2019ko azaroaren 28a

Eskualdeen arteko lankidetzarekin duen konpromezua berretsi du Gobernuak Europan Nafarroa indartsuago eta lehiakorrago bat sortzeko

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak Piriniotako Lan Elkartearen XXXVII. Batzar Orokorrean parte hartu du Jacan
Ollo kontseilaria bere agerraldiaren momentuetako batean.
Ollo kontseilaria bere agerraldiaren momentuetako batean.  Deskargatu irudia Irudi galeria

"Elkarbizitzarako, bateratzeko eta ideiak trukatzeko guneak sortzea da Europar Batasuneko eskualde-politikak arrakasta izateko bermerik onena. Eta lan horretan Pirinioetako Lan Elkartea bezalako espazioak ezinbestekoak dira eskualdeen arteko lankidetza indartzeko ". Hala adierazi du gaur goizean Ana Ollo Hualde Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak Jacan egin den Pirinioetako Lan Elkartearen XXXVII. Batzar Orokorrean.

Hitzaldian, parte hartu duten mugaz haraindiko zazpi eskualdetako delegazioen aurrean Ana Ollok nabarmendu nahi izan ditu mugaz bestaldeko lankidetzaren barnean ideiak eta ezagutza trukatzeak duen garrantzia eta elkarrekiko aberastea. Ildo horretan, Nafarroak egindako apustua berretsi du kontseilariak; alegia, Pirinioetako Lan Elkartearen (PLE) egitekoa Europako funtsak kudeatzea baino gehiago izatea eta, era horretan, Pirinioetako Estrategiaren ekintzak modu eraginkorrean garatu ahal izatea.

Beraz, PLEk lanean jarraitzen du Europan beharrezko solaskide bihurtzeko. “Hori dela-eta, Nafarroak PLEko gainerako kideekin elkarlana egiteko konpromiso handiagoa behar du, bertako bizilagunen bizimodua hobetzen laguntzeko, bereziki aurrean ditugun erronka handien aurrean; hala nola, aldaketa klimatikoa, garapen iraunkorra, despopulazioa, biztanleriaren zahartzea edo gizarte-kohesioa”, adierazi du.

Batzar Orokorrean zehar, halaber, Pirinioetako Estrategia garatzen duten lantaldeen aurrerapen nagusiak aurkeztu dituzte; Nafarroak lantalde horietan modu aktiboan hartzen du parte. Zehazki, hiru talde dira, honako hauetan oinarritzen direnak: gazteria, osasuna eta kultur ondarea.

“Osasun larrialdiek mugak ezabatzen dituztenean”

Batzar Orokorrean, B-Solutions proiektuan lortutako emaitzak ere aurkeztu dituzte: “Osasun larrialdiek mugak ezabatzen dituztenean”. Proiektua PLEk zuzentzen du, eta Nafarroak hor ere lan egiten du. Proiektuaren helburua da proiektu pilotu bat garatzea, Espainiaren eta Frantziaren arteko mugaz haraindiko ospitaleen arteko lankidetza bideratu ahal izateko, biztanleek larrialdiko osasun-zerbitzuak eskuratzeko modua hobetzearren, eraginkortasun handiagoa izateko administrazio-eragozpenak ezabatuta.

Lehendakaritzen adierazpena

Batzar Orokorraren aurretik, eskualdeetako ordezkariek lehendakarien bileran parte hartu dute, eta zazpi lurraldetako ordezkaritzek denen arteko adierazpen bat adostu dute. Bertan, Pirinioetako Lan Elkartearen papera eta asmoa aldarrikatu dira, “eskualde arteko lankidetzarako benetako gune bezala eta Europar Batasunaren eraikuntzan instrumentu partaide eta erantzule gisa”. Ildo horretan, sinatzaileak gustura agertu dira “PLEk Pirinioetako Estrategiari emandako bultzadarekin, lurralde ezberdinen artean lankidetza eraginkorra lortze aldera”. Adierazpen osoa ondorengo estekan kontsulta daiteke.

Lehendakaritzaren aldaketa

Pirinioetako Lan Elkartea zazpi lurralde mugakidetako (Andorra, Aragoi, Katalunia, Euskadi, Nafarroa, Akitania Berria eta Okzitania) ordezkariek osatutako kontsortzioa da, Pirinioetako mendigunearen garapena bultzatzeko helburua duena, kontuan izanik hango erronkak eta aberastasunak zainduaz eta mugaz haraindiko lankidetza sustatuaz, bertako bizilagunen bizimodua hobetzearren.

Urtero bezala, Batzar Orokorra dela-eta, Jakan biltzen dira lurralde horietako ordezkariak, garatutako proiektuak eta estrategiak bateratze aldera; era berean, denen arteko Adierazpena sinatzen dute, eta Pirinioetako Estrategiak ezarritako lehentasunak jarraitzeko konpromisoa hartzen dute, kasu honetan 2018-2024 denboraldiari begira. Lehendakaritza-kargua birakaria da, eta bi urteko denboraldia amaitu denez, Kataluniako Generalitatek hartu du Aragoiko Gobernuaren txanda.