Descárgate la app
Gazteak etxebizitza alokatzeko laguntzen Emanzipa programan parte hartzeko adina 31 urtetara zabaldu du Nafarroako Gobernuak
2020ko otsailaren 17a
Gazteak etxebizitza alokatzeko laguntzen Emanzipa programan parte hartzeko adina 31 urtetara zabaldu du Nafarroako Gobernuak
Nafarroako Gobernuak bi hobekuntza sartu ditu Emanzipa programan. Gazteak etxebizitzak alokatzeko laguntzak eskaintzen dituen programak jada 2.000 onuradun ditu. Alde batetik, 30 urtetik 31 urtetara zabaldu da parte hartzeko adin muga, eta bestalde, irisgarritasuna hobetuko da arretarako telefono bat eta pertsonalizatutako aholkularitza gehituz.
Berrikuntza horiek eta lehen funtzionamendu-urtearen balantzea aurkeztu dituzte gaur goizean prentsaurrekoan Lurraldearen Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria den Jose Maria Aierdik; Etxebizitzako zuzendari nagusi Eneko Larrartek eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari Carlos Amatriainek.
Zehazki, Emanzipa programaren bitartez, etxebizitzaren errendamendua ordaintzetik dagokien kenkari fiskalaren hileko aurrerakina ematen zaie onuradunei.
Ekimena 2019ko urtarrilean jarri zen abian, eta etxebizitza izateko eskubide subjektiboa onartzeko Foru Legearen barruan kokatzen da; hain zuzen ere, arau aitzindaria da Estatuan, 2018an onartutakoa. Halaber, etxebizitzen alokairua eskuratzeko moduko prezioan izateko politika bultzatzeko Nafarroako Gobernuak abian jarritako estrategian sartzen da; horretarako, sustapen publikoa egiten du, eta pisu hutsak mobilizatzen ditu alokairu-poltsaren bitartez, alokairua ordaintzeko laguntza ematearekin batera (Emanzipa eta DaVid programak).
Hobekuntzak ezagutzera emateko kanpaina
Aierdik zuzentzen duen Departamentuak ekintza ezberdinen bitartez programaren berrikuntzen berri emango du.
Aurrean adierazitako moduan, adin-muga 31 urtera luzatuko da, eta aholkularitza pertsonalizatu presentziala eskuratu ahal izango da, izapide telematikoaren osagarria. Zehazki, datozen asteetan, telefono-zenbaki bat aktibatuko da, hitzordu pertsonalizatua eskatzeko. Eskaerak astean behin artatuko dituzte Nasuvinsa (Navarra de Suelo y Vivienda SA) sozietate publikoko langileek.
Beraz, alderdi horiek ezagutzera ematearren, Departamentuak irratiko iragarkiak eta bideo bat prestatu ditu, eta musika-emisoreen eta sare sozialen (twitter, facebook eta instagram) bidez zabalduko dira, hurrenez hurren. Era berean, informazio-gutuna bidaliko die aurten programara sartzen diren biztanleei: 1997an jaiotako 6.971 gazte.
Balantze positiboa lehen urtean
Lehen funtzionamendu-urteko datuen arabera, 2019an 2.590 eskaera egin ziren, eta horietatik 1.964 eskaera onartu eta 310 ukatu zituzten. Halaber, 316 baja eman ziren programan. Nafarroako Gobernuak emandako hileko batez besteko zenbatekoa 344.458,61 eurokoa da.
Laguntzak lortutakoen %60,2a emakumeak dira (1.183) eta %39,7a gizonak (781). Eskaera egindakoen batez besteko diru-sarrerak urtean 12.942,41 eurokoak dira (%56,3 9.000 eta 18.000 euro artean urteko). Parte-hartzaileen batez besteko adina, berriz, 27,08 urtekoa da (%52 26 eta 29 urte artean).
Alokairuaren zenbatekoari dagokionean, batez beste 503,78 euroko errenta ordaintzen dute, eta onuradunen %50ak jasotzen duen prestazio arruntena hilean 100 eta 200 euro artekoa da. Ia kasu guztietan, errentamendu-kontratua titular bakarraren (%55,3) edo biren (%41,2) izenean aurkitzen da.
Herriei erreparatuta, kontratuen %28 Iruñekoak dira (490). Jarraian, distantzia handira, honako hauek daude: Tutera (77 kontratu), Burlata (43), Lizarra (42) eta Barañain (38).
Programaren ezaugarriak
Emanzipa programa urte bakoitzeko abenduaren 31n 23 eta 31 urte bitarteko adina duten gazte emantzipatuei edo emantzipatu nahian dabiltzanei zuzenduta dago.
Prestazioak eskuratzeko, gutxienez 3.000 euroko sarrerak eta gehienez 20.000 eurokoak (zerga oinarriaren zati orokorra gehi salbuetsitako errentak) izatea egiaztatu behar da pertsona baten kasuan; edo 30.000 eurokoak bi kideko edo kide gehiagoko familia-unitateen kasuan.
Alokatutako etxebizitzaren errenta gehienez 650 eurokoa izango da, eta aurrerakin moduan errentaren %50a ordainduko da; hau da, hilean gehienez 250 euro. Ordainketa hiru hiletik behin egingo da.
DaVid programa
Emanzipa programarekin batera, Nafarroako Gobernuak DaVid programa jarri zuen abian 2019. urtean, baliabide urriko familiei etxebizitzaren alokairua ordaintzea errazteko helburuarekin
2019an, 339 eskaera erregistratu dira, eta %65 emakumeek aurkeztu dituzte (221) eta %34,8 gizonek (118), batez beste 40,86 urteko adinarekin. Onartutako prestazioak hilean 49.166 euro izatera iritsi dira.
219 familia-unitate izan dira, 104 guraso bakarrekoak eta haien kargu 198 adingabe dituztenak; 110 eskatzaile, berriz, bikoteak, 283 adingabe haien kargu dituztenak, eta beste 5 hiru lagunekoak, 11 adingaberekin. Onuradunen batez besteko errenta 470 eurokoa da, eta prestazioaren zenbateko arruntena (%69,9ak jasotzen duena) hilean 150 eta 300 euro artekoa da.
Herrien arabera, Iruñean daude kasu gehien (112) eta, jarraian, Burlatan (16), Barañainen (14 ) eta Tuteran (12).
Programan parte hartu nahi duten pertsonek familiaren diru-sarrera haztatuak gehienez SARA (Errenta Egokiaren araberako Erosteko Nahikotasuna) 1,7 aldiz izatea justifikatu behar dute.
DaViden iraupena mugagabea da, eta urtero ematen da, baldintzak betetzen jarraitzen bada.