Descárgate la app
Nafarroak prestakuntza berezia abiatu du goi mailako kirolarien enpresa mundura igarotzea errazteko
2020ko urtarrilaren 30a
Nafarroak prestakuntza berezia abiatu du goi mailako kirolarien enpresa mundura igarotzea errazteko
Nafarroako Gobernuak Nafar Lansare eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren bitartez, prestakuntza-programa berritzaile bat jarri du abian, goi-mailako kirolarien gaitasunak enpresa-arloan eskatzen diren gaitasunetara egokitzeko, laneratze arrakastatsua izan dezaten.
"Adapta/Moldatuz 20.30" izenarekin, Espainian enplegurako prestakuntza-arloan sortutako era horretako lehen programa da. Lehen edizioa martxoaren 2an hasiko da, astelehenean. 15 astekoa izango da, 135 ordu trinkokoa, eta ekainaren amaiera aldera amaituko da. Interesa duten kirolariek (Nafarroan 600 GMK daude) hautapen-prozesuan izena eman ahal izango dute otsailaren 14ra bitarte.
Eskubide Sozialetako eta Kultura eta Kiroleko kontseilariak, Carmen Maeztu eta Rebeca Esnaola, izan dira hurrenez hurren prentsaurrekoan, Abel Barriola pilotari ohiarekin eta Maitane Melero ingeniari errekordunarekin batera, eta azaldu dute programaren abiapuntua dela kiroleko lidergo-jarrera (norberaren gainditzea, lehiakortasuna, talde-lana, norberaren bizia emateko gaitasuna,…) enpresa-arloan erantzukizun berrietara eraman daitekeela, profil profesional berriei erantzuna emango dieten pertsonak behar baitira Marketing arloan, alor komertzialean eta bezeroekiko harremanetan, gertaerak eta esperientziak antolatzerakoan edo publizitatea egiterakoan. Ekimenaren bitartez, goi mailako kirolariek errendimendu-jarduera uzterakoan edo baita aurretik ere dituzten zailtasunak lehengoratzea lortu nahi da.
“Askok egokitzeko edo lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzte edota autoestimuaren ingurukoak, aktibatzearenak edo aukera-zailtasunak. Kirol Olinpikoen Elkarteak (KOE), beste kirolari-mota batzuentzat, laguntza-dinamika sortzen du, baina eredu horrekin ez da premia konpontzen”, adierazi du Rebeca Esnaolak, Kultura eta Kiroleko kontseilariak. Halaber, esan du jarduera hau Nafarroako Kirolaren Institutuaren funtzioan sartzen dela; hots, kirola eta kirolariak sustatzeko eginkizunean.
Horretarako, NEZ-NLk, Kirolaren Institutuarekin elkarlanean, goi mailako kirolariaren egoera eta abantaila lehiakorrak aztertu ditu, ad hoc programa diseinatzearekin batera, eta programa hori politika publikoetatik sortutako premietatik nahiz sektorialen eskaeretatik eratortzen diren gaitasun profesionalen garapena sustatzeko programa berrian sartzen da.
Horrez gain, ikastaroa berezia da “prestakuntza-prozesua berria izateagatik; bertan, metodologia aktiboak eta enpresa-eremuetan benetako proiektuen gaineko erronka berriak egitea sartzen dira, goi mailako kirolarien ezaugarri bereziak kontuan hartuta eta prestakuntza egokiarekin, etorkizuneko aukerak barneratu ditzaten eta profil berri horiek hartu nahi dituen enpresa-ehunera hurbildu daitezen”, azaldu du Maeztuk.
Maitane Melerok, bestalde, honela baieztatu du: "kirol-bizitzan zehar zaila da ikasketak eta lana uztartzea, baina etapa horrek iraungitze-data du. Beti galdetzen diozu zeure buruari bihar zer gertatuko den. Hori dela-eta, ikastaro honek, daukagun jakinduria indartzen lagunduko digu; hala nola, kirol-bizitzako urteetan zehar eraikitako gure irudia erabiltzen, proiektuak garatzen eta, batik bat, kirolaz haratago lan-eskaintza dagoela jakiten".
"GMK kirolariek bizitzarako aberasgarriak diren trebetasunak garatzen dituzte, baina erretiratzen direnean ezagutzak falta dituztela uste dute. Une horietan galduta sentitzen zara, eta kirolari askok kezka hori izaten dute. Ni ikasten hasi nintzen 40 urterekin”, ziurtatu du Abel Barriolak, eta ikastaroaren sustatzaileak ere zoriondu ditu: “Proiektua pertsonalki gauza harrigarria dela uste dut, azken urteetan kirol-munduan egon den albisterik onenetarikoa, hutsunea nabari baitzen. Tresna oso erabilgarria eta irtenbidea ere izan daiteke”.
NEZ-NLk Goi Mailako Kirolariei zuzendutako prestakuntza-espezialitate hau Estatuko Enpleguaren Zerbitzu Publikoan (SEPE) katalogatzeko prozesua abian jarri du, behin aztertuta prestakuntza-espezialitateen katalogo ofizialean sartu eta beste autonomia erkidegoetan ere emateko aukera izan dadin.
Erakunde sustatzaileek informazioa emateko bilera batera deitu ditu federazioak, kirol-entitateak eta klubak; bertan azalduko dituzte, baita ere, hautapen-prozesua eta izena emateko bidea. Bilera otsailaren 4an (asteartea) izango da Kirolaren Etxean (Navarra Arena).
Prozesu horretarako adapta2030.DAN@gmail.com posta prestatu da. Kontsultak nahiz hautapen-prozesuan izangaiei eskatuko zaien beharrezko dokumentazioa helbide horretara bidali ahal izango dira.
