Descárgate la app
Gaixotasun kronikoak dituztenei ahal den neurrian beren burua zaintzen jarraitzeko gomendatzen die Osasun Departamentuak
2020ko martxoaren 19a
Gaixotasun kronikoak dituztenei ahal den neurrian beren burua zaintzen jarraitzeko gomendatzen die Osasun Departamentuak
Nafarroako Osasun Publiko eta Lan Osasun Institutuak (NOPLOI), Gaixoen Eskolaren bitartez, gaixotasun kronikoak dituztenei gomendatzen die ahal den neurrian beren gaitzen ondorioz behar dituzten zaintzak egiten jarraitzeko. Norberaren burua zaintzeko, auto-medikazioa eta egoera bakoitzean komeni diren neurri orokorrak uztartu behar dira: elikadura osasungarria, ariketa fisikoa egitea, ez erretzea, alkohola bazterrean uztea edo mugatzea, emozioak maneiatzea eta estresa kontrolatzea.
Gaur egun, Nafarroan 108.000 gaixo kroniko daude (79.600 Iruñeko eremukoak, 17.000 Tuterako eremukoak eta 11.400 Lizarrako eremukoak), lehentasunezkotzat jotzen diren patologia kroniko bat edo gehiago dituztenak (gutxiegitasun kardiakoa, dementzia, BGBK, garuneko hodietako gaitza, asma, kardiopatia iskemikoa, giltzurrunetako gutxiegitasuna eta zirrosia).
Azpimarratzekoa da, gainera, Lehen Mailako Arretak bere jarduera berrantolatu duela gaixo horiek babesteko xedez. Osasun Zentroetako eta Kontsultategietako profesionalek aurrez aurre artatzen dituzte gaixo kronikoak, geroko utz ezin daitezkeen prozesuei dagokienez. Era berean, telefono bidezko harremana ari da lehenesten, ahalik eta kontaktu gutxien egon dadin.
Elikadura osasungarria, ariketa fisikoa eta emozioak maneiatzea
Elikaduraz den bezainbatean, gomendatzen da osasungarria izatea, barazkietan eta frutan oinarriturik, zerealekin (integralak badira, hobeto), eta egoskari, arrain, arrautza edo haragi kopuru txikiekin batera.
Gomendatzen da gatz gutxirekin edo gatzik gabe jatea, gaixoari agindu izan zaionaren arabera, eta koipe gutxi duten produktuak erabiltzea, alboan utzirik hestekiak eta kontserbak, zorroko zopak, avecrem pastillak, saltsak, aurrez prestatutako edo izoztutako jakiak, olibak, patata frijituak, eta abar.
Ariketa fisikoa egitea da NOPLOIren beste gomendioetako bat. Ahal bada, komeni da etxe barnean mugitzea eta bakoitzari eman zaizkion argibide medikuen araberako ariketa fisikoko programa bat betetzea. Lau motatako ariketak gomendatu ohi dira:
• Bihotz eta biriken erresistentzia-ariketak: oinez ibiltzea, dantzatzea, bizikleta estatikoa…
• Indar-ariketak: objektuak altxatzea, eskaileretatik igotzea, pisuak altxatzea, ariketa-taulak…
• Malgutasun-ariketak: gorputz-atalen luzaketak.
• Oreka-ariketak: oin bakar baten gainean egotea, aulkitik altxatzea ezer heldu gabe.
Etxean ariketa egiteko NOPLOIk dituen bideoak erabil daitezke edo Osasun Ministerioko Bizimodu osasungarrirako programarenak:
Halaber, NOPLOIk funtsezkotzat jotzen du ez erretzea eta kea dagoen etxeko guneetan ez egotea. Era berean, alkoholik ez hartzea edo mugatzea gomendatzen da, zenbat eta gutxiago hobeto; izan ere, zenbait gaitzen kasuan kontraindikatuta dago.
Emozioak maneiatzeko eta estresa kontrolatzeko, informazioa iturri ofizialetatik besterik ez jasotzea gomendatzen da. Informazio hori alda daiteke, egokitu egiten baita egoera bakoitzera, pandemiaren bilakabidera, ikerketen emaitzetara, e.a.
Era berean, funtsezkoa da eguneroko errutina ezartzea, norberarentzat egokiena dena, eta babesa bilatzea familian eta beste pertsona batzuengan: telefonoa, whatsapp, sare sozialak…
Gomendatzen da etxean egiteko moduko jarduera atseginak egitea, tentsio fisikoa eta emozionala arintzen lagundu dezaketenak: erlaxatzeko ariketak, arnasketa, masajea, musika, irakurtzea.
Gaixo kronikoentzako arreta: arreta integrala
Gaixo Kronikoei eta Patologia Anitzekoei Arreta Integratua emateko Estrategiaren xedea da gaixo horiei emandako arretak, laguntza medikuaz gain, bestelako alderdi batzuk ere kontuan hartzea: konplikazioei aurrea hartzea, norberaren burua zaintzea, eta ingurune soziala, behar ez diren zerbitzuak saihesteko laguntza jarraitua erraztuz. Norberaren zaintza eta etxez etzeko arreta sustatzea da asmoa, eta horretarako teknologia berriak baliatzen dira: telemonitorizazioa, kontsulta ez-presentzialak, e.a.
