Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak ikasgeletan kultur aniztasunaren inguruko formazio zehatza gehitzea aztertuko du
2020ko otsailaren 25a
Nafarroako Gobernuak ikasgeletan kultur aniztasunaren inguruko formazio zehatza gehitzea aztertuko du
Migrazio Politikak eta Justizia zein Hezkuntzako Departamentuek astearte honetan pertsona migratzaileen hezkuntzako arlo ezberdinetan lana koordinatzeko lan mahaia osatzeko konpromisoa hartu dute. Haler gida lerroa ezarri dute Nafarroako ikastetxetan kultur aniztasunaren balioak zabaltzeko. Zentzu horretan, mahai gainean jarri da ikasgeletan kultur aniztasunaren inguruko formazio zehatza ezartzeko aukera arlo horretan lan egiten duten elkarteen eskutik, ikasle zein irakasleak ere gai horretan hezteko.
Gaur bilera teknikoa egin dute, eta bertara bi departamentuetako zerbitzu ezberdinetako arduradunak joan dira. Horrela, arlo horretan partekaturiko ikuspegiak ezarri dituzte. Honako hau atzetik etorriko diren topaketak prestatzeko lehen bilera izan da; horietan, arlo bakoitza sakonduko dute elkarren laguntzarekin.
Jorratutako gaien artean, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak proposatu du helduek gazteleraz ikasteko gela-kopurua areagotzea Iruñean bertan nahiz beste herri batzuetan. Gela horiek Gizarte Zerbitzuek eskatuta kudeatuko lirateke, gure komunitatean migratzaileak errazago gizarteratzearren.
Hezkuntzan sartzea erraztea
Helduek gazteleraz ikasteko aukera izateaz gain, Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiak hezkuntza-sisteman sartzeko aukera erraztu nahi die iritsi berriak diren migratzaile gazteei, eta, era horretan, AHMP (Atzerritarrak Hizkuntzan Murgiltzeko Programa) gelak gehitzea proposatzen du, “ahal den neurrian, gaztelera ikastea azkartzeko, gazte horiek gela arruntetan eta gizartean oro har sar daitezen”.
Era berean, LHko eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan bitartekari kulturalak sortzeko aukera aurkeztu dute, kultura ezberdinak ulertzen eta berandu sartutako ikasle migratzaileak gelan nahiz eskolako beste espazioetan sartzen lagun dezaten. Horrez gain, “Ikasle etorkinentzako informazio-gida” berritzea eta hedatzea proposatu dute, egun erabiltzen dena, eguneratzea eta ale gehiago atera eta zabaltzea eskatzen baitu.