Descárgate la app
Ikasgeletako suizidioen inuguruko bi jardunaldi antolatu ditu Hezkuntzak Iruña eta Tuteran
2020ko otsailaren 29a
Ikasgeletako suizidioen inuguruko bi jardunaldi antolatu ditu Hezkuntzak Iruña eta Tuteran
Gazteen artean izaten diren suizidioen inguruan irakasleak sentsibilizatzeko helburuarekin “Hitz egin dezagun suizidioez ikasgeletan” jardunaldiak antolatu ditu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentuak. Bertan irakasleek prebentzio neurriak lantzeko tresnak zein ikasleei irakaskuntza eremua esparru seguru moduan erakusteko baliabideak ezagutuko dituzte. Jardunaldiak, martxoaren 3an eta 17an izanen dira Iruña eta Tuteran, hurrenez hurren.
Hezkuntza departamentuko ekitaldi aretoan izango da martxoaren 3an, asteartean, 09:30etan hasiko den jardunaldia.
Jardunaldiari hasiera emango dio María José Cortes, Inklusio, Berdintasun eta Elkarbizitzako Zerbitzuko zuzendariak. Ondoren, Adriana Goñi psikologo klinikoak foru Komunitateko gazteen suizidioen inguruko datuak azalduko ditu. Gainera osasun mentaleko arazoak landuko ditu buruaz beste egiteko aukera moduan.
Hezkuntza departamentuko Elkarbizitzarako aholkularitzak jardunaldian aipatuko du bere egitekoa zein den eta irakasleei bitartekoak emango dizkie modu horretako jarrerei arreta nola eskaini edo prebentziozko neurriak ezartzeko. Gainera tresna pedagogiko moduan duen protokoloaz arituko da zeinaren arabera heziketa gauzatuko den ikasle zein irakasleen artean.
Jardunaldiko programak gainera buruaz beste egin zuen neska gazte baten amaren testigantza jasoko du. Elena Aísa, Besarkada elkarteko lehendakaria elkarrizketatuko du Gabriel González kazetariak. González gaian aditua den kazetaria da eta bertaratzen direnei ikasgeletako suizidioen inguruko hitzaldia eskainiko die.
Azkenik, mahai inguruan, Alfonso Echávarri Esperantzaren Telefonoa GKEko psikologoak hartuko du parte. Jardunaldiari galderak egiteko tartearekin emango zaio amaiera. Tuteran, martxoaren 17an, Erriberako Mankomunitatean (Kilkerren Pasealekua 17) izanen den jardunaldiak ere programa eta hizlari berdinak izango ditu.