Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak energia-arloko laguntzak eta kenkari fiskalak sustatu ditu “Etorkizun jasangarri baterantz” kanpainarekin
2019ko abenduaren 11a
Nafarroako Gobernuak energia-arloko laguntzak eta kenkari fiskalak sustatu ditu “Etorkizun jasangarri baterantz” kanpainarekin
Nafarroako herritarrek kenkari fiskalak eta laguntzak izan ditzakete trantsizio energetikoa lortzeko, “Etorkizun jasangarri baterantz” kanpainaren bitartez. Kanpaina gaur aurkeztu du Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria den Manu Ayerdik Garesen. Kanpainaren xedea da energia ekoizteko eta banatzeko egungo sistema aldatzea eta batik bat energia berriztagarriak, energiaren aurrezpena eta energia-eraginkortasuna bultzatzen dituen sistema sortzea. Modu horretan, besteak beste, ibilgailu elektrikoak erosteko edo etxebizitzetan energia aurrezteko diru-laguntzak jasotzen dira kanpainan.
Ayerdirekin batera Garesko Oihan Mendo alkatea izan da aurkezpenean, eta kontseilariak azaldu du “Nafarroak ingurumena gehiago errespetatzen duen eredu berria behar duela, zuzenagoa eta gizartearentzat oro har eskuragarria dena, Nazio Batuen 2030 Agendako Garapen Iraunkorraren 7. eta 13. helburuak betetzearekin batera”.
Era berean, gogoratu du 2030erako Nafarroako Energia Planaren bitartez, Nafarroak berotegi efektuko gasen emisioa %45 jaitsi nahi duela 1990eko kopurutik, %50 azken kontsumoko energia berriztagarrien kuota eta %15 garraioaren erabilera. Energia kontsumitzeko eredu berriak dituen beste abantailen artean, baliabide naturalen gastua gutxitzea, autonomia energetiko handiagoa izatea eta erregai fosilen inportazioa murriztea aurkitzen dira.
Energia-eredu berri horren erabileran aurrera egiteko, Nafarroako Gobernuak kenkari fiskalak eskaintzen ditu pertsona fisiko eta juridikoentzat, baldin eta inbertsioak egiten badituzte energia berriztagarrien instalazioetan, ibilgailu elektrikoetan eta birkargatzeko sistemetan. Halaber, laguntzak ematen ditu partikularren eta auzokideen erkidegoetako etxebizitzen birgaitze energetikorako, eta industria-sektoreko enpresa handi eta ETEentzat diru-laguntzak CO2 emisioak eta azken energia-kontsumoa murrizteko jarduerak bultzatu eta sustatzeko: teknologia hobetzea ekipo eta prozesuetan eta kudeaketa energetikoko sistemak ezartzeko inbertsioak egitea, besteak beste.
Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Nafarroako Gobernuak horretarako prestatutako web orrialdea (gazteleraz eta euskaraz): navarraemisioncero.info/ eta nafarroazerokutsadura.info/.
Gares Energia proiektua
“Etorkizun jasangarri baterantz” kanpaina aurkeztu ondoren, Ayerdi kontseilaria, Oihan Mendo alkatearekin batera, herriko pilotalekuko instalazio fotovoltaikoak ikustera joan da. Hain zuzen ere, trantsizio energetikoan aitzindaria den Gares Energia proiektuaren barnean sartzen da, Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatua; hots, 346.000 €-ko ekarpena egin du 2018/2019 denboraldian. Nafarroako 2030eko Energia Planean ageri den proiektu izendun bakarra da.
Plan berriaren xedea da La Ermineta berrezartzea; hau da, 1918 eta 80ko hamarkada artean indarrean egondako minizentral elektrikoa, argiteria publikoa emateko Udalaren hiru eraikinari eta pilotalekuari. Orain, pilotalekuaren estalki berrian panel fotovoltaikoak jarri dira, eta horko produkzioa zentralekoari batuko zaio; horrela, 349.000kWh-ra bitarteko energia sortuko dela kalkulatzen da (Udalak orokorrean behar dituenaren %46a), nahikoa hornidura horien %95a hornitzeko.
Proiektuak, halaber, ondorengoak jasotzen dira: sorkuntza energetikoaren deszentralizazioa, aurrezpen eta eraginkortasun energetikoa, ekonomiaren elektrifikazioa, kontsumitzaileen parte-hartze aktiboagoa eta baliabideen kudeaketa iraunkorragoa.
Gares Energia proiektuak saria jaso du izaera berritzailea izateagatik energia-mailan (El germinador social) eta arlo sozialean (Emun kooperatiba), eta bertan nabarmentzekoak dira uraren erabilera soziala eta sortutako ekoizpenaren gaineko domeinua.
Halaber, proiektua “Europako Batzordearen txosten teknikoan jarraitu beharreko ereduetariko bat bezala” aipatu zen; hots, Smart specialisation and social innovation: fron policy relations to oportunities and challenges izenekoan; eta Greenpeacek "aldaketa klimatikoaren aurka herritarrek dituzten aukeretan" sartu zuen.