2019ko azaroaren 22a

336 ekitalditan erabilitako baxera berrerabilgarriari esker, erabiltzeko eta botatzeko plastikozko milioi erdi pieza erabiltzea saihestu da

Nafarroako Gobernuak, Hondakinen Kontsortzioaren bitartez, eta Iruñerriko Mankomunitateak era guztietako herri ekitaldi edo saioetarako baxera jartzen du erakunde eta elkarteen eskura
Varazdin Fundazioaren instalazioetara egindako bisitaren taldeko argazkia.
Varazdin Fundazioaren instalazioetara egindako bisitaren taldeko argazkia.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Aurtengo urtarrila eta urria artean, Nafarroako 50.000 lagun baino gehiagok erabili dute Foru Gobernuak, Nafarroako Hondakinen Kontsortzioaren bitartez, eta Iruñerriko Mankomunitateak toki-erakundeen eskura jarritako baxera berrerabilgarria.

Herri ekitaldietan baxera hori erabiltzearekin behin bakarrik erabiltzeko plastikoari aurre egin ahal izan zaio eta, modu horretan, edalontzi, mahai-tresna, plater, katilu eta abarren artean plastikozko 500.000 bat pieza erabiltzea saihestu da, soilik bederatzi hilabetetan.

Hondakinen eta horien Fiskalitateari buruzko 14/2018 Foru Legean, erabilera bakarreko plater, edalontzi, katilu, elikagai-erretilu eta antzeko tresnen salmenta erregulatzen da, eta, ildo horretan, zerbitzuak aurre hartu dio etorkizuneko salmenta-debekuari.

2018ko ekainean abian jarritako baxera berrerabilgarriaren inguruko balantzea gaur goizean aurkeztu dute prentsaurrekoan, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen barnean aurreikusitako ekitaldien esparruan. Ekitaldian esku hartu dute Lurralde Kohesioko kontseilaria eta Nafarroako Hondakinen Kontsortzioko lehendakaria den Bernardo Cirizak eta Varazdin Fundazioaren kudeatzailea den Eduardo Jimenezek; azken fundazio hori eskaerak kudeatzeaz arduratzen da.

Cirizak nabarmendu du jaiak, herri-bazkariak, kirol-lehiaketak edo antzeko ekitaldiak “aukera ederra direla herritarren parte-hartzea eta tokiko ekonomia bultzatzeko, baina aldi berean kontsumoa gehitu eta hondakin gehiago sortzen dela horietan. Hori dela-eta, era horretako ekitaldiak aprobetxatu behar dira herritarrak ingurumenarekiko errespetuaren gainean sentsibilizatzeko”.

Bestalde, Varazdineko kudeatzaileak azpimarratu du neurri horrek aztarna ekologikoa murrizten laguntzen duela. Horrez gain, Jimenezek ondorengoa esan du: “herritarren harrera sinestezina izan da; zerbitzu hobea nabaritu dute eta praktika egoki bat, hondakinen sorrera saihestu den heinean”.

Ekitaldia amaitzeko, instalazioak bisitatu dituzte; horietan, plastikozko baxera berrerabilgarria, loza eta altzairu herdoilgaitza garbitzen dira. Ekitaldian honako hauek izan dira: Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusia, Jesús Mari Rodríguez; NILSAko kudeatzailea, Iñaki Urrizalki; Iruñerriko Mankomunitateko Hezkuntza eta Sentsibilizazio Programaren burua, Carmen Villanueva; eta Nafarroako gainerako Mankomunitateetako ordezkariak.

2019ko lehen 10 hilabetetan, Hondakinen Kontsortzioak eta Iruñerriko Mankomunitateak 38.000 bat herritarri eman die zerbitzua ekitaldi, jai, herri-bazkari, kirol-lehiaketa eta abarretarako. Datu horiei Bortzirietako, Izarbeibarreko, Malerrekako eta Erriberako Mankomunitateek eta Baztango Udalak jada zituzten baxeren erabiltzaileak gehitu behar zaizkie; beraz, guztira, 336 ekitalditan erabili dira baxera berrerabilgarriak, eta 50.764 mahaikideri eman die zerbitzua.

