2020ko martxoaren 21a

Ospitalez Kanpoko Larrialdietako zerbitzuek bereizitako bi arreta-zirkuitu sortu dituzte, bata arnasbideetako gaitzetarako eta bestea premiazko patologietarako

Azken datuen arabera, Nafarroan 664 pertsonak dute koronabirusa, eta horietatik 222ri ospitaleetan egin zaie arreta
collections Irudi galeria

La consejera de Salud, Santos Induráin, y el jefe de Sección de Emergencias y Transporte Sanitario, Diego Reyero.

Iruñeko Ospitalez Kanpoko Larrialdietako zerbitzuek bereizitako bi arreta-zirkuitu sortu dituzte koronabirus-epidemiari aurre egin eta behar bezalako arreta emateko herritarrei. Batetik arnasbideetako gaitzak dituzten gaixoei ematen zaie arreta, eta bestetik gainerako premiazko patologiak dituztenei.

 

Azken datuen arabera, Nafarroan 664 pertsonak dute koronabirusa. Horietatik, 222k ospitale-arreta behar dute edo behar izan dute, eta 25 ZIUn sartu dituzte. Kutsatutakoen artean, 85 osasungintzako profesionalak dira. Gainera, 9 pertsona hil dira eta alta epidemiologiko bat eman da (gaixotasuna gainditu du).

Osasun-baliabideez den bezainbatean, martxan jarri dira koronabirusa duten gaixoei arreta emateko berariazko profesional-taldeak, eta mediku koordinatzaileen taldea ere indartu da. Gainera, koordinaziorako erizain soslai berria gehitu da 112an. Haren lan espezifikoa Covid-19 izan dezaketenen kasuak aztertzea da; zeregin hori funtsezkoa da SOS Nafarroako medikuek egunero gertatzen diren beste larrialdiak (350 inguru) kudeatzen jarraitu ahal izateko. Ildo horretan, larrialdien eta osasun-garraioaren koordinazioan laguntzen du, eta bitartekariarena egiten du Nafarroako Osasun Publiko eta Lan Osasun Institutuaren eta eta Lehen Mailako Arreta Zentroen artean. 

Osasun-garraioari dagokionez, hasieratik aurreikusi zen Koronabirusak jotako gaixoak lekualdatzeko beharra handituko zela. Hori dela eta, martxan jarri zen berariazko garraio-talde bat, gaur egun oinarrizko bizi-euskarria duten zortzi anbulantzia dituena, SOS Nafarroak kudeaturik.

Nabarmendu beharra dago, era berean, Ospitalez Kanpoko Larrialdietako taldeak egiten ari diren lana, bai etxez etxe laginak jasotzen bai Lehen Mailako Arreta Zentroetan, koronabirus-kasuak baieztatzeko edo ezeztatzeko.

Azkenik, Osasun Kontseiluaren zerbitzua (ospitalez kanpoko larrialdien zuzendaritzaordearen menpekoa) funtsezko bihurtu da Covid-19 epidemiari erantzuteko. Arreta-ordutegia zabaldu du, eta egunaren 24 orduetan ematen du orain. Indartu egin da haren erantzuteko gaitasuna, zortzi erizainetik 34ra pasatuz. Une honetan, egunero 900 dei inguru jasotzen dituzte.   

Jarduera-protokoloa koronabirusarenak izan daitezkeen sintomak izatekotan

Koronabirusa dela eta herritarrak artatzeko une honetan indarrean dagoen (eta (webgune ofizialean ikus daitekeen) protokoloaren arabera, bat-batean arnasbideetako sintoma akutuak dituztenek (sukarra, eztula edo arnasa hartzeko zailtasuna) etxean geratu behar dute, eta beren osasun-zentrora deitu.

Lehen Mailako Arretako zentroen ordutegitik kanpo Osasun Kontseilua arduratzen da deiak jasotzeaz. Herritarrek haren telefonora (948 290290) dei dezakete aipatutako sintometako bat nabaritzean, eta betiere egoera larria ez bada. Kasu horretan, 112ari deitu behar zaio.

Deiari erantzuten dion erizainak gaixoak adierazitako sintomak ebaluatuko ditu, eta Covid-19arekin bat badatoz eta gaixoaren egoera arina bada, bere burua zaintzeko eta bakartzeko gomendioak emanen dizkio. Gainera, hurrengo egunean Lehen Mailako Arretan dagokion profesionalarekin harremanetan jarri behar duela esango dio; hura arduratuko da gaixoa artatzen jarraitzeaz eta ondorengo segimendua egiteaz. Gaixoaren egoerak txarrera eginen balu, 112eri deitzeko eskatzen dio Osasun Kontseiluak.

Egoera moderatua bada, goizeko ordutegian gaixoari esanen zaio dagokion osasun-zentrora dei dezala telefonoz, han erabaki dezaten etxean artatzea beharrezkoa ote den. Beste ordutegietan, Ospitalez Kanpoko Larrialdien zerbitzuari, Landa Eremuko Larrialdien zerbitzuari edo Larrialdietako Zerbitzu Arruntari dagozkie harremana eta ondorengo balorazioa egitea. Gaixoa etxean artatu ondoren beharrezkotzat joko balitz, dagokion ospitalera eramanen dute. Bestela, etxeko segimendua eginez kontrolatuko da haren prozesuaren bilakabidea.