Descárgate la app
Nafarroak jasangarritasunean aurrera egiteko bonu berdeen eta sozialen jaulkipena indartzearen aldeko apustua egin du
2020ko otsailaren 25a
Nafarroak jasangarritasunean aurrera egiteko bonu berdeen eta sozialen jaulkipena indartzearen aldeko apustua egin du
Nafarroako Lehendakari Maria Chivitek gaur azpimarratu du beharrezkoa dela 2030 Agendan ezarritako iraunkortasun-helburuak “erabakitasunez” eta “ikuskera orokor eta toki-mailakoarekin” jorratzea, haren ustez, “gure planetak duen erronka orokor eta existentzial handiena” izanik.
Modu horretan, 2030 Agendako erronkei aurre egiteko Departamentu arteko Batzordea eratu da Nafarroan, eta toki-mailan ezarritako Agenda 21 direlakoak “birmoldatzeko” prozesua bultzatuko du aurten Landa Garapeneko Departamentuak, 2030 Agendako helburuetara egokitzearren. Halaber, Ekonomia eta Ogasun Departamentua lanean ari da bonu berdeak eta sozialak jaulkitzeko ekimenarekin aurrera jarraitze aldera (lehen aldiz 2019an sustatua), eta hori iraunkortasunarekin zerikusia duten jarduerak eta proiektuak ordaintzeko “erreferentziazko finantzaketa-esparrua” izateko helburuarekin.
Horiek izan dira 2030 Agendarako Nafarroako Departamentu arteko Batzordeak egindako lehen bileran legegintzaldi honetarako ezarritako bi helburu nagusiak; bilera, gaur goizean egin dute Nafarroako Jauregiko Joakin Elizondo aretoan, Maria Chivite buru dutela.
Bileran, baita ere, erakunde horretako ordezkari berriak aurkeztu dituzte; besteak beste, honako hauetako zuzendari nagusiak: Lehendakaritza eta Gobernu Irekia, Joseba Asiáin; Lurraldearen Antolamendua, Izaskun Abril; Aurrekontuak, Ondarea eta Politika Ekonomikoa, Begoña Urrutia; Industria, Energia eta S3 Proiektu Estrategikoak, Yolanda Blanco; Enpresa-arloko Politika, Nazioarteko Proiekzioa eta Lana, Izaskun Goñi; Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa, Maitena Ezkutari; Justizia, Rafael Celestino Sainz de Rozas; Hezkuntza, Gil Sevillano; Osasuna, Carlos Artundo; Ingurumena, Pablo Muñoz; Kultura-Vianako Printzea Instituzioa, Ignacio Apezteguía; Kanpoko Ekintza, Mikel Irujo; Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Errealitate Soziala eta Gizarte Politiken Plangintza eta Ebaluazioa, Luis Campo; eta Nafarroako Estatistika-NASTAT Institutuko zuzendaria, Pablo Cebrián. Bileran parte hartu dute, halaber, Babes Sozialeko eta Garapenerako Lankidetzako zuzendari nagusiak, batzordearen idazkari gisa, eta Lehendakariaren aholkularia den Felix Tabernak.
“Desberdintasun handia eta gero eta handiago egiten ari dena, jarduneko trantsizio demografikoa, lanaren etorkizuna, aldaketa klimatikoa eta hondamendi naturalak erabakitasunez jorratu beharreko arrisku-faktoreak dira”, ziurtatu du Chivite Lehendakariak bileraren hasieran, eta baita ere azpimarratu du “planeta-mailako erronka horiek guztiak instantzia bakoitzaren eta administrazio bakoitzaren erantzukizun publiko eta sozialetik, kolektibotik eta pribatutik landu behar direla”. Nafarroako Lehendakariak eskerrak eman dizkie departamentu guztiei horretan inplikatzeagatik, eta 2030 Agendan “konpromisoarekin, uste osoarekin eta itxaropenarekin” lan egitera animatu ditu.
2030 Agenda dokumentua Garapen Iraunkorrerako 2015eko irailean egindako Goi Bileran onartu zuten; bertan, NBEko Estatu Kideek Garapen Iraunkorreko 17 Helburu (GIH) eta 169 xede onartu zituzten pobreziari amaiera emateko, desberdintasunaren eta injustiziaren aurka borrokatzeko eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko. Nafarroan, Foru Parlamentuak 2016an jada adostu zuen GIH horiekin bat zetozen politika publikoak bultzatzea, eta, 2017an, Departamentu arteko Batzordea sustatu zuen Foru Gobernuak, ibilbide-orrialde horretan proposaturiko politika sozialak, ekonomikoak eta ingurumen-arlokoak egi bihurtzearren.
2030 Agendarekin jada bat egindako 67 plan guztira
Gaurko bilerak balio izan du pasa den legealdian zehar egindako lanak eta 2020tik aurrera aurrean izango diren erronkak aztertzeko, betiere “Nafarroako Gobernuko departamentu guztiek Garapen Iraunkorraren Helburuekin bat egin dezaten” (NBEk ezarritakoak 2030 Agendaren bitartez), Carbonerok adierazi duenez. Gaur egun, 2030 Agendako GIHak betetzera bideratutako 67 plan ditu jada Nafarroako Gobernuak.
Nafarroan aurtengo urterako aurreikusitako proiektuen artean, tokiko agendak egokitzeaz eta bonu berdeak eta sozialak jaulkitzeaz gain, aipatzekoak dira 2018an eta 2019an sustatutako ekimenen aurrerapenari buruzko txostenak egitea eta 2030 Agendan ezarritako helburuak Komunikatzeko eta Hedatzeko plana bultzatzea. Horrez gain, prestakuntza-ekintzak egingo dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko (NAPI) goi karguen eta langile publikoen artean.