2019ko azaroaren 19a

Nafarroako Museoak XVII. mendearen erdialdean margotutako hiriaren irudikapena den "Iruñearen ikuspegia" aurkeztu du

Koadroa berriki erosi du Foru Gobernuak Parisen egindako enkante batean, eta 2020ko maiatzera arte egongo da ikusgai
De izda. a dcha. Ignacio Apezteguia, Susasa Irigaray, Mercedes Jover y Juan 
José Martinena, junto al cuadro.
De izda. a dcha. Ignacio Apezteguia, Susasa Irigaray, Mercedes Jover y Juan José Martinena, junto al cuadro.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Joan den urriaren lauan Kultura eta Kirol Departamentuak Parisko Drouot Etxean egindako enkante batean erositako "Iruñeko ikuspegia" koadroa aurkeztu du Nafarroako Museoak. Orain arte ezagutzen ez zen pintura horrek, Iruñearen irudikapen topografikoa erakusten du, ezagutzen den panoramikarik zaharrena delarik eta XVII. mendearen erdialdean hirian izandako bizitza erakusten du.

Aurkezpena Kultura - Vianako Printzea Erakundeko zuzendari nagusia den Ignacio Apezteguiak, Nafarroako Museoko zuzendaria den Mercedes Joverrek eta Juan José Martinena historialariak egin dute; azkena Museoarentzako aholkularitza-lanak egiten aritu da.

Nafarroako Museoak 3.4 aretoa egokitu du pintura hori jartzeko, eta bertan ikusgai izango da 2020ko maiatzera bitarte. XVII. mendeko Iruña hiriaren siluetaren grafikoa ere badu, eraikin nagusien identifikazio eta guzti.

Eskuratzeko prozesua

Hainbat pertsona harremanetan jarri ziren Nafarroako Museoarekin, orain arte ezagutzen ez zen obra hau Parisen enkantean aterako zutela esateko.

Museoko arduradunek koadroa erostea "interes handikoa" izango zela adierazi zuten honako arrazoi hauek medio: “balio ikonografikoa, hau da, hiriaren egiazko irudia, Iruñaren panoramikaren gainean ezagutzen den pinturarik zaharrena izatea; kalitate piktorikoa eta ondo kontserbatuta egotea; eta XVII. mendearen erdi aldean hirian egiten zen bizimoduaren berri ematea, pintura hori behatuta, garai hartako Iruña osatzen zuten ezaugarri nagusiak ikusten baitira”.

Kultura Zuzendaritza Nagusiak – Vianako Printzea Erakundeak espedientea abian jarri zuen enkante publikoan koadroa eskuratzeko, eta, indarrean den legediaren arabera, Ondasun Kulturalen Kalifikazio, Balorazio eta Esportazio Batzordeak esku hartu behar zuen; hots, Kultura eta Kirola Ministerioaren mendekoak. Beraz, Batzordearen lankidetza hasierako unetik izan zuten.

Kultura eta Kirola Ministerioko Ondare Historikoa Babesteko Zuzendariordetza Nagusiari agindu zitzaion Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirola Departamentua ordezkatzeko enkantean, obra erostearen truke gehienez 100.000 euro eskaintzeko. Parisko Caudron Etxeak koadroa enkantean jarri zuen 90.000 eta 120.000 euro arteko prezioaren truke.

Enkantea urriaren 4an egin zen, eta Kultura Ministerioak Nafarroako Foru Komunitatearen izenean eskaintza egin zuen, eta, azkenik, koadroa 100.000 euroren truke eskuratu zuten. Zenbateko horri enkante-etxearen %26ko komisioa eta Frantzian indarrean diren zergak gehitu behar zaizkio.

Iruñaren irudia

Koadroan modu fidagarrian agertzen da XVII. mendeko Iruñaren eraketa, plaza gotor militarra, zuhaitzik gabe hiria eraikitzen den terrazaren ingurune osoan; harresien iragazkortasuna portaleen bitartez (orain batzuk desagertuak); eta eraikin erlijiosoak, tartean, Iruñeko Katedralaren Erdi Aroko dorrea, geziarekin, eta San Saturnino eta San Lorentzo parrokietako dorreak.

Koadroan, halaber, Erdi Aroko Errege Jauregiaren irudia ikus daiteke, une hartan Erregeordearen Jauregia zena eta gaur egun Nafarroako Errege Artxibo Nagusia hartzen duena. Horrez gain, duela 350 urte Miserikordiako Gure Amaren Ospitaleak zuen itxura ikusten da; 1932. urtera bitarte, erabilera hori izan zuen, eta 1956az geroztik, Nafarroako Museoaren egoitza aurkitzen da bertan.

Egilea ikertze-prozesuan

Caudron Etxeak emandako informazioaren arabera, koadroaren egilea Juan Bautista Martínez del Mazo (1611-1667) zen, Baltasar Carlos printzearen kamera-pintorea eta Velazquezen dizipulua eta suhia. Artista horrek 1646. urtean margotu zuen “Zaragozako ikuspegia” ezaguna, egun Pradoko Museoan aurkitzen dena, eta, jakin badakigu hurrengo urtean Iruñeko gotorlekuaren ikuspegia margotu zuela, gaur egun galdua dena baina horren zirriborroa Londresko Wellington Museoan kontserbatzen da, eta XX. mendeko beste kopia bat Iruñeko Udal Artxiboan. Ikuspegi orijinaletik soilik bi zati ezagutzen dira, bat Lazaro Galdiano Museoan dagoena eta bestea bilduma partikularrean.

Hasiera batean, koadroa Martinez del Mazorena zela esatea "funts gutxiko argumentutzat" jo zuen Nafarroako Museoak; beraz, koadro hori benetan nork egin duen ikertzen hasiko dira hemendik aurrera. Halaber, nork eta zertarako agindu zuen aztertuko dute edota pintura horrek zer-nolako ibilbidea izan duen Toulouseko etxe partikular batean amaitu arte.

Museoaren zuzendaritzarentzat, “obra hau interesgarria da ez hainbeste egilearengatik, baizik eta duen kronologia, egiazkotasun topografikoa, kalitatea eta Nafarroako kultur ondarearen ondasuna izateagatik, hori berreskuratzea ezinbesteko betebeharra baita Foru Komunitateko Administrazio Publikoentzat”.

Jarduera-programa

Obraren inguruan, hitzaldi-zikloa antolatu du Museoak, eta ondasun kulturaleko alderdi ezberdinetako adituek horren zenbait alderdiren berri emango dute. Martinenak, esate baterako, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren zuzendari ohiak, hitzaldia eskainiko du azaroaren 26an (asteartea), 19:30ean, XVII. mendearen erdi aldeko Iruñaz hitz egiteko.

Horrez gain, 2020ko lehen asteetan, hitzaldi hauek aurreikusi dira: batetik, Javier Portús Perezek, Pradoko Museo Nazionaleko Espainiako Pinturaren Kontserbazioko buruak, Espainiako pintura barrokoan hirien gainean egindako ikuspegien berri emango du; eta, bestetik, Ana Hueso Perezek, Iruñeko Udal Artxiboaren zuzendaria denak, artxiboan hirien irudien inguruan kontserbatzen den dokumentazioa azalduko du.