2020ko otsailaren 25a

Punto de Vista jaialdiak egitaraua osatu, eta 400 profesional baino gehiagoren akreditazioak bildu ditu

Martxoaren 2tik 7ra ospatuko da eta sarrerak jada eskura daitezke jaialdiaren webgunean eta Baluarteko txarteldegian
Teresa Morales de Álava, Esnaola kontseilaria eta Garbiñe Ortega 
jaialdiaren kartelarekin.
Teresa Morales de Álava, Esnaola kontseilaria eta Garbiñe Ortega jaialdiaren kartelarekin.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Ute Aurand, Hega Fanderl, Renate Sami zinemagile alemaniarrei eta Jeannette Muñoz txiletarri eskainitako X Filmsen 10. Urteurrena ospatuko da Punto de Vista zine dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian. Zitak jada 400 profesional baino gehiagoren izen ematea jaso du. Sarrerak jada eskura daitezke webgunean eta Baluarteko txarteldegian.

Kultura eta Kiroleko kontseilari Rebeca Esnaolak, Punto de Vistaren zuzendari artistikoa den Garbiñe Ortegak eta Jaialdiaren zuzendari exekutiboa den Teresa Morales de Alavak aurkeztu dute saioaren programazio osoa. Martxoaren 2tik 7ra bitarte egingo da, eta zazpi atal hauen inguruan antolatu da: Atal Ofiziala, atzera begirakoak, DOKBIZIA, Punto de Vista Labs, saio monografikoak, saio bereziak eta hezkuntza-programa.

Atal Ofizialean, mundu osoko herrialdeetatik izena emandako 1.000 pelikula baino gehiagoren artean hautatutako 23 pelikula emango dira, atzera begirakoetan, Anne Charlotte Robertson-en monografikoa, Alemaniako Ute Aurand, Helga Fanderl eta Renate Sami eta Txileko Jeannette Muñoz zinemagileei eskainitako zikloa eta An Oceanic Feeling gaia aurkitzen dira; DOKBIZIAn, berriz, diziplina ezberdinetako artistak bilduko dira erreala denarekin erlazionatzeko modua trukatzeko; Punto de Vista Labs delakoak jakintzak eta sormen kolektiboa trukatzeko espazio eran finkatuko dira; foku garaikideetan saio monografikoak bilduko dira, Punto de Vistak nazioarteko egoerako zinemagile garrantzitsuenetako batzuei arreta eskaintzeko; saio berezietan, halaber, euskal eta nafar zinemagileen Pasaia topaketa edo Barbara Hammerri egindako omenaldia bezalako programak bilduko dira; eta, azkenik, hezkuntza-programa areagotuko da jaialdia herritar berriengana irekitzen jarraitzeko.

Aurten, aipatzekoa da X Films; hau da, hamar urte bete dituen proiektua, jaialdiari erakuslearen rol tradizionaletik igaro eta ikus-entzunezko obraren ekoizle bihurtzeko aukera ematen diona. Proiektua sortu zenetik bi premisa mantentzen dira: hautatutako obren sormen-kalitatea eta horietan Nafarroak duen paper garrantzitsua. Iaz, Maddi Barber zinemagilea hautatu zuten haren proposamen artistikoa garatzeko; hots, “Gorria” pelikula, jaialdian estreinatuko dena.

Jaialdiak akordio bat egin du, hamar urte hauetan egindako pelikulak mundu osoan zehar banatutako egoitzetan eman ahal daitezen.

Horrez gain, beste gune bat egongo da jaialdia nazioartekotzeko eta Nafarroa ezagutzera emateko. Bruselako Cinematek-ek 2020ko Punto de Vistan emandako tituluak programatuko ditu bigarren urtez jarraian, apirilaren 25ean eta 26an egingo den zikloan, eta Garbiñe Ortega ere bertan izango da.

