2020ko maiatzaren 8a

Eskubide Sozialetako Departamentuak egoitzak konpentsatuko ditu Covid-19k eragindako langileen aparteko gastuagatik

Guztiek izan beharko dute kontingentzia-plan bat, gaixotasunaren balizko agerraldiak saihesteko

Eskubide Sozialetako Departamentuak 2,3 milioi euro bideratuko ditu itunpeko plazak dituzten egoitza-zentroetara, kontratatu behar izan diren langileen gainkostua konpentsatzeko, zerbitzuak indartzeko, kasu batzuetan, eta bajak ordezteko, beste batzuetan. Funts horietatik 1,1 milioi euro Estatuak jarriko  ditu, Gizarte Eskubideen Ministerioak autonomia-erkidegoentzat hitzartutako aparteko funtsaren barruan. Nafarroako Gobernuak, berriz, gainerakoa emango du, 1,2 milioi euro. Adinekoen egoitzetan, ezintasunetan, buruko nahasmenduetan eta adingabeen zentroetan aplikatuko da neurri hori.

Modu horretan, egoitza-zentroekiko kontratuetan aurreikusitakoa baino zenbateko handiagoa ordainduko da, kontratu horietarako hasiera batean kalkulatutako absentismo-portzentajea doituaz, egungo egoeraren aurrean eta COVID-19a medio laneko bajak gehitzeagatik. Kostu berria kalkulatzeko, adinekoen, desgaituen, buruko nahasmendu larrikoen zentroetan eta adingabeen baliabideetan batez besteko absentismoaren igoera aurreikusi da.

“Erabiltzaileei arreta egokia ematen eta hobetzen jarraitzeaz gain, zerbitzuak normaltasunez ematea bermatu nahi dugu”, nabarmendu du Mª Carmen Maeztu kontseilariak. “Guztiok ari gara aparteko ahalegina egiten, eta, ezbairik gabe, hori kontuan izan behar da”, adierazi du.

Bestalde, neurri horren berri eman zaie jada adinekoen egoitzak ordezkatzen dituzten bi plataforma nagusiri, LARES eta ANEA, atzo bertan Maeztu kontseilariarekin egindako bileran, beste agente batzuen artean, sektoreko elkarte ordezkariekin dituzten ohiko kontaktuen eta luzatuko direnen barruan.

Bileran, halaber, adinekoen zentroetan "deseskalatzea" modu koordinatuan lantzea adostu zuten, eta, normaltasun berria berreskuratzeko prozesuan pandemiak gora eginda ere, prebentzio-neurri gisa zentroek prestatu beharko duten kontingentzia-planaz aritu ziren,

Osasun Arreta Antolatzeko Unitatea

Bestalde, jada abian da Osasun Arreta Antolatzeko Unitate berria egoitza-zentro soziosanitarioetan. COVID-19aren osasun-krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko Nafarroako Gobernuak onartutako larrialdiko neurrien paketean sartzen da unitatea.

Unitatea Osasun Departamentuko Lehen Arretako Kudeatzailetzaren mendekoa da, eta Osasun eta Eskubide Sozialetako Departamentuetako profesionalek osatzen dute. Unitatearen jarduera-eremua foru-lurralde osoa da.

Unitatearen helburua da egoitzetan kalitatezko osasun-arreta bermatzea, pandemiaren efektuak mugatuaz zentro horietako erabiltzaileen artean, ondoren, funtsezko pieza moduan finkatzeko bitarteko komunitario soziosanitarioaren arreta koordinatzerakoan. Horren erantzukizuna Lehen Arretak izango du, beti arreta-prozesuan esku hartzen duten gainerako agenteekin koordinatuta.

Unitateak sare-lana egingo du, eta egoitza-zentro bakoitzean erreferentziazko pertsona bat edukiko du.