2020ko apirilaren 21a

Nafarroak COVID-19ren 96 kasu berri baieztatu ditu

1.190 pertsonak gaixotasuna gainditu dute eta 12 hil dira
Intervención de la consejera Santos Induráin en la rueda de prensa Irudi galeria

Azken egunean Nafarroan, COVID-19 96 kasu positibo berri erregistratu dira, hau da,% 2ko gehikuntza izan da, atzo arte metatutako kasu guztien gainetik. Nafarroako Foru Komunitatean kutsatutakoen kopurua 4.831 da.

Era horretan, Osasun Departamentuak hirukoiztu egin du Nafarroako Ospitale Gunetik koronabirusa identifikatzeko probak egiteko gaitasuna, eguneroko 400-500 probatik 1.400era pasako baitira. Orain arte 14.425 PCR egin dira, eta detektatzeko sistema fidagarri horretan aste honetan sartzea aurreikusten da sintomak dituzten kasu berriak, Lehen Arretara iristen direnak eta orain arte soilik irizpide klinikoarekin diagnostikatzen zirenak.

Aldi berean, Osasun Departamentuak laster eskainiko du Ministerioak igorritako antigorputzen test azkarrak egiteko aukera; alegia, test horiek egingo zaizkie bere garaian "kasu posibletzat" jotako 13.000 pertsona baino gehiagori, gaixotasunarekin bateragarriak ziren sintomak edo zantzuak izateagatik. Pertsona horiek jada bete dute isolamendu-aldia, eta alta ere eman zaie.

Antigorputzen 6.590 test azkar egin dira dagoeneko azken bi astetan. Test horiek erabiliko dira, halaber, arlo soziosanitarioan osasun-azterketa amaitzeko, prebalentzia handia izateagatik, eta osasun-arloko profesionalen sektorean sintomarik izan ez dutenei egiteko aukera aztertuko da; azken horiei dagokienez, PCRak areagotuko dira prebentzio gisa zenbait kasutan.

Azkenik, Nafarroak parte hartuko du baita ere Carlos III.a Institutuak bultzatutako seroprebalentziaren azterketan, eta 2.000 nafar baino gehiago hartuko dira biztanleriaren artetik inmunitatea neurtzeko. Osasun Departamentuaren arabera, “Trantsizio-deseskalatze faseari aurre egiteko funtsezko zenbait pieza dira parametro honen argazki ahalik eta doituena izatea; detektatzeko, zaintzeko eta segimendua egiteko sistema bat izatea gorakada berriak saihestearren; eta osasun-sistemaren erantzuteko gaitasuna finkatzea”.

Estrategia bat, hiru denbora eta lehentasunezko hiru publiko

Osasun Departamentuak azaldu duen moduan, Nafarroan kasuak detektatzeko sisteman “estrategia bakarra eduki dute, PCRetan, hiru denboratan eta hiru biztanleengan oinarritua, horietan hautematea lehenesteko”. Hain zuzen ere, osasun-langileak (eta funtsezko beste lanbide batzuk), arlo soziosanitarioa (egoitzak) eta gaixoak (Lehen Arreta eta ospitaleak) eta biztanleria oro har dira.

Osasun-krisiaren lehen fasean nahiz oraingoan eta hurrengoan, birusa identifikatzeko PCR probak “funtsezko ardatza” izan dira kasu berriak detektatzeko, “unearen eta protokoloen arabera, beste erreminta osagarri batzuekin batera, baliabideak izatearen eta epidemiaren bilakaeraren arabera”, berretsi du Osasun Departamentuak.

Nafarroako Ospitale Guneko mikrobiologiako laborategia, Majadahondako estatukoarekin eta herrialdeko beste ospitale handi batzuetakoekin batera, proba hori egiteko teknologia eta baliabide materialak eta giza baliabideak jarritako lehen laborategietako bat izan zen. Probak lau bat orduko tartean eta fidagarritasun altuarekin birusa badagoen edo ez berresten du. Nafarroako Unibertsitate Klinika, Nafarroako osasunaren sistema integratuan, egunero ekarpen "apalago" bat egiten ari da, Nafarroako kopuru osoari beste 1.300 PCR gehituta, Osasun Departamentuaren arabera.

Otsailaren amaieran oraindik posible zen PCRa eta kontaktuen mapa egitea kasuz kasu, baina transmisio komunitarioko beste eszenatoki batera igaro ondoren, proba hori kasu larrienetarako gorde zen; hots, ospitale-eremuak, osasun-arloko, arlo soziosanitarioko eta funtsezko hainbat sektoreko profesionalentzako detektatze goiztiarra eta biztanleria ahulagoa, bereziki egoitzetakoa, eta betiere sintomak izanik.

Etengabeko detektatze-prozesu honetan ateratzen diren positiboak "berretsitako kasuak" deitzen dira, eta egun 4.831 daude. NOGeko laborategiaren lanaz gain, Ospitalez Kanpoko Larrialdien Zerbitzuak laginak jasotzeko egindako lana funtsezkoa izan da etxebizitzetan eta egoitzetan nahiz Refenaren zirkuituan. Bestalde, COVID-19aren kasu susmagarri arinagoak (sintomak izateagatik) hasierako une horretan Lehen Arretan tratatu eta diagnostikatu ziren irizpide kliniko/epidemiologikoarekin, baina testaren baieztapenik gabe. Prebentzio eta laguntza gisa, isolamendu-neurriak hartzeaz gain, "kasu posibleak" izena hartu zuten; orain arte 13.000 baino gehiago izan dira.

