2019ko abenduaren 16a

Nafarroak 545 milioi euro inbertitu ditu ur araztegi eta saneamenduan 30 urtetan zehar

Chivite Lehendakariak Tafalla-Erriberriko ur araztegia bisitatu du, Foru Komunitatean ezarri zen lehenetarikoa, NILSA enpresa publikoak 30 urte betetzen dituen unean

 

Araztegiko agintarien eta langileen taldeko argazkia.

 

Araztegiko agintarien eta langileen taldeko argazkia.

  Deskargatu irudia
Irudi galeria

María Chivite, Nafarroako Lehendakariak, Bernardo Ciriza, Lurralde Kohesiorako kontseilariak lagundurik, Tafalla-Erriberriko ur-araztegia bisitatu du. NILSA (Nafarroako Tokiko Azpiegituren enpresa publikoak) 30. urteurrenean izan da bisita, enpresak 1989tik dihardu araztegiekin lan eginez.

Ur-araztegi hau Nafarroan abian jartzen lehena izan zen XX. mendeko 70eko hamarkadan, eta NILSA enpresa arduratu da hori zaintzeaz sortu zenetik. Instalazioen bisita gidatuan izan dira, baita ere, Toki Administrazio eta Despopulazioko zuzendari nagusia, Jesús Mari Rodríguez; Erriberriko eta Tafallako alkateak, Maite Garbayo eta Jesús Arrizubieta, hurrenez hurren; eta Mairagako Mankomunitateko lehendakaria, Jorge Bacaicoa.

Halaber, urteurren-ekitaldian, Nilsako lehen kudeatzailea eta proiektuaren bultzatzailea, José Ignacio Sanz Arbizu, ordezkatzera etorri da haren alarguna, Charo Orocoyen, sozietatearen sustatzailea 2014ko azaroan hil baitzen. Era berean, bertan izan dira aurreko bi kudeatzaileak, Andrés Sola (1995-2015) eta Iñaki Urrizalki (2016-2019), nahiz plantilla osoa, duela hamabost urtez geroztik emakume zein gizonen kopuru parekidea duena.

Hiru hamarkada funtzionatzen

30 urteko ibilbidean, NILSAk 313 milioi euroko inbertsioa egin du instalazioak eraikitzen eta 232 milioi eurokoa horien jarduera eta mantentze-lanetan. Era berean, 520 milioi euro bildu ditu saneamendu-kanonaren bitartez (zenbateko osoaren %72a etxeetatik eta %28a industria-jardueratik); kanon hori zergadun guztiek ordaintzen dute uraren ordainagiriaren bitartez 1989ko urtarrilaren 1az geroztik.

1988. urtean, sei araztegi zeuden Nafarroan, Ebroko eta Iparraldeko konfederazio hidrografikoek eraikitakoak: Lesaka, Etxalar, Zubieta, Zugarramurdi, Agoitz eta Tafalla-Erriberri. Modu horretan, biztanleriaren %5ari soilik ematen zitzaion zerbitzua; egun, ordea, %98ra iristen da, ez da aurretiko tratamendurik gabe ibaira inolako isurpenik egiten, eta, horrela, ibilguen ingurumen-kalitatea ziurtatzen da.

1989. urtean, NILSAk bere gain hartu zituen Espainian ere aitzindariak ziren sei instalazioak, eta Nafarroan Ibaien Saneamendurako Plan Zuzentzailea burutzen hasi zen; esparru horretan eraiki dira 159 ur-araztegi (93 instalazio 250 biztanletik gorako biztanle-guneetarako eta beste 66 250 biztanletik beherako guneetarako) eta lehen mailako 586 instalazio. Jarduera horiek saneamendu-kanonari, Europako funtsei (36 milioi euro) eta Nafarroako Gobernuaren Tokiko Azpiegitura Planei (2012. urtera arte, 94 milioi eurorekin) esker egin ahal izan dira. 2013az geroztik, kanonaren bidez bakarrik finantzatzen da.

