Descárgate la app
Nafarroak Zehaztasuneko Medikuntza Pertsonalizatuaren buru izan nahi du estatu-mailan
2020ko otsailaren 21a
Nafarroak Zehaztasuneko Medikuntza Pertsonalizatuaren buru izan nahi du estatu-mailan
Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Juan Cruz Cigudosak, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Manu Ayerdik eta Osasun Departamentuko kontseilari Santos Indurainek gaur goizeko informazio-gosarian aurkeztu dute Nafarroako Medikuntza Pertsonalizatuaren Estrategia Integralerako Departamentu arteko Batzordea. Sortu berria den batzorde horren berri emateaz gain, Medikuntza Pertsonalizatuak haien eremuetara ekarriko dituen hobekuntzak azaldu dituzte kontseilariek.
Cigudosa kontseilariak metodologia honek herritarrentzat ekar ditzakeen aurrerapenak azaldu ditu. Haren iritziz, “lehen onuradunen artean, mailaz maila, gaixotasun arraroak dituzten gaixoak egongo dira. Nafarroan, 40.000 bat pertsona daude, Estatu osoan 3 milioi pertsona”.
Cigudosak adierazi du Foru Komunitatea gai dela Zehaztasuneko Medikuntza Pertsonalizatuaren ezarpenaren buru izateko estatu-mailan, “Genomika eta Medikuntza Aurreratuko proiektu estrategikoen deialdiaren bidez hartutako esperientziaren ondorioz”. Ildo horretan, estrategia ezarri ondoren, “Nafarroa azpiegitura eta langile espezializatuak dituen komunitate bakarra izango da Espainian, eta, era horretan, genoma osoaren analisiak eta irakurketak Nafarroako biztanleen osasuna hobetzeko beharrezkoa duen prozesuaren urrats guztiak ziurtatuko ditu”.
Horrez gain, Zehaztasuneko Medikuntza Pertsonalizatuaren estrategiak Nafarroako gizartean efektu ugari izango dituela ziurtatu du, osasun-laguntza hobetzeaz haratago; izan ere, ikerketa eta berrikuntza ez ezik, garapen ekonomikoa ere bultzatuko du.
Bestalde, Osasun kontseilariak medikuntza pertsonalizatua aipatu du “Departamentuaren erronka nagusi moduan, eta horri ilusioarekin eta zuhurtziarekin egin behar diogu aurre, sistemaren iraunkortasunaren aldetik nahiz ikuspegi etikotik”, esan du.
Indurainek medikuntza pertsonalizatua honela definitu du: “pertsonentzako medikuntza da, pertsonentzako aurrerapen eta tratamendu berriez ari baikara, eta hor giza faktorea ezinbestekoa da”. Gainera, Indurainen iritziz, “medikuntza hau osasun-arloko profesionalen aldeko apustu estrategikoa da, haiek gabe ezingo bailitzateke inolako aurrerapenik egin ez medikuntza pertsonalizatuan, ez beste edozein eremutan”.
Ildo horretan, Osasun Departamentuak “Berrikuntzari eta Osasunari” buruzko jardunaldia antolatu du, eta datorren ostegunean, otsailak 27, izango da Medikuen Elkargoan. Kontseilariak adierazi du saio horretan, besteak beste, arlo horretako erronka nagusiak eta programak jorratuko direla “tokikoa gainditzen duen begiradarekin”.
Bestalde, Ayerdi kontseilaria gustura agertu da Nafarroako Gobernuak Zehaztasuneko Medikuntza Pertsonalizatuaren Estrategia Integralaren aldeko apustua egin duelako, azken urteetan egiten ari den lanaren ondoren, eta ondorengoa azpimarratu du: “Cigudosa kontseilariak ondo adierazi duen moduan, estrategia horren ardatz ezberdinen artean batek aukera asko eskaintzen ditu gure lurralderako, eta hori garapen ekonomikoa da”. Ildo horretan, adierazi du datorren martxoaren 24an egingo den jardunaldian, “enpresa-munduko agenteekin eta gure komunitateko ezagutzaren arloko agenteekin lanerako adostutako planaren berri emango dutela, jarduera ekonomikoa bultzatu eta eremu horretan kalitatezko lanpostuak sortzearren. Eta hori guztia gure gaitasun zientifiko eta ikertzailean oinarrituta egingo da”.
Gaixo bakoitzari une egokian jarduera aproposena eskaintzea
Zehaztasuneko Medikuntza Pertsonalizatuaren eredu medikoaren helburua da gaixo bakoitzari une egokian jarduera aproposena eskaintzea; alegia, pertsona osasun-laguntzaren erdigunean zinez jartzea.
Gizaki bakoitzak 3 milioi aldaera genetiko baino gehiago ditu, eta, ondorioz, bakarra da, eta horiek, gainera, dituen edo etorkizunean izan ditzakeen gaixotasun batzuen arduradunak dira. Noiz izango dituen, seme-alabek heredatuko dituzten eta pertsona bakoitzak aplika dakizkiokeen zenbait tratamenduren aurrean nola erreakzionatuko duen zehazten dute. Halaber, hartu ohi diren botika askoren eraginkortasun-maila zehazten dute.
Zehaztasuneko Medikuntza Pertsonalizatu berria aplikatzearen aurreko erronkak honako hauen ingurukoak dira batik bat: parametro biomedikoak (sekuentziadoreak, biomarkagailuak, sentsoreak edo azken generazioko gailuak, besteak beste) sortzeko beharrezkoak diren teknologiak; teknologia horiek sortutako datuak gordetzea, prozesatzea eta erabiltzea; eta ezagutza hori eguneroko praktika klinikora itzultzea herritar guztientzako ingurune seguruan, etikoan eta bidezkoan.
Era berean, Estrategia honek Nafarroako enpresa-ehunari eta startup-ei Biomedikuntzaren arloan bultzada oso garrantzitsua eman diezaieke.
Nafarroa, erreferentea osasun-zerbitzu espezializatuak ematen
Nafarroa erreferentea da osasun-zerbitzu espezializatuen ikerketa, garapen eta prestazioan. Lidergo-postu horretan jarraitzeko, Nafarroako Gobernuak Medikuntza Pertsonalizatua hautatu du S3 Espezializazio Adimentsuko Estrategiaren erronketariko bat bezala, eta arlo horretan I+Gko proiektu estrategiko garrantzitsuak finantzatu ditu (GEMA, Genomika eta Medikuntza Aurreratua), tartean aipatzekoak dira Nagen1000ren emaitzak, NavarraBiomed-ek koordinatua, eta Dianaren emaitzak, CIMA-Nafarroako Unibertsitateak koordinatua.
Zehaztasuneko Medikuntza Pertsonalizatua Nafarroako osasun-sisteman finkatzeko urrats berri moduan, Foru Gobernuak abian jarri du Nafarroako Medikuntza Pertsonalizatuaren Departamentu arteko Estrategia. Estrategiaren xedea da inplikaturiko agente guztiak koordinatzea, osasun-sistematik hasi eta herritarrengana bitarte, industria-sektoretik eta horrekin loturiko beste erakundeetatik igaroaz.
Hori guztia dela-eta, Medikuntza Pertsonalizatuaren estrategia espezifikoa duen lehen komunitatea da Nafarroa eta eskualde liderra arlo horretan, estatuan nahiz nazioartean.