2019ko azaroaren 20a

Adierazpen instituzionala A-25, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunaren karietara

Gobernuak konpromisoa berresten du indarkeria matxistaren adierazpide guztiak deuseztatzeko, hura desagerraraztea eragingo duten neurriak sustatuz
Irudi galeria

Foru Gobernuak, gaur egindako bilkuran, honako adierazpen instituzionala onartu du azaroaren 25a, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta:

“Aurten ere, Nafarroako Gobernuak bat egiten du emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin, eta berretsi egiten du indarkeria matxistaren adierazpide guztiak deuseztatzeko konpromisoa duela, hura desagerraraztea eragingo duten neurriak sustatuz.

Batzar Orokorrak 1993an egin zuen emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteari buruzko Adierazpenak dio emakumeen aurkako indarkeria dela ‘emakumeei min edo sufrimendu fisiko, sexual edo psikologikoari eragin diezaiekeen edozein indarkeriazko ekintza, hala nola horrelako ekintza bat egiteko mehatxua, derrigortzea edo askatasuna bidegabeki kentzea, arlo publikoan zein pribatuan’.

Zuzenbidearekin eta Istanbuleko Hitzarmenarekin bat eginez, Nafarroan 14/2015 emakumeenganako indarkeriaren aurkako Foru Legea eta emakumeen aurkako indarkeriaren aitzinean koordinatzeko Erakunde Arteko III Akordioa ditugu. Gainera, 2030 Agendaren xedeetako bat da gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, emakumeen eta emakumezko haurren aurkako edozein indarkeria-motarekin bateraezina dena, indarkeria horrek eragotzi egiten baititu gizartearen ongizatea, demokrazia eta bakea.

Aurten, Nafarroako Gobernuak, Instituto Navarro para la Igualdad/Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, arreta eskaini nahi die inplikatzen diren gizonei, giza eskubideen urraketa horrek beraiei ere badagokiela dakiten eta beren bizitzetatik matxismoa ezabatzen saiatzen diren gizonei. Maskulinitate-eredu tradizionala ezbaian jartzen dute gizon horiek, eta uko egiten diete sistema patriarkal batek eman diezazkiekeen pribilejioei. Urrats bat egin duten gizonak, gizartearen aitzinean beste gizon batzuen indarkeriazko jarrerak eta egunero ikusten ditugun mikro-matxismoak salatzeko

Gizonok zeregin garrantzitsua duzue behingoz indarkeria horiek ezabatzeko. Interpelatu nahi zaituztegu ez zaitezten ikusle huts bihurtu, indarkeria horiek zuei dagokizuen zerbait ez balira bezala. Parte har dezazuen berdintasunean eta begirunean oinarritutako bizikidetza-eredua eraikitzen, eredu horrek mesede eginen baitio pertsona askeek osatutako gizarte oso bati.

Halaber, gaurko egunean, aintzat harturik erakunde publikoa garen heinean dagokigun erantzukizuna, omenaldia eta aitortza publikoa egin nahi diegu emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei, baita biziraun dutenei ere. Beste erakundeekin batera lanean jarraituko dugu, genero-indarkeriaren aurkako Estatuko Paktuaren barnean, eta, gure erkidegoan, emakumeen aurkako indarkeriaren aitzinean koordinatzeko Erakunde Arteko III Akordioaren barnean. Nafarroako Gobernuak, emakumeenganako indarkeriaren aurkako 14/2015 Foru Legea garatzen duten Ekintza Planaren eta Plan Sektorialen bidez, jarraitu eginen du arretarako, prebentziorako, ikerkuntzarako eta sentsibilizaziorako neurri integralak sustatzen, hala nola babeserako, eta indarkeria jasaten duten emakumeei eta haien seme-alabei justizia eta ordaintza eskaintzeko.

Nafarroako Gobernutik, dei egiten dizuegu sozialki mobilizatzera, eta azaroaren 25aren karietara antolatutako ekitaldietan era aktiboan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu”.