Ur-kopuruei dagokienean, Nafarroan, biztanleek 112 litro kontsumitzen dituzte batez beste pertsona eta egun bakoitzeko. Iaz, Nafarroan, hondakin-uren 86.750.609 metro kubiko tratatu ziren; 2017an, 75.657.875 metro kubiko; 2016an, 78.449.268 metro kubiko araztu ziren, eta 2015ean, berriz, 78.522.998 metro kubiko. Denboran zehar, joera antzekoa izan da, plubiometria handiagoko urteren bat kenduta. Ildo horretan, NILSArentzat garrantzitsua da herritarrak uraren gastua optimizatzearen inguruan kontzientziatzea, baliabide eskasa eta oso ahula baita aldaketa klimatikoaren ondorioetarako.

Bestalde, sozietate publikoa kontzientziazio lana egiten ari da baita ere herri guztietan bereizteko sareak jartzearen inguruan; hots, kanalizazio bereiztuak euri-ur eta hondakin-uretarako. Gaur egun, sare unitarioak daude gehienbat, bi urak nahasten dituzte. Beraz, beharrezkoa da kopuru osoa araztu behar izatea, euri-urentzat hori egin beharrik izan gabe.

Ibaien Saneamendurako Plan Zuzentzailea

NILSA Ibaien Saneamendurako Plan Zuzentzailea burutzeko erakunde instrumental bat  behar zelako sortu zen; plana behin betiko onartu zen 1991n eta 1995, 2006 eta 2015ean berrikusi zen. Azken azterketa iaz egin zen, araztegia eta saneamendua Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren 2019-2030 Plan Zuzentzailean sartzean; plan hori Nafarroako Gobernuak bultzatu zuen 2017an, eta pasa den maiatzaren 8an onartu zen.

Saneamenduko plan zuzentzaileak beti tokiko erakundeen (mankomunitateak, Udalak eta kontzejuak) lankidetzarekin egiten dira, eta lehen plana ezartzean Nafarroa izan zen 2006. urtean Europako 91/271/EB zuzentaraua betetzen zuen komunitate autonomo bakarra; zuzentarau horren arabera, 2.000 biztanletik gorako herri guztiek hondakin-urak araztuta izan behar zituzten.

Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren egungo plana, bestalde, materia hidrikoan aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko instrumenturik handiena da, eta datozen hamabi urtetarako jarduera berriak jasotzen dira bertan, 439 milioi eurokoak; hortaz, Espainiako egoera orokorrean ere gertaera garrantzitsua da.

Giza taldea

Sozietate publikoaren bilakaerari dagokionean, NILSAk hasieran sei langile zituen, eta, egun, 51 pertsona izatera iritsi da, Iruñeko egoitza nagusian nahiz Tuterako bulegoan.

Zuzenean eta zeharka ia 400 bat lagunentzako enplegua sortzen du.

Hedapena eta kontzientziazioa

Halaber, NILSAren helburu soziala da saneamenduaren eta oro har uraren erabilera onaren inguruko jardunbide egokiak zabaltzea edota hezkuntza-programa elebiduna eta erabat doakoa eskaintzea (1999az geroztik abian).

Programan, jarduerak egiten dira ibaietan, geletan, hirugarren adinekoen egoitzetan, udalekuetan eta publikoarentzat oro har, izan ikasleak, unibertsitarioak, premia bereziak edo bestelako baldintzak dituztenak, jarduerak egoera bakoitzera egokituta. Izena emateko, www.nilsa.com gunean sar daiteke. 2018. urtean zehar, ia 8.000 lagunek hartu zuten parte jarduera horietakoren batean, eta 2019. urtearen amaierari begira, kopuru hori gainditu nahi da, parte-hartze errekorra lortuaz hezkuntza-programaren historian, azken sei urtetan goranzko joera izan baita, eta gizarteak ingurumen-arloko gaien eta baliabide naturalen kudeaketa eraginkorraren inguruko kezka duela erakusten du horrek.