Gaixo kronikoei ematen zaien arretaren erantzukizuna Lehen Mailako Arretari dagokio nagusiki. Laguntza-elementuak definitu dira arreta hobea, ez hain zatikatua, bermatzen ahal izateko; gaixoek parte-hartze aktiboa izan behar dute beren gaixotasunari buruzko erabakietan, haien inguruneari arreta eman behar zaio eta arreta proaktiboa eskaini behar da, gaitzaren desorekak ahalik eta lasterren atzematen saiatuz, eta gertatzekotan arreta-zirkuitu azkarrak ezarriz.
Era berean, rol profesional berriak indartzen dira, hala nola kasuak kudeatzeko erizaina, ospitalearekin lotura egiteko erizaina eta aholku-erizaina. Bestalde, gaixo kronikoak Ospitale Erreferentziazko Unitateetara bidera daitezke; unitate horiek, gaur egun, Lizarrako eta Tuterako Ospitaleetako barne Medikuntzako Zerbitzuen eta Nafarroak Ospitale Guneko zenbait Unitateren barnean daude: patologia anitzeko unitatea, dementziakoa eta gutxiegitasun kardiakokoa.
Lehen Mailako Arretak eta Espezializatutako Arretak partekatzen duten historia klinikoaren ingurune bat garatu da, gaixo horiei arreta emateko. Era berean, aginte-koadro klinikoak garatu dira profesionalei laguntzeko, gaixoonganako arreta hobea bermatze aldera, baita ere norberaren zaintzari buruzko prestakuntza-jarduerak, gaixo eta familiei zuzendurikoak, Lehen Mailako Arretan, Espezializatutako Arretan eta Gaixoen Eskolan.
Estrategia hori fase pilotu batez hasi zen bost osasun-zentrotan (San Juan – Iruñea; Tafalla; Ultzama; Lizarra eta Tutera Mendebaldea), eta bertan parte hartu zuten Nafarroako Ospitale Guneak, Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitaleak eta Tuterako Reina Sofía Ospitaleak; erreferentziako Osasun Mentaleko zentroek eta San Juan de Dios Ospitaleko zainketa aringarrietako etxez etxeko laguntza-zerbitzuek. Fase pilotuan patologia anitzeko gaixo moderatu-gogorrekin (3 patologia baino gehiago zutenak), gutxiegitasun kardiako moderatu-gogorra zuten gaixoekin eta edozein mailatako dementzia zutenekin lan egin zen, batez besteko adina 83 urtekoa izanik. Orotara, 2.442 gaixo izan ziren proiektu pilotu horren xede. Urte batez, bultzatu egin dira erizaintzako arreta, etxez etxekoa, jarduera ez-presentziala eta etxe barneko ospitaleratzea, hau da, gaixoaren ingurunetik gertuago dauden arreta-modalitateak.
Emaitzen analisiak adierazten du ospitale-larrialdien kopurua jaistea lortu dela, baita ere alta eman ondorengo 30 egunen barneko berrospitaleratzeena, eta, patologia anizteko gaixoen kasuan, gutxitu egin dira potentzialki saihestu zitezkeen ospitaleratzeak. Gainera, tartean diren profesionalen %70ek uste dute gaixo kronikoei emaniko arreta hobetu egin dela. Halaber, gaixoei eta zaintzaileei galdetu zaie beren gogobetetze-mailaz, eta positiboki baloratu dute jasotako arreta.
Koronabirusa
Asteazkeneko azken orduetan eskura zeuden datuen arabera, Foru Erkidegoan bertze 482 positibo egon dira koronabirusagatik. Horietatik 132 ospitalean daude. Pertsona horietatik, 11 Zainketa Intentsiboen Unitateetan daude. Gaitzak jotako osasungintzako profesionalak 40 dira. Urtarril bukaeran erregistratu zen lehen COVID-19 koronabirus-kasua Nafarroan, eta ordutik hona 5 lagun hil dira arrazoi horregatik. Azkenekoa 86 urteko emakume bat izan da, aurretiazko patologia zuena, eta Tuterako Reina Sofía Ospitalera eraman zutena joan den astelehenean, martxoak 16.
60 egunez luzatuko da tratamendu kronikoen berritzea errezeta elektrikoetan
Bestalde, Osasun Departamenduak erabaki du baimen-data martxoaren 18tik apirilaren 30era bitartean duten tratamendu kronikoen berritze-data guztiak automatikoki luzatuko direla.
Neurri horri esker gaixoek denbora gehiago izanen dute farmazietan sendagaiak hartzeko, medikuak sistema informatikoaren bitartez berritu beharrik gabe. Era horretan, gainera, ez da beharrik egonen arrazoi horregatik osasun-zentroarekin harremanetan jartzeko. Erabakiak 30.000 pertsonari eta 65.000 errezeta kronikori eragiten die, gutxi gorabehera.
Aplikazio informatikoko “Gaixoarentzako oharrak” atalean, “Baimen-data 60 egunez luzaturik, COVID19 dela eta” adieraziko zaie medikuei. Horrek aukera emanen du eragindako errezetak zeintzuk diren erraz jakiteko. Bihar, martxoak 18, jarriko da neurria indarrean.