Descárgate la app
1.064 lagun daude deituta larunbatean administrari laguntzaile izateko oposizioen bigarren probara
2020ko otsailaren 13a
1.064 lagun daude deituta larunbatean administrari laguntzaile izateko oposizioen bigarren probara
1.064 lagun daude deituta heldu den larunbatean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikasgelategian, administrari laguntzaile izateko oposizioen bigarren probara; informatika-ariketa bat eta mekanografiako beste bat izanen ditu probak. Hobeto antolatzeko, hiru txandatan deitu zaie joanen diren milatik gora pertsonei.
joan den urtarrilaren 29an eginiko zozketaren arabera, lehen txanda -360 pertsonakoa- 09:30erako deituta dago; bigarrena -344 lagunek osatua- 12:00etarako; eta hirugarrena, 360 pertsonakoa, 15:30ean hasteko deituta dago. Lotura honetan ikus daitezke ikasgelen banaketa eta txanda bakoitzaren ordutegia.
Aurkeztu direnek informatika-proba eginen dut, eta horretan 60 item ebatzi beharko dituzte, denak berdin baloratuak: test erako 35 galdera, lau aukeraren arteko baliodun erantzun bakarra dutenak; eta beste 25 ekintza, kalkulu-orrietan edo emanen zaien pen drive bateko dokumentuetan egin beharrekoak.
Jarraian, mekanografia-proba eginen dute, programa informatiko bat erabiliz. Programa horrek azterketa egiten duen pertsona bakoitzaren lana balioztatzen du, 3 minutu ematen ditu teklatura egokitzeko, eta azkenik, 10 minutu eskaintzen ditu ariketa egiteko.
136 postuko eskaintza
Nafarroako Gobernuak iragan maiatzean argitaratu zuen administrari laguntzaile izateko 136 plazako deialdia: txanda libreko 61, sustapen-txandako 62 eta desgaitasuna dutenentzat gordetako 13.
7.908 pertsona izan ziren onartuak joan den azaroaren 1eko lehenbiziko proba egiteko; %75 aurkeztu ziren, hau da, 6.147. Lehen bi ariketak zuzendurik (hizkuntza- eta zenbaki-gaitasuna, ortografia eta pertzepzio-gaitasuna batetik; eta oinarrizko araudia bestetik), eta alegazioak ebatzirik, oposizioetarako Epaimahaiak argitara eman zituen behin betiko emaitzak. Horien ondorioz, orotara 1.064 pertsonari deitu zaie bigarren proba egitera.
oinarriak aintzat harturik, bigarren probarako deituta daude txanda libreko 1.000 nota hoberenak lortu dituztenak, eta horiez gain, 1.000 horietako azken nota berdindu dutenak, sustapen-txandara aurkeztu direnak eta desgaitasuna dutenen txandakoak.