2020ko apirilaren 3a

Gobernuak 1.500 ekipamendu informatiko jarri ditu konexio digitalik gabeko ikasleen eskura

Horrez gain, ikastetxeak bere ekipamenduak uzten ari zaizkie familiei, irakaskuntza ez-zuzenekoa bermatzeko, eta mila inguru SIM txartel banatzea ere aurreikusi da
Ezkerretik eskuinera: Gimeno kontseilaria, Remírez lehendakariordea eta 
Cigudosa kontseilaria
Ezkerretik eskuinera: Gimeno kontseilaria, Remírez lehendakariordea eta Cigudosa kontseilaria  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak,  Hezkuntza eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuen bitartez, ikasleen arteko arrakala digitala murrizteari ekin dio, koronabirusaren krisiagatik arlo horretan kalte gehien jasana dutenenganako inpaktua gutxitzeko xedez.   

Zehazki, Hezkuntzak 1.500 ekipamendu informatiko berri jarri ditu konexio digitalik ez duten ikasleen eskura, eta ikastetxeak bertako ekipamenduak ematen ari dira familiei, irakaskuntza ez presentziala bermatzearren. Bestalde, Eraldaketa Digitaleko Departamentuak mila bat SIM txartel banatzea aurreikusten du, eta telefoniako operadoreekin negoziatzen ari da internet konexiorik ez duten ikasleei konexioa jartzeko ikasturtea online egiten jarraitzeko helburuarekin.  

Neurri hauek eta beste batzuk gaur goizean azaldu dituzte prentsaurrekoan Hezkuntzako kontseilari Carlos Gimenok, eta Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Juan Cruz Cigudosak, hurrenez hurren. Informazio-ekitaldi honetan parte hartu du, baita ere, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko lehendakariordea den Javier Remirezek.

1.500 ekipamendu informatiko berri ikasleentzat

Hezkuntza Departamentuak konektibitate digitala gehitzen jarraitzen du hezkuntza-arreta ez presentziala Nafarroako sare publikoko ikasle guztiei bermatzeko, eta, ildo horretan, 1.500 ekipamendu informatiko banatzen ari da (chromebook-ak, eramangarriak eta tabletak) sareko ikasleen artean.

Chromebook-ak Google-en sistema eragilea duten ordenagailu eramangarriak dira, eta ikasleei urruneko ikaskuntzarekin jarraitzeko eduki pedagogikoetara sartzeko aukera eskaintzen die.

Azken urteetan, ikastetxeek zentroaren hornidura gisa 5.000 ekipamendu informatiko baino gehiago jaso dituzte, chromebooks eta eramangarrien artean, ikasleen eskura jarri ahal izateko edo jada jarrita dituzte.

Horiei gehitu behar zaizkie DBHko Lehenengo eta Bigarren mailako ikasleek eta DBHko Hirugarren eta Laugarren mailako ikasle kopuru handi batek pertsonalki esleituta zituzten 10.000 ekipamendu.

Era berean, ekipamendu horiei gehitzen zaizkie ikastetxeetako ordenagailuak, familia askoren esku jartzen ari direnak banaketa-prozesuan, kaltetuak diren ikasleen eten digitala ahalik eta gehien murriztearren.

Halaber, Departamentuko IKT Teknologien eta Azpiegituren Zerbitzua lanean ari da ikasleen konektibitatea, SIM txartelak, 4G routerrak hobetzeko, operadoreekin hitz egitearekin batera familiei datuak gehitzearren.

Hezkuntza-komunitateko ikasle gehienak jada klaseak etxean jasotzen ari dira Internet bidez, eta sare publikoko ikasle guztiak dagozkien ikastetxeak artatzen ditu. On line konexiorik oraindik ez dutenek material didaktiko guztiak eskuan jasotzen dituzte, eta pertsonalki artatzen ari dira kasu askotan udal-langileek bermatzen dituzten bidalketa eta entregen bitartez. Lan horretan parte hartzen dute zenbaitetan, baita ere, udaltzainek, Foruzaingoak edo Guardia Zibilak eta bestelako erakundeek edo herri bakoitzeko boluntario-taldeek, besteak beste, DYA, Gurutze Gorria edo Ijitoen Idazkaritza bezalako erakundeen babesarekin ere.