Eta Nafarroako ikus-entzunezkoen emanaldian, aipatzeko beste atala Paisaia da; bertan, Euskadiko eta Nafarroako produkzio dokumentaleko pelikularik berrienak eta ausartenak aurkeztuko dira. Obra horiek azterketa estetikoaren eta narratiboaren ariketa irekia izango dira. Aurten, hautatutako tituluek galdera asko egiten dituzte memoriaren kontzeptuaren inguruan. Zinemagile bakoitzak adiera ezberdinak jorratzen ditu: barne-memoria, familiaren memoria, memoria kolektiboa eta memoria historikoa. Obretan, gizakiak memoria kontakizun eran ezartzeko duen premia edo filmazioaren eta idazketaren bitartez maneiatzeko duen premia aztertzen da.

Atal Ofizialeko pelikula nabarmenak

Zinema garaikideko izen handiak aurkituko ditugu Atal Ofizialean; hala nola, Lawrence Abu Hamdan, Ben Rivers, Éric Baudelaire, Lynne Sachs, Ana Vaz eta Laura Huertas Millán. Halaber, aipatzekoak dira mundu-mailan estreinatu diren pelikulak; esate baterako, Rotterdam eta Sundance jaialdietan urtarrilean eta Berlinen otsailean, eta Punto de Vista hautatu dutenak nazioarte-mailan lehen erakustaldiak egiten jarraitzeko. Tartean, honako hauek ditugu: “Aquí y allá”, Melissa Liebenthal-ena; “Apiyemiyekî?”, Ana Vaz-ena eta “małni - towards the ocean, towards the shore”, Sky Hopinka-rena. Horiez gain, munduko hiru premiere egongo dira Atal Ofizialaren barnean: “Reseve”, Gerard Ortín Castellví-rena, “Malembe”, Luis Arnías-ena eta “Notas, Encantaciones: Parte I”, Alexandra Cuestarena.

Jaialdian izango den ikus-entzunezko industria

Zinemagileak, ekoizleak, banatzaileak, kazetariak, akademikoak, artistak, ikasleak, zuzendariak eta estatuko eta nazioarteko jaialdien programatzaileak eta erakunde kulturaletako ordezkariak Iruñean izango dira Punto de Vista Jaialdian. Bertan izango dira, baita ere, Atal Ofizialeko 23 pelikularen zuzendari gehienak, atzera begirakoen protagonistak, beste ataletan pelikulak dituzten zinemagileak, DOKBIZIAn eta Punto de Vista Labs-en jarduerak dituzten artistak eta akademikoak, Atal Ofizialeko eta X Films-en Epaimahaiko kideak, X Films 2020ko hautagaiak eta 2010ean sortu zenetik X Films proiektuko hamar pelikuletatik bederatziren zuzendariak.

Egiaztatutako profesionalen artean, honako hauetako ordezkariak egongo dira: Donostiako Zinemaldia, ICAA, Pompidou Zentroa, Sofia Erregina Museoa, DocLisboa, Harvard Film Archive eta Haus der Kulturen der Welt, estatuko eta nazioarteko beste jaialdi, museo eta erakunde kulturalen artean.

Ute Aurand, Helga Fanderl, Jeannette Muñoz eta Renate Sami-ren atzera begirakoaren liburua

2020ko Punto de Vistaren argitalpena, Punto de Vista Bildumaren hamalaugarren izenburua, Ute Aurand, Helga Fanderl, Jeannette Muñoz eta Renate Sami-ri eskaini zaie; hots, aurtengo hiru atzera begirakotatik bateko protagonistak diren zinemagile alemaniarrei eta txiletarrari.

Argitalpen hau belaunaldi ezberdinetako lau artista horien obran konexioak miatzen dituen lehena da, eta urteetan zehar garatutako lankidetzen konstelazioaren, haien adiskidetasunaren eta batzuek besteengan izan duten eraginaren erretratua da.

Sarrerak salgai

Jaialdiko emanaldi eta jarduera guztietarako sarrerak dagoeneko salgai daude web gunean eta Baluarteko leihatilan. Gainera, jaialdiaren egunetan, beste leihatila bat jarriko da Baluarteko hall-ean.

Sarreren prezioa 3 eurokoa izango da, Planetarioan (5 euro) eta Kondestable Civivox-ean (doan) eskainiko diren saioetarako izan ezik.

(Albiste honi buruz gehiago jakin nahi baduzu, mesedez kontsulta ezazu gaztelaniazko bertsioa. Goiko nabigazio barra gorrian alda dezakezu hizkuntza).