2020ko apirilaren 2a

Nafarroako Ospitale Guneko Psikiatria Zerbitzuak arreta eskaintzen die COVID-19 duten gaixoi isolamendu- edo dolu-egoeretan

Errutinak, bizi-ohitura osasungarriak mantentzea eta emozioak behar bezala maneiatzea, Osasun Mentalak herritarrei emandako gomendioak konfinamenduaren aurrean
Begoña Flamariquek, Osasun Mentaleko kudeatzaileak, eta Iñaki Arrizabalagak, Burlatako Osasun Mentalren Zentroko zuzendaria prentsaurrekoan.  Irudi galeria

Nafarroako Ospitale Guneko Psikiatria Zerbitzuak (NOG) koronabirusaren krisian bi arreta-programa eskaintzen ditu, bata COVID-19rekin ospitaleratutako gaixoentzatt, eta bestea haien senideentzat. Gainera, etxean konfinatuta dauden herritarrei ohitura eta errutina osasungarriak aholkatzen dizkie, alarma-egoerak irauten duen bitartean buruko osasuna babes dezaten.

Lehen programaren helburua da COVID-19arekin ingresatuta dauden gaixoen nahiz haien senitartekoen osasun mentala zaintzea, batzuen eta besteen arteko isolamendutik eratorritako arazoen aurrean.

Bigarren programan, berriz, laguntza psikologikoa sartzen da, koronabirusaren infekzioarengatik hil diren gaixoen senitartekoei laguntzeko, kaltetutako familietako haurrentzako laguntza barne.

Bi kasuetan, arreta NOGeko Psikiatria Zerbitzuko psikologia klinikoko profesionalek burutzen dute.

Osasun-arloko profesionalentzako laguntza psikologikoa, hasiera batean, telefonoz eskainiko da. Osasun-arloko profesionalentzako laguntza psikologikoa, hasiera batean, 848 420 020 telefono bidez gauzatuko da.

Era berean, duela egun batzuetatik hona, abian da biztanleriari oro har arreta eta laguntza psikologikoa emateko telefono-zenbakia. 848 420 090 zenbakia da, eta 8:00etatik 20:00etara artatzen dute, astelehenetik igandera, Larrialdi, Hondamendi eta Katastrofe egoeretako Esku-hartze Psikologikoaren Taldeko (Nafarroako GIPEC) profesionalek, Osasun Departamentuaren eta Nafarroako Psikologiaren Elkargo Ofizialaren arteko lankidetzari esker.

Biztanleriarentzako gomendioak konfinamendurako

Gainera, haserre, nahasmendu edo estres egoerei aurre egiteko, biztanleriarengan egoerak sortutako ondorio psikologikoak izanik, Osasun Mentaleko Kudeatzailetzak zenbait gomendio egiten ditu:

  • Eguneroko gure errutinak eta jarduerak egitea ahal den neurrian. Beldurra askoz ere hobeto kontrolatzen da gure egunerokotasunetik urruntzen ez bagara.
  • Bizitzeko ohitura osasungarriak izatea.
  • Gure emozioak ezagutu eta onartzea. Beharrezkoa bada, hurbileneko pertsonekin partekatzea. Urduritasuna izugarria bada, alde egiten ez duen tristura badugu edo lanean eta/edo pertsona arteko harremanetan modu negatiboan eragiten duten bestelako erreakzio luzatuak baditugu, laguntza profesionala bilatzea.
  • Gogoratu beste batzuetan zein gaitasun abian jartzen ditugun egoerak aurkakoak direnean. Zalantza eta estutasuna gutxiagotu egiten dira beldur diogunari nola egin aurre pentsatzen dugunean.
  • Umore-sena erabiltzea, beldurra kontrolpean izaten laguntzen baitu.
  • Alkoholaren eta tabakoaren kontsumoa ahalik eta gehien mugatzea.
  • Maiz hitz egitea, telefonoz edo bideo-deien bitartez bada ere, senitartekoekin eta lagunekin.
  • Erlaxatzeko teknika errazak praktikatzea; hala nola, erlaxazio diafragmatikoa eta erlaxazio muskularra.
  • Jarduera atsegingarriez, zaletasunez gozatzen ahalegintzea, musika entzutea, irakurtzea, gustuko telebista-programak ikustea.

Uste da berrogeialdia luzatzeak estres handiagoa gehitu diezaiokeela egoera pertsonalari, beste baldintzatzaile batzuekin batera; esate baterako, kutsatzeko beldurra izatea, frustrazioa, aspertzea edo izan ditzakegun ondorio ekonomiko negatiboak.

Osasun Mentaleko Kudeatzailetzak garrantzi handia ematen dio informazio egokia eskuratzeari; hots, iturri zehatz eta fidagarrietatik datorrena, Nafarroako Gobernuaren orrialde ofiziala bezala.

