Descárgate la app
Ollo kontseilariak bi Nafarroak lotzen dituzten harreman historiko eta kulturalak nabarmendu ditu Azkoienen
2019ko azaroaren 19a
Ollo kontseilariak bi Nafarroak lotzen dituzten harreman historiko eta kulturalak nabarmendu ditu Azkoienen
Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok bi lurraldeak lotzen dituzten harreman historiko eta kultural estuak nabarmendu ditu, XV. Bi Nafarroen Mintegian. Besteak beste, aipatu du, " gure hizkuntza komunagatik, euskaragatik, sentitzen dugun elkarrekiko estimua, elkarbizitzarako hizkuntza bat eta partekatzen dugun altxor bat baita”.
Aurten, Azkoienek hartu du urtero egiten den mintegiaren hamabosgarren edizioa Nafarroako Gobernuak antolatuta, Ultrapuertos merindade historikoaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko loturak estutzeko helburuarekin. Bilera horretan izan dira, kontseilariaz gain, Juan Carlos Castillo Azkoiengo alkatea, Pirinio Atlantikoetako departamenduko ordezkari bat eta Louis Gentien Terres de Navarre elkarteko presidentea, besteak beste.
Bere hitzaldian, Ollo kontseilariak euskararen tokia azpimarratu du, "Mugaren bi aldeetako nafarrek partekatzen duten topagunea, altxor gisa zaindu behar dugun ondarea, Nafarroako, baina baita Europa osoko, ondarea, alegia".
Kontseilariak Azkoienek erakutsi dituen harrera eta abegikortasuna eskertu nahi izan ditu; iazko topaketa jaso zuten Behenafarroako Arrosa eta Ortzaize herrien lekukoa hartu du. Horrez gain, Ana Zabalza, Eric Leblay eta Fernando Hualde idazle, historialari eta ikertzaileen eskutik goizean entzun ahal izan diren txostenen kalitate maila bikaina nabarmendu nahi izan du. Txosten horietan, Nafarroa Garaiaren eta Beherearen arteko harreman historikoak gaur egunera arte utzi duen arrastoa ikusi ahal izan da.
Ospakizuna baliatuz, Azkoiengo Udalak kultur hitzaldi sorta bat antolatu du azaroaren 18rako eta 19rako, hiriko Kultur Etxean bertan. Hitzaldiak Juan Jose Larrea, Peio Monteano, Roldan Jimeno eta Iñaki Sagredo aditu ospetsuek emango dituzte.
Lekukoa Irisarriri
2005etik Pirinioen alde batean eta bestean txandaka ospatzen den Nafarroako Erresuma Zaharra osatu zuten bi komunitateen arteko topaketak, bi lurraldeen artean dauden lotura historiko eta kultural sakonak baliatu nahi ditu.
2018an, topaketa Nafarroa Behereko Arrosan izan zen, eta 2020an, urteroko topaketa Irisarrin egingo da, Pirinio Atlantikoetako Departamentuan.