Descárgate la app
“Pertsonak Gara” Nafarroako Gobernuaren programak urte osoan egingo ditu Giza Eskubideen inguruko sentsibilizazio ekintzak
2020ko otsailaren 18a
“Pertsonak Gara” Nafarroako Gobernuaren programak urte osoan egingo ditu Giza Eskubideen inguruko sentsibilizazio ekintzak
“Pertsonak Gara” programa berriak urte guztian zehar eskainiko ditu Nafarroako Gobernuak Giza Eskubideen sentsibilizazioaren inguruan prestatutako ekintzak. Programa otsailaren 24an hasiko da eta lau ekintza bloke eskainiko ditu; Nafarroako herrietan erakusketa, omenaldi, tailer, ikusentzunezko eta mahai inguruak antolatuko dira tokiko elkarte eta erakundeen bitartez.
“Pertsonak Gara” programa berriak urte guztian zehar eskainiko ditu Nafarroako Gobernuak Giza Eskubideen sentsibilizazioaren inguruan prestatutako ekintzak. Programa otsailaren 24an hasiko da eta lau ekintza bloke eskainiko ditu; Nafarroako herrietan erakusketa, omenaldi, tailer, ikusentzunezko eta mahai inguruak antolatuko dira tokiko elkarte eta erakundeen bitartez.
Horrela azaldu dute gaur Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta Bizikidetza atalaren buru Irati Goikoetxeak prentsaurrekoan, Programaren barruko jarduera nagusiak aurkeztearekin batera. “Pertsonak gara” programaren asmoa da gizarteari oro har, sentsibilizatzeko jardueren bitartez, Giza Eskubideak zein errealitatetan urratzen diren erakustea eta egoera horiei erantzuna emateko lan egiten duten pertsonen, elkarteen, taldeen eta instituzioen garrantzia azpimarratzea.
Horrez gain, ekimen berria Nafarroako udalerri eta zona ezberdinetara eraman nahi da, uneoro toki-erakundeen parte-hartzea eta lankidetza bilatuaz.
Prentsaurrekoan, kontseilariak honela adierazi du: “urte hauetan zehar, Giza Eskubideak defendatzearen inguruko politika publikoak eta ekintzak bultzatu ditugu jarduera ezberdinen bitartez. Baina, programa honekin, Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako Zuzendaritzaren xedea da urrats bat haratago ematea eta urte osoan zehar indartzea gai honen inguruan egiten den sentsibilizazio-lana”.
Erakusketa, solasaldia eta artibismoa
“Pertsonak gara” programari otsailaren 24an emango zaio hasiera “Giza Eskubideak defendatzen” jardunaldiekin, eta, era horretan, hiru jarduera ezberdin egingo dira pertsona guztien eskubideak defendatzen lan egiten duten pertsonen eta taldeen garrantzia azpimarratzeko. Jardueren antolakuntzan, Burlatako eta Noaingo Udalek parte hartu dute.
Otsailaren 24an, astelehenean, 19:00etan, Burlatako Kultur Etxean, “Eskubideak defendatzen bizitzea / Vivir defendiendo derechos” erakusketa inauguratuko da, Brigadas Internacionales de Paz eta Mundubat erakundeena. Erakusketaren asmoa da, indarkeria eta arrisku egoerei aurre eginez, eskubide zibilak, politikoak, ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta ingurumen-arlokoak sustatzeko egunero lanean ari diren pertsona, erakunde eta komunitate guztiak aintzatestea. Erakusketan, giza eskubideen defendatzaileen 20 esperientzia biltzen dira, 5 herrialdetakoak: Mexiko, Honduras, Guatemala, Kolonbia eta Palestina. Erakusketa ikusgai izango da martxoaren 6ra bitarte.
Otsailaren 26an, asteazkenean, 19:00etan, hainbat aktibista bilduko dira Baluarten, giza eskubideak defendatzeko haien lekukotzaren berri emateko. “Ni, aktibista” solasaldiak ahotsa jarriko die Fátima Djarra Saniri (Afrikako Lorea), Itxaso Antoñana Azkarateri (ANAS), Jared Andino Avilari (CEAR) eta Jossue Pineda Paladari (CEAR). Solasaldiaren hasieran Fernando Armendarizek (Nafarroako Nazioarteko Babesa) parte hartuko du, gure eskubideak defendatzen dituena defendatzeko zer-nolako lana egin behar den azaltzeko.
