatik 4k bere bizitzan noizbait erre du era horietako gailuekin.

Erretzeari uzteko laguntzak 4.500 pertsona baino gehiagorentzat 2019. urtean

Nafarroak Foru Ekintza Plana bultzatu zuen 2001. urtean Tabakoaren inguruan, eta horrek aurrera jarraitu eta lanerako hiru ildo kontuan hartzen ditu: Erretzeari Uzteko Laguntza Programa (EULP), kontsumitzen hastearen prebentzioa eta kerik gabeko espazioak.

EULP Osasun Publikoaren, Lehen Arretaren eta Osasun Departamentuko Farmazia Zuzendariordetzaren arteko lankidetzaren bidez sortutako programa da, eta erretzeari uzteko laguntza eskaintzen du Nafarroako osasun-zentro guztietan, banako kontsultan nahiz taldeko laguntzaren baitan. Programa etengabe eguneratzen da. 2019 eta 2020 artean, 26 osasun-zentrok eta 318 profesionalek jaso dute prestakuntza, protokoloak eguneratu dira, eta profesionalentzat material grafikoa prestatu da.

Laguntza farmakologikoari dagokionean, Foru Komunitatea aitzindaria izan zen Espainian, 2017. urtearen amaiera aldera, tabakoa erretzeari uzteko sendagaien finantzaketa gainerako botiken baldintza berberetan berriro sartu baitzen. Finantzatutako sendagaien artean nikotinazko partxeak, bupropion eta vareniclina aurkitzen dira, eta lehen aukerako tratamendu gisa partxeak gomendatzen dira.

2019. urtean, Erretzeari Uzteko Laguntza Programan guztira 4.555 pertsonak hartu zuten parte (2.372 gizonek eta 2.183 emakumek). Adin-tarte ohikoenak 50 eta 64 urte artekoak izan ziren (1.879 parte-hartzaile) eta 35 eta 49 urte artekoak (1.724). Parte-hartzaile guztietatik, %55ak 18.000 eurotik beherako errenta-maila zuen.

Erretzeari uztean, osasunerako onurak lortzen dira epe laburrean, ordu gutxiren bueltan hasten baitira, eta 2 astera hobekuntzak nabaritzen dira zirkulazioan eta biriken funtzioan, baita epe ertain eta luzera ere.

Prebentzioa hasieran: tabakorik gabeko belaunaldiaren alde

Bestalde, OMEren aurtengo kanpainaren gakoetako bat da gazteriari dei egitea tabakorik gabeko belaunaldia izan dadin. Kanpainaren helburua da gazteria industriaren manipulaziotik babestea eta tabakoa eta nikotina erretzea saihestea.

Tabako-industriaren eta belaunaldi gazteagoak erakartzeko bestelako industrien estrategien artean honako hauek aurkitzen dira OMEk adierazitakoaren arabera: nerabeentzako zapore erakargarriak sartzea kerik gabeko tabako-produktuetan, shisha eta zigarro elektronikoak, tabako-produktuak sustatzea gazteentzako ekitaldi herrikoietan, sare sozialak erabiltzea eta eragina duten pertsonei ordaintzea tabako eta lurrun produktu jakin batzuk sustatu ditzaten.

Terrazetan kerik gabeko espazioak sustatzea

Azkenik, Tabakoari buruzko Foru Ekintza Planaren hirugarren jarduera-ildoa da kerik gabeko espazioak sustatzea. Kearen aurrean egoteak biriketako minbizia, bihotzeko gaixotasunak, iktusa eta bularreko haurraren bat-bateko heriotza eragiten ditu. Halaber, zigarro elektronikoen aerosolak toxikoak dituenez, tabakoaren ketzat hartu behar litzateke.

Beraz, ezinbestekoa da pertsonak tabakoaren kearen eta zigarro elektronikoen lurrunaren eraginpetik babestea. Hori dela-eta, deseskalatze-fase honetan, NOPLOIk gogorarazi nahi du indarrean den legedia errespetatu behar dela. Horrez gain, terrazak kerik gabeko espazioak izatea sustatzen du, zigarrorik eta lurrunik gabeak. NOPLOIk biztanleria kerik gabeko normaltasun berria eraikitzera bultzatu nahi du.