2020ko otsailaren 21a

Forma NAEN mugazgaindiko lanbide heziketako proiektuaren garapena eta hasiera aurkeztu du Nafarroak

Akitania Berria, Euskadi eta Foru Komunitateko 40 ikaslek parte hartu dute gaur Baionan egin diren lehen tailerretan

Ikasleak eta irakasleak Hezkuntzako arduradunekin, ostiral honetan Baionan.

Ikasleak eta irakasleak Hezkuntzako arduradunekin, ostiral honetan Baionan.

  Deskargatu irudia
Irudi galeria

Forma NAEN, mugaz gaindiko Lanbide Heziketa sustatzeko goranahiko proiektuan ari da parte hartzen Nafarroa. Proiektuaren aurkezpena eta hasiera ekitaldia gaur ospatu da Baionako Pirinio Atlantikoko Arte eta Lanbideen Ganberan. 

Forma NAEN Akitania Berriko, Euskadiko eta Nafarroako eskualdeen artean abian jarritako ekimen berria da, eta horren helburua da, 2020-2022 biurtekoari begira, lanbide-heziketaren arloan prestakuntza-eskaintza kualifikatua eta espezifikoa garatzea, mugaz gaindiko egoerara egokitua eta gazteei enplegurako benetako aukerak eskaintzeko gaitasuna duena. Proiektuaren barnean, ikasketak eta analisiak egingo dira —tituluak baliozkotzeko, gaikuntzak parekatzeko, eta abarretarako beharrezkoak—edota prestakuntza-modulu praktikoak burutuko dira. Zehazki, ondorengo lau helburu ditu proiektuak:

  • Mugaz gaindiko Kudeaketa Administratiboaren modulua diseinatzea, hiru eskualdetako legezko eta merkataritzako araudi ezberdinen izapidean adituak diren profesionalak trebatzeko, eta, aldi berean, haien arteko lan eta enpresa arloko harremanak gehitzeko.
  • Automozioaren sektorean lanbidea sartzea indartzea, tituluen eta gaitasunen baliokidetasuna eta baliozkotzea aztertuta eta trebatzeko eta mugitzeko esperientzia pilotu ziurtagiria egitea.
  • Prestakuntza-ikastaro teknikoa diseinatzea eta sortzea hizkuntza ezberdinetan, kudeaketa administratiboaren eta automozioaren arloetarako.
  • Sentsibilizazio-jarduera ezberdinak burutzea parte hartzen duten zentroetako ikasleen eta irakasleen artean. Ikasleei dagokienez, Euroeskualdeko lurraldeko garapen profesionalaren aukerak aztertuko dira; irakasleekin, berriz, aukera-berdintasunari eta garapen iraunkorrari buruzko zeharkako printzipioak jardunbide egokien jardunaldien bitartez. Proiektuak zazpi bazkide sustatzaile ditu, Euroeskualdeaz gain, eta hiru eskualdetako hamar erakunde kolaboratzaile:
  1. Nafarroari dagokionean, proiektua Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak sustatzen du, eta Donapea IIPk, Virgen del Camino IIPk eta Elizondo Lanbide Eskola IIPk esku hartzen dute.
  2. Akitania Berriaren kasuan, bazkide sustatzaileak honako hauek dira: Pirinio Atlantikoetako Lanbide eta Artisautza Ganbera eta Akitania Berriko Lanbide eta Artisautza Ganbera; horiez gain, esku hartzen dute Paul Bert Lanbide Institutuak, LGT Saint-Dominique, eta Louis de Foix Institutuak.
  3. Euskadiri dagokionez, bazkide sustatzaileak hauek dira: ZubiGune Fundazioa, Usurbil LHII, Ikaslan Gipuzkoa eta Tknika; halaber, esku hartzen dute Plaiaundi BHIk, Don Bosco LHIIk eta IVACek.

Ekimena gaur goizean ofizialki aurkeztu dute Baionako Lanbide eta Artisautza Ganberan, eta bertan honako hauek izan dira: Tomás Rodríguez Garraza, Nafarroako Gobernuko Lanbide Heziketako zuzendari nagusia; Esther Monterrubio Ariznabarreta, Nafarroako Gobernuko Lanbide Heziketako Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzuko zuzendaria; Andde Sainte-Marie, eskualdeko kontseilaria, Pirinio Atlantikoetako hautetsia; Iñigo Aristegui Arraiz, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketaren Departamentuko Nazioartekotze Arloko koordinatzailea; Nora Amorena Iturralde, Ikaslaneko lehendakariordea; eta Arola Urdagarin Ferreira, Euroeskualdeko zuzendaria.

Jardunaldiak proiektua abian jartzeko balio izan du, eta, era horretan, lanerako lehen tailerrak egin dira parte hartzen duten eskola ezberdinetako lanbide-heziketako ikasketak egun egiten ari diren berrogei ikaslerekin. Forma NAEN proiektuak 746.875,68 euroko aurrekontua du, eta horren %65a Eskualdeko Garapeneko Europako Funtsak (FEDER) finantzatzen du Interreg V-A programaren bitartez Espainian, Frantzian eta Andorran (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Espainia-Frantzia-Andorra mugako zonako integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Lurraldearen garapen iraunkorrerako baterako estrategien bitartez mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumen-arlokoak garatzeko da laguntza.