2020ko otsailaren 7a

Nafarroako bio eta gourmet elikadura enpresak sustatzeko Mexiko Hirira misio berri batean parte hartzeko epea zabalik

Maiatzaren 11tik 14ra bitartean izanen da eta bilerak eginen dira banatzaileekin, sustapen-ekitaldiekin zein B2B negozio-bilerekin
Hizlariak Ekonomiaren Garapeneko ostiraletako gaurko jardunaldiko une 
batean. 
Hizlariak Ekonomiaren Garapeneko ostiraletako gaurko jardunaldiko une batean.   Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak enpresa misio berri bat aurkeztu du gaur, Garapen Ekonomikoko Ostiralen barruan, Mexikora, sektore turistikoaz gain, bio eta gourmet sektoreak sustatzea bilatuko duena. Misioa maiatzaren 11tik 14ra bitartean izango da, eta sektoreko enpresa eta elkarte nafarrei zuzenduta dago, eta gourmet zein bio nafar produktua ezagutaraztea eta sustatzea du helburu. Horretarako, agenda bat prestatzen ari dira, ondorengo jarduerekin, besteak beste, gourmet eta bio kateak zein  denden bisitak; B2B negozio-topaketak banatzaileekin, inportatzaileekin eta erosketa-arduradunekin; edo sustapen-ekitaldi bat, dastatzeak, showroom edo erakusketa-aretoa eta showcooking edo Nafarroako produktuen sukaldaritza-erakustaldia.

Era berean, misioaren helburuak Mexikoko agentzien, touroperadoreen eta preskriptoreen aurrean Nafarroa turismorako jomuga gisa sustatzea, eta Mexikoko hainbat administraziorekin topaketa instituzionalak egitea dira, azken batean, Mexikon dauden Nafarroako enpresei negozioak egiten laguntzeko.

Nafarroako enpresek ekimen berri honetan parte hartzeko eskaera egiteko duten epea gaurtik eta datorren martxoaren 6ra arte egonen da irekita. Ekintza hori gehienez Nafarroako 20 enpresa edo erakunderentzat, eta gutxienez 8rentzat, da. Parte-hartzaileak izen-emate ordenaren arabera aukeratuko dira.

Merkataritza libreko tratatua eta aukerak

Gaurko jardunaldian Miren Ausin Nafarroako Gobernuko Nazioarteko Proiekzio Zerbitzuko zuzendariak hitz egin du, eta datorren maiatzeko misioa nola garatuko den azaldu du. Gainera, Yannis Virvilis Europako Batzordeak Espainian duen ordezkaritzako prentsa-agregatuak, eta Javier Duque Merkataritzako Estatu Idazkaritzako EBko Merkataritza Politikako zuzendariordetza nagusiko kideak ere hartu dute parte jardunaldian, eta Europar Batasunak Mexikorekin duen Merkataritza Itun berria azaldu dute. Itun horrek abantaila handiak ekarriko ditu Mexikoko merkatuan lan eginen duten Nafarroako enpresentzat.

Azkenik, Lloyd de Villamayorrek, Visionako, Mexikon Nafarroako Gobernua babesten duen aholkularitza enpresako, nazioartekotze arduradunak, Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorerako dauden aukerak azaldu ditu.

127 milioi biztanlerekin eta 2050ean munduko 5.a izanen den ekonomiarekin, Mexikon gorantz doa bio eta gourmet elikagaien kontsumoa eta mexikarren %15 gourmet produktuen ohiko kontsumitzaile dela uste da.

Webgune berria Mexikoko merkaturako

Jardunaldian, gainera, Mexikoko merkatuan negozioak egin nahi dituzten Nafarroako enpresei zuzendutako webgune berria aurkeztu dute. blogpin.navarra.es/mexico webguneak merkatu horretan interesa duten Nafarroako enpresentzako kontsulta-zerbitzua eskaintzen du. Asteazkenetan emanen da arreta.

Gogoratu behar da Mexiko dela Nafarroako Nazioarteko Planaren barruan Nafarroako enpresentzat lehentasunezkotzat ezarritako bederatzi merkatuetako bat. Horrela, interesgarri gisa definituta dago nekazaritzako elikagaien, energia berriztagarrien eta automobilgintzaren sektoreentzat.