Aldi berean, Hezkuntza etengabe ari da lanean familien eskura ekipamendu informatiko gehiago jartzeko eta konexio-gaitasuna areagotzeko, egunetik egunera linea gehiago, konexiorako gaitasun gehiago eta ordenagailu eramangarri gehiago jarriaz.

Hezkuntza Departamentuak gogorarazi nahi du Batxilergoko bigarren mailan USE egitera deituta dauden ikasle guztiek badutela jada on line konexioa. Modu horretan, aste hauetan irakasleekin eta ikastetxeekin Internet bidez konektatuta ikasten dute, Departamentuak haien eskura jarritako errefortzu-ekipamenduei esker.

Gainerako zikloei dagokienez, Hezkuntzak premien mapa egiten jarraitzen du, Interneterako sarbiderik ez duten ikasleen kopurua eta kokapena jakiteko banatutako inkestari erantzunez ikastetxeak bidaltzen ari diren datuak ordenatuta.

Eraldaketa Digitala telefonia operadoreekin negoziatzen ari da Internet konexioa jartzeko konexiorik ez duten ikasleentzat

Bestalde, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua telefonia operadoreekin negoziatzen ari da Internet konexioa jartzeko konexiorik ez duten ikasleentzat, ikasturtea online jarraitzearren. Hezkuntza Departamentuarekin batera koordinatutako ekimen honen helburua da eten digitala arintzea eta koronabirusaren krisiak gehien kaltetutako biztanleria-taldeengan inpaktua gutxiagotzea.

Horretarako, hilabeteko 40 GB eta 60 GB arteko gaitasuneko SIM txartelak banatuko dira eta haririk gabeko beste 400 router (Mifi gailuak), aktibo egongo direnak salbuespen-egoera honek irauten duen bitartean.

Ikastetxeek zehaztuko dute nahi duten ikasleentzat beharrezkoak dituzten gailuen kopuru zehatza. Nahiz eta txartelak, batik bat, Hezkuntza Departamentuak zehaztutako ikasleen artean banatuko diren, Eskubide Sozialetako Departamentuak horietako zati bat baztertzeko arriskuan aurkitzen diren pertsonen artean banatuko du, horiek ere gailuak behar baitituzte haien hezkuntzarekin edo oinarrizko zerbitzuekin online jarraitzeko.

Zehazki, Euskaltelek 50 GB-ko 500 SIM txartel eman ditu eta Orangek 53 GB-ko 200 txartel, haririk gabeko beste horrenbeste router-erako sarbidea errazteaz gain. Telefónicak, berriz, 40 GB-ko 101 txartel utzi ditu, eta 140 tablet ematea aurreikusten da. Horrez gain, Vodafonek 60 GB-ko 75 txartel eman ditu, eta horiei 200 Mifi gailura sartzeko kudeaketak gehitu behar zaizkie.  Bestalde, Hezkuntza Departamentuak 2. Batxilergoko ikasleen artean detektaturiko premiak bete ditu.

Eten digitalaren aurkako borroka

Neurri hau Nafarroako Gobernua eten digitalaren aurkako borrokan ematen ari den beste urrats bat da, eta herritar  guztiek hezkuntzarako eta baliabideetarako aukera-berdintasuna izatea bermatu nahi du, bereziki egungoa bezalako krisi-egoeran.

Foru Exekutiboak eskerrak eman nahi dizkie operadoreei osasun-krisiaren une hauetan emandako erantzunarengatik, eta adierazi du “ezohikoa dela urtean zehar negoziatzen ibiltzen diren erakundeek Gobernuaren helburuen alde egitea eta egoera honi alde positiboa ateratzeko gai izatea eskuzabaltasun eta konpromisoarekin”.

Exekutiboak honela gogoratu du: “desberdintasunaren egoera larrienak aurkezten dituen etena eten sozioekonomikoa da; beraz, gure ahalegin guztia egingo dugu eraldaketa digitalerako urratsa pandemian zehar bizkortu dadin, atzean inor ez uzteko”.

Gehiago irakurri

Rueda de prensa completa