Prentsaurrekoan izan dira, halaber, Nafarroako Enplegu Zerbitzu-Nafar Lansareko zuzendari kudeatzailea, Miriam Martón, eta Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Pozueta.
Prestakuntza, metodologia eta klaustroa
Zehazki, "Adapta/Moldatuz 20.30" eskola, praktika edo laneko 135 orduko programa da. Goi mailako kirolarientzat (GMK) da, modu horretan onartuta daudenentzat, haien kirol-trebetasuna beste lanbide batekin konbinatzeko edota karrera amaitu eta beste zerbait egiteko.
Prestakuntza-programak, batetik, ezagutzei buruzko bost moduluen gaineko ibilbidea eskaintzen du. Lehena sarrerakoa da, GMKen baliabideei eta gaitasunei buruzkoa. Beste lautan honako gai hauek jorratuko dira: ekonomia, finantzak eta enpresa-estrategia (aisiaren industria, fiskalitatea, lege-alderdiak, egile-eskubideak); ekintzailetza, marketinga, komunikazioa eta babesa (ekintzailetzan ikastea, posizionamendua, marka sortzea); enpresako harremanak (osasuna, Erantzukizun Sozial Korporatiboa (ESK), e.a.) eta, azkenik, praktiken eta entrenamenduaren modulua. Astelehenetan emango dira (6 ordu).
Jardunaldi bakoitza osatzeko, lanerako tailerren saio berezia egingo da ostegun eguerdietan eta arratsaldeko lehen orduan (3 ordu), eta, horrela, metodologia dinamikoaren, aktiboaren eta parte-hartzailearen bitartez, ikaskuntzak sistematizatu eta pertsona bakoitzaren eta taldeen ezaugarriak eta beharrezko gaitasunetarako bilakaera sakonduko dira, erronkak eta horien sorrera sustatuaz.
Metodologia arinak erabiliko dira, bereziki praktikoak, erronkara bideratuak, izena emandako pertsonek jarduera-prototipoak gara ditzaten enpresa-ehuneko eremu ezberdinetan, eta hori guztia tutoreen aholkularitza pertsonalarekin.
Taldean egiteko eta goi mailako gaitasunak garatzeko (lidergoa, taldea, komunikazioa, ikaskuntza, autonomia, arazoen konponbidea, bezeroarekiko orientazioa,…) bi proiektu erreal ezarriko dira. Horrez gain, parte-hartzaileek ikasteko kontratua, ikaskuntzen eta gaitasunen katalogoa eta egindako lanen eta erronken portfolioa sortuko dituzte. Amaitzeko, berriz, Espezialitate Amaierako Lan bat egitea proposatzen da norberaren interesaren arabera.
Gehigarri gisa, master class zikloa programatuko da ospe handiko profesional eta kirolariekin; hala nola, Manu García (Alavés SADeko kapitaina.); Mikel Idoate, Velatorios Izarrako kudeatzailea eta pilotari profesional ohia; eta Aitor Arregi, Elkano Erretegikoa (michelin izar bat). Saioak beste kirolari, klub eta federazioentzat nahiz NEZek Adapta/Moldatuz 20.30 programaren barnean sustatzen dituen beste prestakuntza-prozesuetako parte-hartzaileentzat irekita egongo dira.
Prestakuntza-prozesua egiaztatutako profesionalek (horietako asko kirolari profesional ohiak eta elitekoak) osatutako klaustroak emango du, lan-errealitatea zuzenean ezagutzen dutenek eta lan-arlo bakoitzean esperientzia dutenek: Juan Tomás Apecechea (NKIko Kirol Erakundeen eta Errendimenduaren Ataleko burua eta Anaitasuna taldean entrenadore izandakoa); Joseba Carricas (Ingeniaria); Candela Martínez (ARPA Abogados); Fernando Armendariz (ARPA Abogados); Marc Bertrán (A&G Banca Privada); Carlos Mangado (CM); María Beúnza (Happeninn Innovacion); Iranzu Velasco (Kazetaria); Josean Ascarza (Oniria Consulting); Eva Amezcua (Oniria Consulting) eta Mikel Izquierdo (Departamentuko burua eta NUPeko Katedraduna).
Adapta 20-30: politika publikoen zerbitzura
Programa NEZ-NLk legealdi honetan indartuko duen lan-ildoaren barnean sartzen da, politika publiko sektorialak Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuekin garatzen laguntzeko, Maeztu kontseilariak azaldu duenez. Lan-ildo hau “Adapta /Moldatuz 20.30” deitzen da, administrazio-arteko lankidetzakoa da, eta egiten hasiko diren Enplegu Planean jasoko da.
“Aldaketa azkarren garai honetan, pertsonak eta enpresak etorkizuneko lanbideetara eta enplegu-hobietara egokitu behar ditugu. Enplegu-hobi berriak edo sektore berritzaileak izan daitezke, baina negozio tradizionalen aukera eta ikuspegi berriak ere bai. Eta horrek etorkizuneko profesionalak trebatzea eta egungoak prestakuntza espezializatuekin birziklatzea eskatzen du”, adierazi du NEZ-NLko zuzendari kudeatzaile Miriam Martonek. Modu horretan, industria kulturalak eta sortzaileak, despopulatzearen aurkako borroka, aldaketa klimatikoa, e.a. bezalako erronkak aipatu ditu.
NEZ- NLk jada esperientzia badu 3D Industria Animazioko Entretenimendu Industrien Sustatzaile eta Kudeaketa ikastaroarekin. Era berean, gaitasun profesionalak garatzeko prestakuntza-prozesu horren ildoan programa berriak prestatzen ari da ekonomia aurreratuaren eremuan eta metodologia aktiboetan oinarrituta erronken bitartez.