Hona hemen, besteak beste, baxera eskatutako zenbait herri: Abaurregaina, Allín, Altsasu, Amaiur, Aniz, Arantza, Artzi, Arizkun, Ariztegi, Arraioz, Artaxoa, Artazu, Atallu, Azkarate, Azpilkueta, Baztan, Beartzun, Bera, Berroeta, Betelu, Bizkarreta-Gerendiain, Biurrun, Bozate, Burgi, Kaseda, Zirauki, Donamaria, Doneztebe, Etxabarri, Elizondo, Eratsun, Erratzu, Errazkin, Erro, Aurizberri, Lizarra, Etxarren, Fontellas, Funes, Garaioa, Gesalatz, Girgillao, Aezkoako Hiriberri, Ibiltzieta, Irurita, Isaba, Ituren, Izaltzu, Larraga, Leatxe, Leitza, Lekaroz, Lekunberri, Lerin, Lesaka, Leire, Lezaeta, Lintzoain, Lodosa, Irunberri, Mañeru, Metauten, Miranda Arga, Nabaskoze, Obanos, Otsagabia, Erriberri, Iruña, Petilla de Aragón, Gares, Sorogain-Lastur, Tutera, Ustes, Valtierra, Deierri, Ziga, Zubieta eta Zudaire.

Iruñerriko Mankomunitatean bertako toki entitateen edo elkarte eta talde ezberdinen eskaerei erantzun zitzaien: Anocíbar / Anotzibar, Arre, Astráin, Barañáin / Barañain, Beasoain, Belascoáin, Beorburu, Beruete, Bidaurreta, Esparza de Galar, Echarri / Etxarri, Etxauri, Eugi, Huarte / Uharte, Igoa, Imárcoain, Iraizotz, Izu, Larragueta, Larrasoaña, Legarda, Lizasoáin, Loza / Lotza, Muru-Astráin, Noáin, Olaz, Orrio, Saigots, Sarasate, Subiza,Tiebas, Torres, Urdaitz / Urdániz, Urritzola-Galain, Valle de Aranguren, Valle de Esteribar, Valle de Ollo / Ollaran, Zariquiegui, Zildotz-Cildoz eta Zizur Mayor / Zizur Nagusia.

Plastiko ilara Castejonetik Iruñeraino

Toki erakunde eta elkarte interesatuek baxera horiek eska ditzakete inprimaki bat beteta Nafarroako Gobernuaren Hondakinak Prebenitzeko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoaren web orrialdean (https://oprec-navarra.com) eta Iruñerriko Mankomunitatearen gunean (http://www.mcp.es/residuos/solicitud-vasos-reutilizables-para-fiestas-y-eventos). Mahaikide bakoitzeko kostua 1,5 eurokoa da bi erakundeetan, eta eskatzen duen taldeak izango du ontziak haustearen edo galtzearen gaineko erantzukizuna.

Varazdin fundazioa arduratzen da ekitaldia egiteko beharrezko materiala eramateaz nahiz jasotzeaz eta higienizazio eta garbiketa lanak egiteaz. Noainen kokatutako zentroaren helburua da aniztasun funtzionaleko pertsonen eta gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan aurkitzen direnen laneratze eta gizarteratzea erraztea.

Baxera honako tresna hauek osatzen dute: plater txokonak, plater zapalak, altzairu herdoilgaitzezko mahai-tresnak (koilara, koilaratxoa, sardexka eta labana), edateko eta kafea hartzeko edalontziak, urarentzako pitxerrak, entsaladarako bolak eta erretiluak. 2019. urte honetan egindako maileguarekin, behin erabiltzeko plastikozko milioi erdi pieza erabiltzea saihestu da; hau da, errenkadan jarrita, 80 kilometrotik gorako ilara egingo zuten, Iruñaren eta Castejonen arteko distantziaren baliokidea.

Hondakinen Kontsortzioak eta Iruñerriko Mankomunitateak emandako zerbitzuaren maileguak Nafarroako biztanleriaren %100 hartzen du. Bi erakundek partekatzen duten baxera hasiera batean Kontsortzioak erosi zuen 2018an; hots, 2.000 unitate eta 12.070 euroko kostuarekin. Iruñerriko Mankomunitateak praktika hori aurreko urteetan modu esperimentalean jarrita bazuen ere, 2018ko udaberrian erabaki zuen Kontsortzioarekin eskaintza batzea, eta, horrela, unitate berriak eskuratu zituzten; egun, 3.000 unitate daude.