Lehen jardunaldiak otsailaren 27an amaituko dira Noaingo Lorenea Zentroan; bertan, giza eskubideen aldeko artibismoari buruzko tailerra eskainiko du Irantzu Lekue artista eta aktibistak. Arte garaikidea, arte soziala, arte kontzeptuala, artibismoa, bideoartea, pintura eta eskultura lantzen ditu batik bat artistak, eta tailerrera joandakoei aukera emango die giza eskubideen urraketak salatzeko artearen bidez egindako esku-hartzeen adibide ezberdinak ezagutzeko. Tailerra helduentzat da, eta zati praktiko bat ere izango du, sormen-prozesu bati hasiera emateko; modu horretan, ikasleek, elkarteek eta herritarrek oro har esku hartu eta aldaketa klimatikoaren kontrako instalazioa egin ahal izango dute. Herritarrek gaurtik aurrera eman dezakete izena pazyconvivencia@navarra.es helbidera idatzita.
Gorroto-hitzaldiak
Maiatzean, “Pertsonak gara” programa diskriminazioetan, gorroto-hitzaldietan, aurreiritzietan eta estereotipoetan oinarrituko da. Jarduera-sortaren helburua izango da pertsonen eta taldeen eskubideak eta duintasuna erasotzen dituzten diskurtsoak desagerrarazten laguntzea eta ezberdinen arteko bizikidetzarako emozio eta sentimendu positiboagoak bultzatzen dituen giroa erraztea.
Maiatzean zehar, baita ere, “Elkarrekin bizi gorrotorik gabe idazten da” programa aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuak bultzatua, tartean elkarteak eta unibertsitatea, erakusketak eta giza liburutegiak dituena. Programari amaiera emateko, berriz, talde ezberdinek tailerrak egingo dituzte, film laburrak emango dira eta, azkenik, solasaldiak egingo dira.
Ekainaren bigarren hamabostaldian, “Pertsonak gara” programak Pedro Meca Zuazu domingotar aitaren pertsona publikoki sarituko du, 2015ean hila eta “Parisko eskaleen kapilau” bezala ezaguna. Jaiotzez Atarrabiakoa zen, 17 urte zituela Paris hirira joan zen, eta han La Moquette sortu zuen, "Gaueko lagunak" elkartearen egoitza. Bertan, kalean bizi diren pertsonak, arratsalde partean eta gauerdira bitarte, elkar daitezke, beren gauzak konta ditzakete eta beste pertsona batzuekin harremanetan egon. Pedroren mezua ez zen Parisen bakarrik mamitu; izan ere, Madrilen etxerik gabeko pertsonak artatzeko erakunde nagusietara etengabe egiten zituen bisitetan, haietara iristea ere lortu zuen.
Bigarren seihileko jarduerak
Urrian zehar, aterpea izango da “Pertsonak gara” programan jorratuko den gaia. Pertsona orok eskubidea du jatorriko herrialdetik edo ohiko bizilekutik kanpo babesa bilatzeko eta hori izateko haren bizitza arriskuan jartzen duen gatazkatik ihes egiten badu edo arraza, erlijio, nazionalitate eta iritzi publikoa direla-eta edo talde sozial jakin batekoa izateagatik jazarria izateko beldurrak baditu. Jardunaldien bitartez, gizartera gerturatu nahi dira ihes egin behar izan duten eta egunetik egunera Nafarroara iristen diren errefuxiatuen errealitate ezberdinak. Aterpea izateko eskubidea, harrera-betebeharra, integrazioa eta bizikidetza jorratu nahi dira erakusketen, esperientzien trukaketen, eztabaida-taldeen, dokumentalen eta mahai-inguruen bitartez.
“Pertsonak gara” programa abenduan amaituko da “Eskubide guztiak pertsona guztientzat - Todos los derechos para todas las personas” kanpainarekin; kanpaina Nafarroako Gobernuak 2017az geroztik antolatzen du Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren inguruan, eta beste urte batez hainbat jardueraren proposamena aurkeztuko du ikastetxeei eta gizarteari oro har zuzenduta. Jardueren ardatz nagusia elkarteekin egingo den III. Topaketa izango da.