Descárgate la app
Datorren astelehenean hasiko da Nafarroako Gobernuaren liburutegi, museo eta artxiboen berrirekitze mailakatua
2020ko maiatzaren 22a
Datorren astelehenean hasiko da Nafarroako Gobernuaren liburutegi, museo eta artxiboen berrirekitze mailakatua
Segurtasun neurriak eta protokoloak ezarri ondoren, Nafarroako Gobernuaren kultur guneek pixkanaka eta partzialki ekingo diote jendearentzako arretari. Prozesua astelehen honetan, hilak 25, hasiko da, Nafarroako Artxibo Garaikidearen irekierarekin, eta ekainaren 2an amaituko da, museoetarako bisitei berriro ekiten zaienean.
Nafarroako Artxibo Garaikideaz gain, datorren astelehenetik aurrera, liburutegi guztiek irekiko dituzte postontziak edo eraikinetan jarritako espazioak maileguan emandako obrak uzteko. Kasu bakoitzean, erabiltzaileei nola jokatu behar duten esango zaie osasunaren eta higienearen inguruko baldintzak betetzeko. Ildo horretan, osasun-agintariek erabaki dute herritarrekin kontaktuan egon diren aleek hamalau egunez isolatuta egon beharko dutela berriro maileguan utzi baino lehen.
Liburuen mailegua, hilaren 28tik aurrera Nafarroako Liburutegian
Maiatzaren 28an (osteguna), Iruñako Mendebaldea auzoan dagoen Nafarroako Liburutegiak mailegu-zerbitzua abian jarriko du aurretiko hitzorduarekin. Era berean, liburutegiko dokumentuak soilik kontsultatu ahal izango dira aretoan, gehienez ere edukieraren herena errespetatuta.
Nafarroako Liburutegian, liburuak itzultzeko postontzia eguneko 24 ordutan erabili ahal izango da. Bestalde, Nafarroako Filmotekaren leihatilak Liburutegiaren ohiko ordutegian irekita egongo dira. Maileguetarako, arreta-postua jarri da sarrerako hallean, eta aurretiko hitzordua hartu ahal izango da bibliotecadenavarra@navarra.es posta elektronikora idatzita edo 848 427 797 telefonora deituta. Halaber, internet bidez eskatu ahal izango da aldez aurretiko zita Nafarroako liburutegien sareko katalogoko ‘Nire Liburutegia’ atalean. Hitzordua edozein sistematan eskatuta ere, erabiltzaileari esango diote noiz joan ahal izango duen maileguan aurretik eskatutako liburuak hartzera.
Dokumentuak itzultzeko epeak eta kopurua bere horretan mantenduko dira txartel batekin maileguan aldi berean izateko; hau da, hiru liburu hogeita bat egunetan zehar eta lau ikus-entzunezko zazpi egunetan.
Ekainaren 1etik aurrera sareko beste 70 liburutegitan abian jarriko da aldez aurretiko hitzorduarekin mailegutza egiteko zerbitzua. Mailegua murrizketa batzuekin egingo da langileen bitartez. Haurrentzako aretoak, funtsetarako zuzeneko sarbidea eta ikasteko gelak eta ordenagailuenak (Interneteko konexioa dutenak) hurrengo etapetan erabili ahal izango dira.
Museoetara bisitak
Foruaren titulartasuneko bi museoek, Nafarroako Museoak eta Karlismoaren Museoak, eta Jorge Oteiza Museo Fundazioak ekainaren 2an (asteartea) berriro ateak irekiko dituzte herritarrentzat.
Lehen bi astetan, Nafarroako Museoan, behe solairuan eta kaperan dauden aldi baterako erakusketak eta Historiaurreko gela bisitatu ahal izango dira. Halaber, terrazarako sarrera irekita egongo da. Ekainaren 16tik aurrera, berriz, erakusketa iraunkorreko aretoak irekiko dira. Modu horretan, protokoloen funtzionamendu egokia testatzeaz gain, bisitarien eta langileen segurtasuna bermatu nahi da.
