2019ko azaroaren 21a

Sustapen Ministerioak 2021era arte luzatuko du N-121-A errepidean hobekuntzak egiteko 10 milioieko dirulaguntza justifikatzeko epea

Proiektuaren gainean aurkeztutako alegazio guztiak, ondoren egin beharreko aldaketak zein fauna ikerketa egin beharrak foru Exekutiboak luzapena eskatzea ekarri du

Sustapen Ministerioak 2021eko urrira bitarte luzatuko dio epea Nafarroako Gobernuari, Iruña-Behobia, N-121-A errepidea hobetzeko jarritako 10 milioi euroko diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko.

Herri Lan eta Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiak pasa den irailean epea luzatzeko eskatu zuen, 121-A Nazionala 2+1 bide bilakatzeko bost eraikuntza-proiekturen aurrean alegazio mordoa aurkeztu direlako. Alegazioak direla-eta, gainera, aldaketa garrantzitsuak egin behar izan dira ibilbideko hainbat proiektutan. Luzapena eskatzeko orduan, kontuan izan da baita ere fauna azterketak egiteko eskatu dela.

2018ko abenduaren 18an, Azpìegitura, Garraio eta Etxebizitzako Estatu Idazkariaren Ebazpenaren bitartez, Nafarroako Gobernuari 10 milioi euroko zuzeneko diru-laguntza ematea onartu zen, N-121-A errepidearen funtzionamendua eta segurtasuna hobetzeko asmoarekin. Bertan, 2020ko azaroaren 30a ezarri zen diruz lagundutako jarduerak egiaztatzeko dokumentazioa aurkezteko azken eguna bezala.