Descárgate la app
N-121-A errepidearen lehen zatiak hiru biribilgune berri izango ditu Orikain eta Sorauren udalerrietara iristeko
2020ko otsailaren 28a
N-121-A errepidearen lehen zatiak hiru biribilgune berri izango ditu Orikain eta Sorauren udalerrietara iristeko
N-121-A errepidearen lehen zatiak 3 biribilgune berri izango ditu Orikain eta Sorauren udalerrietara iristeko. Lehen zati hori eraikitzeko proiektuan jasoko den berritasun nagusia da, eta 5 kilometroko luzera izanen du, Ezkabako tuneletako biribilgunearen (5+550 kilometroak) eta Olabeko zeharbidearen (10+500 kilometroak) artean.
Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak, informazio publikoko fasean aurkeztutako alegazioak eta ingurumeneko eragina aztertu ondoren, hasierako aurreproiektuan jasota geratu diren lehen zatiaren proiektuaren aldaketen berri eman die kaltetutako udalei.
Trazaduraren ezaugarriak
N-121-A errepidea 2+1 bidea bihurtzeko proiektuan aurreikusitakoaren arabera, NA-2552 errepidetik Orikain herrira iristeko sarbidea (zatitutako biribilgunea) kendu eta Ezkabako kanpineko eta Aguirre ostatuko NA-4210 errepidearen elkargunean egitea aurreikusitako biribilgunera lekualdatuko da. Biribilgune horrek berak, T formako bidegurutzea dagoen tokian, sarbide berria edukiko du kanpinera. Horrez gain, Soraurenera iristeko iparraldeko eta hegoaldeko sarbideetan 40 eta 30 metro diametroko biribilguneak jarriko dira, hurrenez hurren. Lehen zatiaren behin betiko proiektuan sartuko dira aldaketa horiek.
Errepidearen trazadura berriak, Ezkabako biribilgunetik (5+600 KP) Orikain herrira iristeko biribilguneraino (6+700 KP), bi errei izango ditu noranzkoko bakoitzean, bi metro zabalerako erdibitzailearekin eta hesi metaliko bertikalarekin bereizita.
Orikainera iristeko biribilgune berritik (6+900 KP) Soraurenen hegoaldeko biribilgune berriraino 2+ 1 bidea eraikiko da, hots, iparraldeko noranzkoko bi errei, bi metro zabalerako erdibitzailea eta hesi bertikal metalikoarekin, eta hegoaldeko noranzkoko errei bat.
Soraureneko saihesbidea dagoen zatian, errepidearen ingurua hesituko da, faunari bidea hautsi eta ibaiaren gainetik iparraldean eta hegoaldean egokitutako pasabideko zona seguruetara bideratzeko. Kilometro eta erdiko luzera duen tarte horretan, noranzkoko bakoitzean errei bat egongo da, eta, bien artean, metro bateko zabalerako erdibitzailea margotuko da.
Azkenik, Soraureneko iparraldeko sarbidean egingo den biribilgune berritik (9+4000 KP) Olabeko hiriguneraino (10+200 KP) 2+1 bidea eraikiko da; hots, iparraldeko noranzkoko bi errei, bi metro zabalerako erdibitzailea eta hesi bertikal metalikoarekin, eta hegoaldeko noranzkoko errei bat.
2+1 bidea, nazioartean probatutako irtenbidea
Gogoratu behar da 2+1 motako errepideak bi noranzkokoak direla, eta hiru errei izaten dituztela. Erdiko erreia txandaka erabiliko dute bi noranzkoek aurreratzeko. Aurreratzeko tarteek gutxi gorabehera kilometro bateko luzera izango dute eta erregularki banatuta egongo dira, zirkulazioak unean duen noranzkoa edozein dela ere. Izan ere, erdibitzaile batekin bereizita egongo dira, eta ezin daiteke gainetik pasa.
Nazioartean probatu dute jada, eta baditu hainbat abantaila; esaterako, kontrako noranzkoko zirkulazioarekin aurreratzeak desagertu egiten dira, eta batez besteko abiaduran ez du eraginik, aurrez aurre talka egiteko arrisku gutxiago dago, ikuspen ona dagoelako, eta ez du trafiko astuna areagotzen.
Lurralde Kohesioko Departamentua proiektua prestatzen ari da jada, eta espero du lehen zatiko obrak udan lizitatu eta urte amaierarako hasi ahal izatea.