2019ko abenduaren 30a

Garapen Ekonomikoak kalitatezko enplegua sortzea eta sendotzea du helburu, industriaren eraldaketa digitalaren, energia trantsizioaren eta Espezializazio Adimenduneko Estrategiaren garapenaren bidez

Horretarako, departamentuak 83.662,437 euroko aurrekontua izango du 2020an

Manu Ayerdi kontseilariak zuzentzen duen Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak, enplegua sortzearen eta finkatzearen alde egiten jarraituko du 2020an, espezializazio adimenduneko S3 estrategia garatzearen, industria eta enpresa ehuna 4.0 industria eredura eraldatzearen, energia trantsizioaren eta Nafarroako Turismoaren Plan Estrategikoa hedatzearen alde. Horretarako, guztira 83.662,437 euroko aurrekontua du departamentuak.

Zenbateko osotik, 36.853,285 euro Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiarentzat izango dira; 27.933,989 euro Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiarentzat; Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiarentzat 9.244,439 euro; eta Idazkaritza Nagusi Teknikoarentzat eta Kontseilariaren kabinetearentzat 412.484 euro.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak, daukan aurrekontu-zuzkidurarekin, plan estrategikoak (ekintzailetza, industria, nazioartekotzea, gizarte-ekonomia eta lan autonomoa) berrikusi eta eguneratuko ditu, Nafarroako S3 estrategiaren inplementazioaren barruan. Horretarako, hainbat ekintza jarriko ditu martxan, lehiakortasuna bultzatzeko, industria eraldatzeko, ETEak nazioartekotzeko, ekintzailetzarako, ekonomia sozialerako eta eskualdeko aktibaziorako helburuarekin. Ildo horretan, Enpresa Politikaren Zuzendaritza Nagusiak 100.000 euroko partida aurreikusi du 2020rako, Nafarroako Talentuaren Plana egiteko, datozen urteetan S3ko sektore estrategikoetan eta, oro har, Nafarroako industria egituran profesionalak eta ikertzaileak sartzeko erronka handiari erantzuteko.

Era berean, kluster politika eta enpresa-elkarteak babestu eta bultzatuko dira, estrategia partekatuen inguruan benetako lankidetza publiko-pribatua bilatuz, lurraldearen mesedetan sinergiak sortuz. Industria eraldatzeko ere eginen da lan, lehiakortasun-deialdien, digitalizazioko edo enpresa digitaleko ibilbideen edo/eta Datu Zientzien Laborategia programaren eta bertze batzuen bidez.

Gobernuak 20 milioi euro baino gehiagoko laguntza ematen jarraitzen du nekazaritzako elikagaien industrietan eta enpresa txiki eta ertain industrialetan inbertitzeko, eta baita Nafarroako enpresa-sarearen nazioartekotzea bultzatzen ere, zuzeneko laguntzen eta merkataritza-diplomaziaren bidez laguntzeko programen bidez.

Sodenak eta CEINek funtsezko tresnak izaten jarraitzen dute Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentutik ekintzailetza eta Nafarroako enpresa-sarearen bultzada sustatzeko.

Azkenik, zuzendaritza nagusi horrek bere politika publikoen bidez, bertzeak bertze, enpresa-eredu berria, enpresen gizarte-erantzukizuna, kontziliazioa, lan-arriskuen prebentzioa, gizarte-elkarrizketa eta lan-baldintzen sorrera sustatzen ditu, enpresa-eredu iraunkorragorantz aurrera egiteko.

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak datorren urterako esleituta duen zenbatekoarekin, Nafarroako Energia Plana bektore guztietan ezartzen jarraituko du, energia berriztagarrien instalazio berrien sustapenean, biltegiratzean, mugikortasun jasangarrian, sorkuntza banatuan eta autokontsumoan, bertzeak bertze. Horrela, energia ekoizteko eta banatzeko egungo sistema eraldatu nahi da, energia berriztagarrietan, aurrezpenean, energia-eraginkortasunean eta tamaina handiko ekoizpen eta banaketa instalazioen eta lurraldean sakabanaturik eta azken kontsumitzailearengandik hurbil dauden bertze instalazio txikiago batzuen artean banaturik daudenetan oinarritzen den bertze sistema batean. Eredu berriak, ingurumena gehiago errespetatzeaz gain, gizarte osoarentzat bidezkoagoa eta eskuragarriagoa izatea bilatzen du. Gaur egun, 2.266 MW energia berriztagarri instalatzea izapidetzen ari dira. Ardatz horretan, ibilgailu elektriko, autonomo eta konektaturako trantsizioaren erronka ere sartzen da. Era berean, energia-agentzia sortuko da, eta, aldi berean, industria eta meatze antolamenduko jarduerak aurrera jarraituko du.

