2020ko maiatzaren 29a

Chivitek Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluari eskatu dio batasuna eta erantzunkidetasuna oinarri hartuta lan egin dezala Nafarroa suspertu Planean

Kontseiluak, besteak beste, CENek, UGTk eta CCOOk egindako proposamenei heldu die
Bileraren irudia.
Bileraren irudia.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak, Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren bileran,  Nafarroa Suspertu Planean batasuna eta erantzunkidetasuna lantzeko eskatu du. Plan hori parte-hartze publikoko prozesuan dago, eta CENek, UGTk eta CCOOk ekarpenak egin dituzte dagoeneko, gaur foro horren esparruan azaldu dutenez.

Chivitek gogoratu du planak neurriak izango dituela epe laburrean, baina legegintzaldiko proiektua izatea nahi duela. Halaber, esan du krisia zenbait prozesu edo erabaki bizkortzen ari dela; hots, egiteko edo hartzeko zeudenak edota modu hasi berrian edo beste abiadura batean aurre egiten ari zirenak. Haren hitzetan, “plan honetara eta politika publiko zein enpresa-arlokoetara eraman beharreko hiru erronka nuklear ditugu: berrikuntza, digitalizazioa eta iraunkortasuna. Gobernuak ardatz horiekiko konpromisoa izateaz gain, Europako estrategiarekin bat eginda dago”.  

Maria Chivite buru izan duen bileran, Nafarroako Gobernuko honako hauek izan dira: Elma Saiz, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria; Manu Ayerdi, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria; Carmen Maeztu, Eskubide Sozialetako kontseilaria; eta Miriam Martón, Nafarroako Enplegu Zerbitzu - Nafar Lansareko kudeatzailea.

Nafarroako Enpresarien Konfederaziotik, Juan Miguel Sucunza, lehendakaria, eta Carlos Fernández Valdivielso, idazkari nagusia, etorri dira. UGTko ordezkari gisa, berriz, Jesús Santos, idazkari nagusia, eta Marisol Vicente, Berdintasunerako eta Gizarte Politiketarako idazkaria. CCOOren izenean, Chechu Rodríguez, idazkari nagusia, eta Alfredo Sanz, Prestakuntza eta Enpleguko idazkaria, bildu dira.

Kontseiluaren idazkari-lanetan Javier Zubicoa aritu da, Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuko zuzendaria.

Erantzunkidetasun sozialeko ariketa

Lehendakariak adierazi du beharrezkoa dela “erantzunkidetasun soziala izatea gastua nabarmen gehitzen ari den krisian, diru-bilketan inpaktua oso handia izanik. Horrek zorpetzera eramango gaituenez, ahalegin partekatua egin behar da, elkartasunekoa eta elkarrekin lan egitekoa”. Ildo horretan, honela azpimarratu du: “ez dugu krisi honetatik atera nahi eta ez dugu atera behar aurrekotik bezala; hori dela-eta, enplegu duinean, balioan eta kalitatean jarriko dugu arreta; baita, ongizateko ereduaren euskarri izango den hazkunde-eredu berritzailean ere, krisitik irabazleekin eta galtzaileekin eta zerbitzu publikoak edo babes soziala gutxiagotuta edo deseginda ez irteteko”.

María Chivitek CEN, UGT eta CCOOri adierazi die, planean lan egiteaz gain, elkarrizketa soziala landu behar dutela, Enplegu Lanean aurrera jarraituko duen lan-eredu baliagarria izateagatik, errealitate berrira egokitua. Lehendakariak eskerrak eman ditu egindako ekarpenengatik, eta aurreratu die, Gobernuan jasotzen ari diren guztiekin egiten den moduan, aztertu eta analizatu egingo dituztela, Nafarroa Suspertu Planeko neurri-multzoa eraikitzeko, Gobernuaren, erakundeen eta gizarte zibilaren arteko parte- hartze prozesuaren emaitza gisa.