Bestalde, Karlismoaren Museoak nahiz Jorge Oteiza Museo Fundazioak areto guztiak irekiko dituzte ekainaren 2tik aurrera. Hiru museotako programa publikoak aurrerago jorratuko dira, aplikatu beharreko formatu eta babes-neurriekin.
Museoak ohiko ordutegian bisitatu ahal izango dira, baina bisitatzeko ezarritako segurtasun-neurrien artean ondorengoak bete beharko dira: seinaleen bidez adierazitako joan-etorriko ibilbideak egitea, aretoetan jende-kopuru mugatu bat izatea, informazioa gailu mugikorretan deskargatzea liburuxkak eta orriak ez banatzeko, eskuak garbitzea eta pertsonen artean bi metroko distantzia mantentzea.
Liburutegi espezializatuak eta museoetako dokumentazio-zentroak eta artxiboak aurrez aurre kontsultatu ahal izango dira ekainaren 1etik aurrera aldez aurretiko hitzorduarekin eta foru titulartasuneko liburutegi eta artxiboetarako ezarritako protokolo berak aplikatuta.
Uharteko Arte Garaikidearen Zentroari dagokionean, astelehenetik (maiatzak 25) aurrera, egonaldi bat duten artistek beren lan-eremura joan ahal izango dute; ekoizpen-laborategietara sartzeko, aldiz, aldez aurretiko hitzordua beharko da, eta ekainaren 1etik aurrera sartu ahal izango da.
Arreta presentziala artxiboetan
Kultur espazioak berriro irekitzeko plan honetan, Cordovillan kokatutako Nafarroako Artxibo Garaikidearen ateak maiatzaren 25ean, astelehenean, irekiko dira. Bestalde, Nafarroako Errege Artxibo Nagusia ikertzaileentzat ekainaren 1etik aurrera hasiko da lanean. Bi kasuetan, arreta aldez aurretiko hitzorduaren bitartez egingo da.
Arreta-ordutegia 8:30etik 14:30era bitartekoa izango da. Nafarroako Artxibo Garaikidean lau ikertzaile hartuko dira eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusian hamar. Saio bakoitzeko gehienez hamar kaxa kontsultatu ahal izango dituzte. Ezarritako segurtasun-neurrien artean, hamar eguneko berrogeialdia aplikatuko zaie kontsultatuko materialei. Horrez gain, erabiltzaileek maskara eraman beharko dute, eta artxiboetarako sarreretan soluzio hidroalkoholikoak nahiz higienerako bestelako elementuak eskura izango dituzte.
Nafarroako Artxibo Garaikiderako aldez aurretiko hitzordua hartzeko, 848 429 727 telefonora deitu edo archivo.administracion.consultas@navarra.es posta elektronikora idatzi behar da; Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko bideak, berriz, hauek dira: 848 424 667 telefono-zenbakia edota archivogeneral@navarra.es helbidea.
Irekieren laburpena egunaren arabera
Maiatzak 25: Nafarroako Artxibo Garaikidea irekiko da aldez aurretiko hitzorduarekin, eta liburutegietan materiala itzultzeko postontziak ere bai.
Maiatzak 28: maileguak aurretiko hitzorduarekin Nafarroako Liburutegian eta kontsulta-aretoaren erabilera mugatua.
Ekainak 1: Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren irekiera aurretiko hitzorduarekin, eta mailegu-zerbitzua baita ere aurretiko hitzorduarekin Nafarroako 70 liburutegitan.
Ekainak 2: Nafarroako Museoa (areto batzuk bakarrik), Karlismoaren Museoa eta Jorge Oteiza Museo Fundazioa irekiko dira.
Ekainak 16: Nafarroako Museoko erakusketa iraunkorreko aretoak irekiko dira.