Descárgate la app
"Ezagutu nazazu laguntza txakurra naiz" programa aurkeztu dute, Biak Bat erakundearekin elkarlanean, laguntza-txakur bat zer den eta bere aurrean nola jokatu behar den azaltzeko
2019ko abenduaren 19a
"Ezagutu nazazu laguntza txakurra naiz" programa aurkeztu dute, Biak Bat erakundearekin elkarlanean, laguntza-txakur bat zer den eta bere aurrean nola jokatu behar den azaltzeko
Eskubide Sozialetako kontseilari Mª Carmen Maeztuk "Ezagutu nazazu, laguntza txakurra naiz" programa aurkeztu du gaur, Josune Azpiroz Biak Bat irabazi asmorik gabeko erakundeko psikologo eta koordinatzailearekin batera. Erakunde hori animaliekin lagundutako esku-hartzeetan aritzen da, eta proiektu hori 2011tik garatzen du, eta egun, Eskubide Sozialetako Departamentuaren laguntzarekin. Lan honen helburua da azaltzea zer den laguntza-txakur bat, zer motatakoak dauden, herritarrek zer jarraibide bete behar dituzten animali hauen presentziaren aurrean, eta zer hobekuntza dakarzkien desgaitasunen bat duten pertsonen bizitzari.
Ezgaitasuna duten pertsonak, laguntza-txakurrekin daudenean, gune irekietan eta mugatutako beste gune batzuetan sartu, ibili eta egoteko askatasuna arautzen duen 3/2015 Foru Legea betetzea bermatzeko Gizarte Eskubideen Departamentuak abian jarri dituen azkeneko neurrietako bat da ekimen hau. Lege horrek ezgaitasuna duten pertsonek laguntza-animalia horiekin sartzeko eta animalia horiek erabiltzeko duten eskubidea arautzen eta eraentzen du eta, lege horri esker, alor horretan aitzindaria da Foru Komunitatea.
Prentsaurrekoan, laguntza-txakurrei buruzko informazioa zabaltzeko prestatu diren materialak erakutsi dituzte Maeztu sailburuak eta Biak Bat elkarteko kide Josune Azpirozek: alde batetik, dibulgaziozko bi bideo egin dira, euskaraz bata eta gazteleraz bestea, informazio bera ematen dutenak, erabat eskuragarriak direnak eta dagoeneko Youtube kanalean daudenak; bestalde, berriz editatu da aurrez zegoen gida bat, oraingo honetan bi hizkuntzetan.
Biak Bat elkartearekin lankidetzan
Biak Bat elkarteak Altsasun du egoitza, eta txakurrak hezten eta zaintzen ditu, prozesu terapeutikoetan edo hezkuntza-prozesuetan modu aktiboan parte har dezaten; elkarte horrek “Ezagut nazazu, laguntza-txakurra naiz" programa jarri zuen abian, era horretako txakurren erabiltzaileek batez ere espazio publikoetara sartzearekin lotuta dituzten eskubideak ezagutarazteko, bai eta txakur horiek dibertsitate funtzionala edo gaixotasun jakin batzuk dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko egiten duten ekarpena ezagutzera emateko ere.
2019an, Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziak eta Biak Bat elkarteak elkarrekin egin dute dibulgaziozko kanpaina bat. Horretarako, laguntza-kontratu bat formalizatu da erakunde horrekin, 10.000 eurokoa.
Kanpaina horren barruan, barne-jarduketak zein herritar guztiei zuzendutakoak programatu dira.
Maeztu sailburuak azaldu du erakunde publikoei (toki erakundeei batez ere) eta elkarteei zuzendutako informazio-saioak antolatu direla Nafarroako 7 eremutan: Iruñean eta Iruñeko eskualdean, Sakanan, Tuteran, Baztanen, Zangozan, Tafallan eta Lizarran.
Saio horietan, “Ezagut nazazu, laguntza-txakurra naiz” gidaren oinarrizko alderdiak aurkeztu dira, laguntza-txakurrak erabiltzen dituzten ezgaitasundun pertsonen eskubideekin zein irisgarritasun publikoarekin lotutakoak. Kolektibo horiek legea betetzearekin konprometitu daitezen lortu nahi da. Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziako teknikariei aholkularitza eman zaie, bestalde, laguntza-txakurren baloraziorako, ziurtapenerako eta jarraipenerako protokoloak ezartzeko bidean aurrera egiteko helburuz. Protokolo horiek 2020an amaitzea espero da.
