2020ko apirilaren 20a

Enpleguak online bidezko hiru saio programatu ditu autokontsumo fotovoltaikoaren inguruan

Guztira 150 plaza egongo dira, eta apirilaren 22an eta 29an eta maiatzaren 6an egingo dira saioak

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Enplegu Zerbitzu-Nafar Lansareren (NEZ-NL) bitartez, hiru saio (master class) online antolatu ditu autokontsumo fotovoltaikoaren inguruan. Batez ere langabeentzat izango dira, guztira 150 lagunentzako plazak izango dira (saio bakoitza 50 lagunentzat), eta asteazkenetan egingo dira; hots, apirilaren 22an eta 29an eta maiatzaren 6an.

Eman buelta bat!! izeneko eskaintza koronabirusaren osasun-krisiaren aurrean CENIFER-ek, Energia Berriztagarrien Erreferentziazko Zentro Nazional moduan, antolatutako programazio berrian kokatzen da.

Ikastaroak 17:00etatik 19:00etara bitartean egingo dira. Bertan, instalazioak araudiaren aldetik aztertzeaz gain, instalazioen diseinu eta gauzatzeari buruzko xehetasun teknikoei buruzko informazioa emango da, inbertsioaren eta errentagarritasunaren ikuspegi ekonomikotik aztertzearekin batera.

Gaiak lantzeko, bideoak erabiliko dira, streaming saioak egingo dira, adituekin denbora errealean elkarreragingo da eta jolasak ere gauzatuko dira gai horiek ezagutzeko eta horien gaineko galderak egiteko.