Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak 17,3 milioi euroko gastua onartu du nazioarteko lankidetza-ekintzak egiteko datozen hiru urteetan herrialde txirotuetan
2020ko maiatzaren 6a
Nafarroako Gobernuak 17,3 milioi euroko gastua onartu du nazioarteko lankidetza-ekintzak egiteko datozen hiru urteetan herrialde txirotuetan
Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, hainbat urtetarako gastu-konpromisoa onartu du datozen hiru urteetan nazioarteko lankidetza-ekintzak burutzeko herrialde txirotuetan, guztira 17.328.508 euroren truke.
Funts horiek Eskubide Sozialetako Departamentuak kudeatzen ditu, eta era honetan banatuko dira: 10.128.508 euro 2020ko GGKErako diru-laguntzen deialdirako izango dira, mikroekintza, proiektu eta programen modalitateetan; beste 7,2 milioi euro, berriz, 2021 eta 2022 urteetarako konprometitutako aurrekonturako izango dira, urte anitzeko programen modalitatean.
Helburua da pobreziaren aurka borrokatzea eta giza garapen iraunkorra sustatzea, garapen bidean dauden herrialdeetako biztanle behartsu eta ahulenen artean, Nafarroako GGKEk egindako ekintzen bitartez.
Gobernuak lehentasuna eman nahi izan dio diru-laguntza horiek izapidetzeari, COVID-19aren pandemiak planetako herrialde ahulenetan ere eragindako inpaktuari erantzuna eman ahal izateko.
Modu horretan, Nafarroako garapenerako lankidetzak bat egiten du koronabirusaren krisiari erantzuna emateko Espainiako lankidetza-estrategiarekin, duela bi aste autonomia erkidegoek adostutako moduan. Estrategiak funtsezko hiru lehentasun ditu: bizitzak salbatzea osasun sistema nazionalak indartuta, pertsona ahulenak babestea eta haien bizitzeko eskubideak eta bitartekoak berreskuratzea edota sistema sozio-ekonomikoak zaintzea, produkzio-ehuna berreskuratzea eta gobernagarritasuna indartzea.
Eskubide Sozialetako kontseilaria den Carmen Maeztuk ondorengoa nabarmendu du: “Covid-19aren munduko pandemiak zerbait erakutsi badu, hori da gero eta interdependienteagoak garela eta planetaren beste aldean gertatzen denak guri eragiten digula. Hori dela-eta, herrialde ahulenen osasuna eta ongizatea lortzea eta pobreziaren aurka borrokatzea gure gizartearen alde jokatzea ere bada”.
Nazioarteko lankidetzara bideratutako funtsak berreskuratzeko, 2020. urtean Nafarroako Gobernuaren aurrekontuaren %0,38 jarriko da Garapenerako Laguntza Ofizialerako (2019an %0,28koa izan zen). Gogoratu behar da, murrizketa-urteen ondoren, lankidetzak gutxieneko historikoa 2014an izan zuela, %0,14arekin.
2021ean eta 2022an konprometitutako funtsak hainbat urtetarako programetarako
Gaur onartutako neurriarekin, Gobernuak aurrekontua konprometitu du datozen bi urtetarako programen modalitatean, ekitaldi bakoitza 3,6 milioikoa izanik.
Lankidetza-programak esku-hartze modalitate bat dira, eta inpaktu handiagoa bilatzen dute jarduera-eremuan, ekarpen ekonomiko handiagoaren eta hiru urtera gauzatzearen bidez. Horrek ekintzen jarraipen eta iraunkortasun handiagoa ziurtatzen du.
Hainbat urtetarako programen modalitateaz gain, esku hartzeko beste bi instrumentu daude: urtebeteko "proiektuak", luzatzeko aukerarekin, eta "mikroekintzak", proiektuek baino denbora-tarte eta ekonomia-dimentsio txikiagoko jardueretarako.
Garapen bidean dauden herrialdeetan esku-hartze sozialak eta ekonomikoak hiru modalitateetan (programak, proiektuak eta mikroekintzak) egiteko diru-laguntzen deialdia laster argitaratuko da.
Neurri horiei esker, Nafarroako Gobernuak urratsak ematen ditu garapenerako lankidetza-arloan duen konpromisoa betetzeko, legegintzaldiaren amaieran %0,60a lortzeko helburuarekin. "Ahal denean" %0,7a lortu nahi du, eta, edonola ere, 2030 baino lehen, Garapen Iraunkorraren Helburuak lortzeko ezarritako denboraldia da-eta.