Seroprebalentzia eta inmunitateari buruzko laginketa Nafarroako 2.000 lagun baino gehiagori

Bigarren fasean, epidemiaren egonkortzearekin, osasun-sistemaren gaineko presioaren modulazioarekin eta horniduren hornikuntza berriarekin, Osasun Departamentuak beste urrats bat ematea lortu du PCRen aldeko apustuan, eta NOGeko laborategiak proba-kopurua hirukoiztu ahal izatea lortu du; gainera, epe laburrean hazten jarraitzeko gaitasuna izango du.

Gainera, aparteko aukera bat ere badago, Ministerioak legez gaitua eta teknikoki bideragarria dena; izan ere, Nafarroan gutxienez beste hiru laborategi publiko (Nasertic eta Navarrabiomed) eta pribatu (Cima) daude, eta pasa den astean Carlos III.a Institutuak homologatzeko prozesua izapidetu zuten, Osasun Departamentuaren oniritziarekin.

Aldi berean, antigorputz guztiak detektatzen dituzten test "azkarrak" deitzen direnak igorri ditu Osasun Ministerioak, ez birusa laborategiko proba bezala. PCRekin alderatuta, erabiltzeko errazagoak eta azkarragoak dira (15 minutu), baina eragozpenen artean ez dute bereizten IgMa (Infekzio aktiboa) edo IgGa (Infekzio berantiarra) den, eta sentsibilitate txikiagoa du, sintomen bilakaeraren egun-kopuruaren arabera aldatzen dena, %60tik %80 ingurura igaroaz sintomak hasi eta handik 7 egunera.

Test horiek Carlos III.a Institutuak baliozkotu ditu hainbat ospitaleren parte-hartzearekin, batik bat zainetako odolean. Gainera, Ministerioa, erabilera zehazteaz gain, antigorputzak neurtzeko gaitasun handiagoa duten beste test batzuk lantzen ari da, seroprebalentzia azterketak egite eta detektatzean beste erabilera batzuk gauzatze aldera.

Bitartean, Osasun Departamentua test horiek erabiltzen aritu da arlo soziosanitarioan azterketa osatzeko (PCRa egin zaie sintomak zituzten pertsonei eta horien eta test azkarren arteko konbinaketa sintomarik gabeak bahetzeko bigarren fasean, prebalentzia altuko espazioa izateagatik), Larrialdietara sintomekin iristen diren gaixoentzat (ahalik eta azkarren detektatzeko eta, positiboa bada, isolatzeko edo PCRa eginaz negatiboa izanez gero), eta osasun-arloko profesionalei ere test azkar hori egiteko aukera eskaintzen hasia zen sintomarik gabeko kasuetan. Azken ildo hori berriro ere kontuan hartuko da erreminta berriak baloratzeko (IgM eta IgG zatikiak bereizten dituzten antigorputzen testak eta sentsibilitate handiagoa izan dezaketenak), eta Ministerioaren seroprebalentziaren azterketa ere hausnartuko da.

PCRa Lehen Arretako “kasu berrientzat” eta testak lehengo "kasu posibleentzat"

Bestalde, etapa berri honetako berrikuntzetako bat da PCRak jada aplikatu ahal izango direla Lehen Arretara ere iristen diren kasu berri guztientzat. Modu horretan, dagoeneko ez da existituko irizpide klinikoaren bidezko "kasu posiblerik", "berretsitako kasuak" edo "baztertutako kasuak" izango baitira.

Aldi berean, eta hurrengo fasearen prestakuntzarekin konektatuaz, lehen etapako 13.000 "kasu posibleri", hots, isolamendua bukatu eta alta-egoeran aurkitzen direnei, test azkarra egiteko aukera emango zaie, eta horren emaitzak adieraziko du pertsonak birusaren aurkako erantzun inmunea garatu duen ala ez.

Arlo honetan, estatu-mailan, seroprebalentziaren azterketan, IgMren zatikia IgGtik bereizten duten antigorputzen testen bidez laginketa handi batean esku hartzeaz gain (Carlos III.a Institutuak bultzatua 2.160 laginarekin), Osasun Publikoak ez du baztertzen bere azterketa osagarri bat egitea biztanleriaren egoeraren gaineko argazki "are xeheagoa" edukitzeko.

Izan ere, immunizazioaren kontu hori deseskalatzearen eta deskonfinamenduaren atariko "harribitxietako" bat izango da, berretsi du Osasun Departamentuak, eta “Nafarroa baldintza objektibo nahiko egokiekin aurkeztuko da horretara”, Lurralde arteko Osasun Kontseiluak atzo egindako bileran adierazi zuenez. Datorren etapa honetarako funtsezko elementuak hauek izango dira: gaixotasunaren eta kasu berrien hedapena etengabe murriztea, osasun-sistemaren behar adinako gaitasuna egiaztatzea, eta kutsatze-kasuak zaintzeko, kontrolatzeko eta horien gaineko informazioa emateko gaitasuna izatea.