Gizarte Eskubideen Departamenduak Iruñeko Erreginaren kaleko bere egoitzan duen Laguntzako Produktuen Zentroan erreferentziazko espazio bat sortzea ere aurreikusten da, laguntza-txakurrekin lotutakoa, animali horiei buruzko informazioa eta aholkularitza eta materialak eskainiko dituena, bai eta berreditatutako gida eta orain aurkeztu diren bideoak ere.
“Ekimen honi esker”, adierazi du Maeztu sailburuak, “Nafarroa erreferente bihurtu da gainerako autonomia erkidegoentzat, orain berreditatu dugun gida eta aurkeztu ditugun bideoak baitira laguntza-txakurren erabiltzaileek dituzten eskubideak sustatzeko Estatuan dauden material bakarrak”.
Gaur egun, laguntzako 7 txakur daude erregistratuta Nafarroako Gobernuaren erregistro ofizialean –6 itsu-txakur eta alerta medikurako bat–, baina uste da gutxienez 12 itsu-txakur, alerta medikurako bat eta “seinale-txakur” bat daudela une honetan Nafarroan.
Sailburuak ekimenaren balorazio positiboa egin du, eta zera azpimarratu du: “lan asko dago oraindik egiteko, batez ere laguntza-txakurrekin ibiltzen diren pertsonen eskubideen zabalkundeari eta haien aurrean jokatu beharko genukeen moduari dagokionez eta, zalantzarik gabe, zeregin horretan oso lagungarriak izango dira egin ditugun bideoak eta gida”.
Bestalde, ezgaitasuna duten pertsonek laguntza-txakurrak erabiltzeko eta haiekin sartzeko duten eskubidea arautzen duen 2015eko legearen barruan egindako beste ekintza batzuk ere azaldu ditu. “Gogorarazi nahi du aho batez onartu zela Lege hori Parlamentuan 2015ean eta, ondoren, Foru Agindu bidez garatu direla Legearen zenbait alderdi, hala nola laguntza-txakurrak erabiltzen dituzten pertsonek espazio publikoetan sartzeko duten eskubidea, eta txakur bat laguntza-txakur gisa aitortzeko prozedura”, adierazi du Maeztu sailburuak, eta zera gaineratu du: "itsu-txakurrentzako zein erabiltzaileentzako egiaztapenak ere arautu dira, txakurren kasuan plaka batekin eta erabiltzaileen kasuan berariazko txartel batekin". Gainera, zera gogoratu du: “erabiltzaileak eta laguntza-txakurrak erlazionatzen dituen erregistro bat ere sortu da, Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Balorazio eta Zerbitzuetako Zuzendariordetzaren Balorazio Sekzioari atxikita dagoena. Legea onetsita eta hura garatzeko abian jarritako ekintzei esker, alor horretan aitzindari da gure Komunitatea”.
Legearen azken helburua da, laguntza-txakurrekin esku hartuta, ezgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, eta denok jakitea zer egin behar dugun, eta zer ez, haien aurrean gaudenean".
Biak Bat elkartea
Zortzi urte darama elkarteak laguntza-txakurrak hezten, eta diziplina anitzeko lantaldea du, osasunaren, hezkuntzaren, esku-hartze sozialaren eta txakurren heziketaren alorreko profesionalez osatutakoa.
“Autismoaren Espektroko Nahasmenduak, Down sindromea eta adimen-urritasuna duten pertsonei, gizarte-bazterkeriako arriskuan daudenei, garun-paralisia dutenei, adineko pertsonei, gaixotasun mentalak dituztenei, etab. zuzentzen gatzaizkie". Baita hezkuntza-etapa guztietako ikasleei ere. Bestalde, animaliez lagundutako jarduerak egiten ditugu, eta laguntza-txakurrak entrenatzen eta ematen ditugu”, azaldu du Josune Azpirozek, eta zera gaineratu du: “Horretarako, ADIren (Assistance Dogs International) nazioarteko estandarretan oinarrituta entrenatzen eta ematen ditugu laguntza-txakurrak. Horrek esan nahi du berariazko prestakuntza duen pertsona batez gutxienez sei hilabetez entrenatzen duela behar jakin batzuei erantzuteko eta, ondorioz, pertsonaren autonomia areagotzeko aukeratu eta prestatutako txakurra”. Bestalde, "sarbide publikoko eta abildade probak gainditu behar dituzte txakurrok, laguntza-txakur izan ahal izateko", gaineratu.
Beste ekintza batzuk ere egiten dituzte elkartean, hala nola profesionalak trebatzen dituzte animaliez lagundutako esku-hartzeen, laguntza-txakurren, txakurren heziketaren, dibertsitate funtzionalaren eta beste alderdi batzuen inguruan. “Egin behar ez diren gauzak egin ohi ditugu; horregatik da horren garrantzitsua sentsibilizazioa”, adierazi du Azpírozek.