2020ko otsailaren 20a

Esportazioak %11,52 hazi ziren Nafarroan 2019an, eta lehen aldiz gainditu da 10.000 milioi euroko muga

Automozioaren sektorea Nafarroako esportazioen %46,4ra iritsi da, eta nekazaritzako elikagaien sektorea %11,4ra

2019an, Foru Komunitateko esportazioak %11,52 hazi ziren 2018arekin alderatuta, eta lehen aldiz 10.000 milioi euro baino gehiago izatera iritsi ziren, Kanpo Merkataritzako Espainiako Institutuak (ICEX) gaur argitaratu dituen datuen arabera. Manu Ayerdi Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko  kontseilariak adierazi duenez, “urte historikoa da, 10.000 milioiko muga gainditu dugu eta, gainera, merkatuak irekiz eta modu erregularrean esportatzen duten enpresa gehiago batuz egin dugu”.

Foru Erkidegoa 5.468 milioiraino iritsi zen inportazioetan, aurreko urtearekin alderatuta % 12,9 igoera izanik. Haren merkataritza-balantzean 4.678 euroko superabita eta % 185,5eko estaldura-tasa lortu ditu. Ayerdik esan du esportazioen eta inportazioen artean saldorik positiboena duen erkidegoa garela, eta Espainiaren batezbesteko hazkuntza % 1,8koa bada, Nafarroaren kasuan % 11,57koa dela.

Nafarroaren esportazioak sektoreen arabera xehakatuta, % 32 automobilgintzari eta % 14,4 automozioko osagaiei dagokie. Ondorioz, automozioaren sektoreko esportazioak % 46,4ra iristen dira. Aipatu behar da nekazaritzako elikagaien sektorean esportazioak % 11,4ra iritsi zirela, alegia, % 7,4ko igoera izan zuela, eta horri edarien sektoreko % 1,6 gehitu beharko litzaioke.

Merkatu berriak

Foru Erkidegoko esportazio gehienek bost helmuga dituzte: Frantzia, % 17,3, Alemania % 166, Italia% 9,8, Erresuma Batua % 5,7 eta Estatu Batuak % 4,9. Bost herrialde horiek Nafarroako esportazio guztien % 50 dira. Ayerdik esan bezala, “Europar Batasunera egiten diren esportazioak garrantzitsuenak izaten jarraitzen dute, pixka bat jaitsi badira ere. Bestalde, Ameriketako merkatura zabaltzen ari dira, 2018ko esportazioak % 9,9 izatetik azken urtean % 11,6 izatera pasaz”. Ildo horretatik, azpimarratu du Afrika eta Asia kanpo-merkatuan sartzen ari direla.

Halaber, esportazioak igo egin dira Nafarroako Nazioarteko Planaren merkatu estrategiko askotara; esaterako, Txina (% 8,1 gehiago), India (% 29,2 gehiago), Estatu Batuak (% 29,5 gehiago), Alemania (% 18,3 gehiago) eta Frantzia (% 13,3 gehiago).

Enpresa esportatzaile gehiago

2019an, 964 enpresa esportatzailek erregulartasunez jardun dute, 2018aren aldean % 24 igoera izanik eta 2020an 1.000 enpresa esportatzaile izateko Nafarroako Nazioarteko Planean zehaztutako helburura hurbilduz. Ayerdik azaldu duenez, “bide onetik goaz, asmo handiko zifra bat bada ere.”

Aipatu behar da Foru Erkidegoan bost enpresa esportazioen % 49,1era iristen badira ere, enpresa esportatzaile berriak agertu direla. Ayerdik esan bezala, “2016an, 888 enpresa esportatzaile genituen, eta 2019an, berriz, 964. Beraz, egiaztatu da enpresa handiez gain, beste enpresa txikiago batzuk ere aurrera egin dutela”.

Datu horiekin, Manu Ayerdik Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak Foru Erkidegoaren “ekonomia irekiaren” izaera azpimarratu du.