2020ko maiatzaren 7a

Iktusen edo bihotzekoen sintoma arinen aurrean berehalako arreta jasotzearen garrantzia gogorarazi du Osasun Departamentuak

COVID-19 pandemia dela-eta, sintoma arin horiek izan dituzten gehiengoek ez dute larrialdi zerbitzuetara jo, eta hala, balorazioa osasun-etxeetan gauzatu da, zenbait kasutan beranduegi

Iktusaren edo bihotzekoen sintoma arinak sumatzen dituzten pertsonek berehalako arreta jasotzeak duen garrantzia gogorarazi du Osasun Departamentuak, eta hala, horiek sentitu orduko 112 larrialdi zerbitzuarekin harremanetan jartzeko gomendioa luzatu dute. Nafarroako Ospitale Guneak (NOG) COVID-19 pandemiaren baitan kasu arin gehienak larrialdi zerbitzuetara ez direla heldu atzeman du, eta hala, beharrezkoa den arreta osasun etxeetan gauzatu da, eta zenbait kasutan, beranduegi. 

Hori dela eta, garrantzitsua da bi patologien sintomak oroitaraztea. Iktusaren adierazleak izan daitezke, besteak beste, aho-ertza okertzea, hitz egiteko zailtasunak izatea edo gorputz-zati batean (beso bat, hanka bat, edo biak) ahultasuna sentitzea. Bihotzekoaren kasuan, sintomarik usuenak toraxeko oinazea eta opresioa dira, batzuetan besoetara eta lepora hedatzen direnak, ondoez sentsazio biziarekin batera.

Iktusarenak edo bihotzekoarenak izan litezkeen sintomak agertuz gero, inola ere ez da itxaron behar ea horiek desagertzen diren. Hoberena larrialdi-zerbitzuari (112) berehala jakinaraztea da, artatzen zaituen medikuak erabaki dezan lehentasunezkoa ote den ospitale batera joatea, baita gaur egun dugun larrialdi-egoeran ere, lehenbailehen arreta jaso eta ondorioak saihesteko.   

Nafarroan iktusa da lehenbiziko heriotza-arrazoia emakumezkoen artean eta bigarrena gizonezkoengan, eta bihotzekoa hilkortasun handiko patologia da, COVID-19 infekzioa bainoago. Bi gaitzetan denborarekiko menpekotasuna dago, horregatik hil edo bizikoa da ahalik eta denbora laburrenean tratamendu egokiak ematea, ondorio txarrak  saihesteko, edo ahalik eta txikienak izan daitezen. 

Nuria Aymerich eta Javier Martínez Basterra doktoreek, hurrenez hurren iktusaren eta bihotzekoaren Kodeen arduradunek azaldu dutenez, azken hilabete eta erdian ohartu dira bihotzeko eta iktus larriak dituztenek ospitaleetara jotzen dutela eta tratamendu egokiaren onurak jasotzen dituztela oraindik, baina ez, ordea, kasu arinagoak jasaten dituztenek. Horiek ez dira ospitale-zerbitzuetara iritsi, edo beranduago eta era anbulatorioan baloratuak izan dira.     

Antza denez, eta espezialista horien esanetan, ospitalean COVID-19az kutsatzeko beldurrak eragiten du gaixo-kopuru esanguratsu bat etxean geratzea patologia larri horiek dituen bitartean, osasun-arretarik gabe, eta sintomak oso larriak direnean soilik joaten dira larrialdi-zerbitzuetara. Horregatik da garrantzitsua herritarrek iktusaren eta bihotzekoaren sintomak ezagutzea, eta albait azkarren joatea larrialdi-zerbitzuetara.  

Iktusa baloratzeko premia, nahiz eta arina izan

Aymerich eta Martínez Basterra doktoreek azpimarratu dute sintoma arinak edo iragankorrak lehenbailehen baloratzea ere garrantzitsua dela, zeren, gaixoek askotan fase akutuan tratamendurik jasoko ez badute ere, sintomak zerk eragiten dituen ahalik eta lasterren jakiteak aukera ematen baitu tratamendu egokiena zein den erabaki eta sintoma horiek modu larriagoan errepikatzea saihesteko.

Burmuinera doan odol-jarioa bat-batean aldatzean sorturiko osasun-arazoa da iktusa. Tronbo batek arteria bat buxatu duelako gerta daiteke (iktus iskemikoa), edo odol-hodi bat apurtu eta hemorragia gertatu delako (iktus hemorragikoa). Horrek kaltea eragiten du burmuinean, maiz atzeraezina.  

Azken urteotan aitzinapauso handiak egin dira iktus iskemikoen kasuan (iktus guztien %80, gutxi gorabehera) tratamendu eraginkorrak aplikatzen ahal izateko eta burmuinak jasandako kaltea eta, beraz, ondorio iraunkorrak gutxitzeko (mugikortasuna murriztea, adierazteko gaitasuna eta hizkuntz ulermena aldatzea; aldaketa kognitiboak memoriari, arretari eta kontzentrazioari dagokienez; aldaketak ikusmenean, etab). Era horretan, gaixoen bizi-kalitatea hobetu eta biziraupena handitzen da.

“Tratamenduak eraginkorrak izateko era bakarra da, azaldu du Aymerich doktoreak, oso azkar aplikatzea behin burmuin-arteria bat buxatu eta sintomak eraginez gero, buxadurak burmuinari egiten dion kaltea atzeraezina izan baino lehen. Horren zergatia da burmuineko kalte konponezina ez dela gertatzen arteria buxatu eta berehala, ordu batzuk geroago baizik, denbora-tarte horretan eta lehenbailehen ekinez gero, kalte hori gertatzea eragotziko dugu”.

“Ohiko hutsegitea da, gaineratu du Aymerich doktoreak, ohean sartzea edo sintomak desagertzeko zain egotea, eta medikuari hurrengo egunera arte ez kontsultatzea. Sintomak denbora laburrean arintzen direnean ere larrialdi-zerbitzuetara joan beharra dago premiazko azterketa egitera, horren bitartez ebazteko berriz gertatzeko arriskua oso handia edo txikia den”. Emaitzaren arabera, gaixoak Iktusen Unitatean geratu beharko du, edo lehentasunezko arreta anbulatorioa emanen zaio burmuineko patologia baskularreko kontsultategian.

Bularreko anginagatik artatutako gaixo gutxiago

Bere aldetik, bihotzekoaren Kodearen arduradunak, Martínez Basterra doktoreak, Espainiako Kardiologia Elkarteak argitaraturiko datuen berri eman du; horien arabera, pandemia-aldian %40 gutxitu da Estatuan bihotzekoei ematen zaien arreta. “Nafarroako kasuak berrikusi genituen pandemiaren lehen asteetan eta bihotzekoei dagokienez ez genuen alde handirik sumatu iazkoarekiko, baina ospitaleratze- eta arreta-kopuruaren beherakada agerikoa izan da bularreko anginen kasuan; horiek sintoma arinagoak izan ohi dituzte”. 

Martínez Basterrak azpimarratu du garrantzitsua dela bihotzekoa garaiz tratatzea, baita gaur egungo egoeran ere. “Bihotzekoa, adierazi du bihotzekoaren Kodearen arduradunak, hilkortasun handiko patologia da, koronabirusak eraginiko infekzioarena baino handiagokoa, eta garaiz tratatu beharra dago arritmia gaiztoekin zerikusia duen heriotza goiztiarreko probabilitatea jaisteko, baita epe ertain-luzean konplikazioak agertzeko eta hilkortasuna handitzeko probabilitatea ere”.