Halaber, gomendatzen da arazoaren gainean ikuspegia izatea eta koronabirusari buruzko programak entzuteko edo ikusteko denbora mugatzea eta telefono ofizialak ez betetzea beste bide batetik lor daitekeen informazioa eskatuaz.

Ez da gomendatzen adituek aholkatutakoak baino neurri gehiago hartzea, birusaren  aurrean ez gaituztelako gehiago babestuko eta gure beldurra eta estutasuna gehitu dezaketelako.

Haurrei informazioa ematea

Haurrek informatzeko duten premien aurrean, komeni da haien zalantzak eta kezkak entzutea eta urduritasunik ez sortzea, haiek ez badute. Galderak erantzuteko, informazio zintzoa eta haien adinerako aproposa eman behar zaie, zehatza ez den informazioa iragazten laguntzearekin batera.

Osasun Mentalaren berrantolaketa

Bestalde, Osasun Mentaleko Kudeatzailetzak bere jarduera berrantolatu du testuinguru honetan gaixoak artatze aldera. Era horretan, telefono bidezko kontsultak indartu ditu pertsonak osasun mentaleko zentroetara nahiz eguneko ospitaletara joan-etorrian ez ibiltzeko.

Koronabirusarekin bateragarriak diren sintomak dituztela uste dutenei, etxean geratzeko eta lehen arretako zentroarekin telefonoz kontaktatzeko eskatzen die.

Osasun mentaleko zentroetako lehen kontsulten kasuan, telefono bidez elkarrizketa bat egiten ahalegintzen dira, gaixoaren egoeraren larritasuna diskriminatzeko, eta, egingarria bada, ondoren azterketa egiteko hitzordua emango da.

Azterketak, halaber, telefonoz egingo dira, aurrez abisatuta modalitate horren bitartez egingo direla; gero, beranduagoko hitzordua emango zaie laguntzarekin jarraitzeko. Pertsonaren egoera dela-eta beharrezkoa bada, aurrez aurre  artatua izan daiteke, koronabirusaren infekzioarekin loturiko sintomarik ez duela egiaztatu eta gero.

Zentroetan emandako botiken tratamenduak dituzten gaixoen kasuan, Osasun Mentala arreta presentziala mantentzen ahaleginduko da, baita ahozko tratamenduekin segimenduan aurkitzen direnen kasuan ere.

COVID-19a dela-eta etxean isolatuta dauden gaixoentzat, Lehen Arretarekin elkarlana egiteko prozedura ezarri da, tratamendua ematea bermatzeko.

Nahasmendu mentalak dituzten pertsonentzako gomendioak

Osasun Mentaleko Kudeatzailetzak profesionalentzako zenbait gomendio landu ditu, nahasmendu mentalak dituzten gaixoekin egungo egoeran jokatzeko.

Lehenik eta behin, gaixoei prebentzio-gomendioen eta dauden osasun-baliabideen berri eman behar diete. Era berean, arreta eskaini behar zaie gaixoek izan ditzaketen estres eta antsietate erreakzioei eta horiei buruzko informazioa eman.

Osasun mentaleko arazoren bat duten pertsonei komunikabideen aurrean egoteko denbora mugatzea gomendatzen zaie. Informazio gehiegi jasotzea ez da gomendagarria. Biztanleria osoari aplika dakizkiokeen gomendioez gain, Osasun Mentalak espezialitate honetako gaixoei gogorarazi nahi die botikaren bat hartzen ari badira, tratamendua ez dutela eten behar eta behar adina botika izatea ziurtatu behar dutela.

Osasun Mentalaren ustez, kasu jakin batzuetan, estresaren eta antsietatearen erreakzioak normalak eta moldatzeko erreakzioak izan daitezke pandemiaren ziurgabetasunaren eta bat-batean etorritako isolamendu sozialaren aurrean.

Gaixoak kontrolatzeko gai ez den antsietatea esperimentatzen duenean, loezin jarraitua badu, haren nahasmenduko sintomak berriro agertu edo okertzen badira edo bere buruari edo besteei mina egiteko pentsamenduak baditu, Osasun Mentalaren zentroko erreferenteekin edo dagokion ospitale-zentroko guardiako psikiatrarekin jarri behar du harremanetan.

Normalean, nahasmendu mentalak dituzten gaixo gehienak ondo egokituko dira egoera berrira edota baliteke ere zenbait hobetzea inguruko beste pertsona batzuei lagundu behar izateagatik.

Kasu batzuetan, ordea, antsietatea gehitu daiteke, erreakzio moldagaitzak agertu edo lehengo sintomak areagotu. Ildo horretan, Osasun Mentalak bereziki ahultzat hartzen ditu eldarnioak, sintoma obsesibo-konpultsiboak edota nahasmendu somatomorfoak (gaixoak jatorri emozionala edo psikologikoa duten sintoma fisikoak esperimentatzen dituenean) dituzten gaixoak, ahultasuna norberaren egoeren eta gaixoaren testuinguru sozialaren baitan badago ere.