Departamentuak, zuzendaritza nagusi horren bidez, era aktiboan lagunduko du Nafarroako Espezializazio Adimendunen S3 Estrategiaren barruan dauden proiektu estrategikoak definitzen eta sustatzen: Medikuntza Pertsonalizatuko Estrategia Integrala, Europako Berrikuntza Digitaleko Poloa, Ibilgailu elektriko, autonomo eta konektatuaren Nafarroako plataforma, NAVEAC...

Industria eta enpresa egitura 4.0 industria-eredura eraldatzea eta gaikuntza-teknologiak erabiltzea funtsezko erronkak dira. Gaur egun Nafarroan dagoen berrikuntzarako eragileen sarearen aldeko apustua sendotzeaz gain, gune fisiko bat sortzen ari gara NUPen, Europako Berrikuntza Digitalaren Poloaren ondoan, aurretik dauden errealitateak elkartzeko, hala nola Sodena, Cein, Naitec, klusterrak, eta baita apustu berriak ere, erabileraren bidez ETEek ezagutzeko eta ikasteko aukera izanen duten Living Lab izenekoa, eta baita Adimen Artifizialaren alorrean erreferentziazkoa izanen den zentro teknologikoa ere.

Era berean, aurrera jarraitzen du enpresarekin eta proiektu estrategikoak egitearekin erlazionaturiko I+G+b arloari zuzendaritza nagusiak ematen dion bultzada, 22 milioi eurotik gorako laguntza deialdien bidez.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak, bestalde, Nafarroako Turismoko Plan Estrategikoa hedatuko du. Horretarako, hainbat alderdi indartuko ditu: Sektorearen Prestakuntza Plana, gune turistikoak kudeatzeko lurralde ereduaren garapena, Nafarroa produktu turistikoa sortzea, eta produktu eta zerbitzu turistikoak merkaturatzeko sektoreari laguntza ematea, komunitatearen nazioarteko sustapena ahaztu gabe.

Gainera, zuzendaritza nagusia Turismoari buruzko 2003ko Foru Legearen aldaketan murgildurik dago. Lege horrek aldaketa garrantzitsuak ditu sektorearentzat: turismo-ostatuaren esparruan figura berri bat arautzea; turismo-bitartekaritzaren jarduerarekin loturiko berrikuntzak; bidaiariaren babesa eta bidaia konbinatuen eta horiekin loturiko bidaia-zerbitzuen antolaketa eta merkaturatzea, bertzeak bertze.

Merkataritzaren esparruan, Zuzendaritza Nagusiak, Hurbiltasuneko Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko Planaren barruan, legegintzako ekimen bat sustatuko du Ekonomia Sustatzeko Eremuak (BID, ingelesezko siglak) izeneko figura arautzeko, Merkataritzaren lehiakortasunerako tresna gisa. Era berean, lehentasunezko helburu gisa planteatzen da plan horren 1.1.1 neurria gauzatzeko bidean aurrera egitea eta merkataritza azaleraren eta eskaintzaren egoerari buruzko oinarrizko txostena eginez Nafarroako Merkataritza Sistema zehaztea. Azterlan horrek, aldi berean, indarrean dagoen merkataritza-araudia eguneratzeko edo garatzeko beharra baloratzeko aukera emanen du.

Lehentasunezko jarduera horiei, ETEen lehiakortasuna hobetzeko, asoziazionismoari laguntzeko eta, bereziki, landa-merkataritzaren desagerpena geldiarazteko eta toki-erakundeak beren hiriguneetako merkataritza-jardueraren garapenean inplikatzeko jadanik lantzen ari diren lan-ildoak gehitu zaizkie.

Era berean, kontsumitzaileak defendatzeko eta merkatua kontrolatzeko eta lehia sustatzeko eta defendatzeko jarduerarekin jarraitzen da, Kontsumo eta Arbitraje zerbitzuaren bidez. Arlo horretan, departamentuak Kontsumitzaileen Defentsarako Lege berri bat egitea aurreikusten du. Kontsumo arduratsuan hezteko programak aurrera jarraitzen du, eta 2020-21 ikasturtean eragin berezia izanen du DBHko ikasleengan. Era berean, DBHko 3. eta 4. mailakoei eta Batxilergoko ikasleei zuzenduriko finantza-hezkuntza programa planteatuko da.

Merkatuaren kontrolaren arloan, merkataritza elektronikoa eta zerbitzuen on line kontratazioa kontrolatzeko zenbait kanpaina gauzatuko dira. Lehiaren arloan, kontratazio publikoan lehiaren aurkako jardunbideak hautemateko eta Estatuaren Laguntzei buruzko trebakuntza emateko prestakuntza-plan bat gauzatzen jarraituko da langile publikoentzat.