2019ko urriaren 25a

400 pertsonak eta 200 ibilgailu baino gehiagok osatuko dute errepideak neguan zaintzeko azaroaren 1ean abian jarriko den lantaldea

Ciriza kontseilariak Lizarran aurkeztu du apirilaren amaierara bitarte lanean egongo den operatiboa
Lurralde Kohesiorako arduradunak Lizarrako Kontrol Zentroko eta enpresa 
kontzesionarioko langileekin.
Lurralde Kohesiorako arduradunak Lizarrako Kontrol Zentroko eta enpresa kontzesionarioko langileekin.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Neguko Bidezaintzarako 400 pertsona eta 217 ibilgailu jarriko dituzte, ostiral honetan, Lizarran, Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Cirizak adierazi duenaren arabera. Aurreko urteetan bezala, kanpaina azaroaren 1etik apirilaren 30era bitartekoa izango da.

Lizarran, Foru Gobernuak errepideak kontserbatzeko dituen 8 zentrotako batean, Cirizak aurkeztu du errepideko ibilgailuen zirkulazioan neguko klimaren efektuak prebenitzeko, saihesteko edo minimizatzeko Jarduera Plana. Kontseilariarekin batera, bertan izan dira Obra Publiko eta Azpiegituretako zuzendaria, Pedro Lopez, eta Kontserbazio Zerbitzuko zuzendaria, Juan Serrano.

Neguko Bidezaintza Planean, 400 bat lagun arituko dira, Obra Publiko eta Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiko langileak eta autobia eta autopisten (A-21, A-12 eta AP-15) enpresa emakidadunetako langileak. 400 pertsona horiei Udaltzaingo, Foruzaingo eta Guardia Zibileko kideak batu behar zaizkie, eta horiek Lurralde Kohesiorako Departamentuko Errepideen Kontserbazioko Kontrol Zentroak eta SOS Nafarroak koordinatuko ditu, kasu bakoitzean mobilizatuta.

Errepideen Kontserbazioko Kontrol Zentroak 24 orduko arreta eskaintzen du urteko 365 egunetan. Halaber, neguko bidezaintzan koordinazio-lanak egiten ditu Pirinio Atlantikoetako (Frantzia) Kontseilu Nagusiarekin, Arabako eta Gipuzkoako Aldundiekin, Iruñeko Udalarekin eta autobia eta autopisten enpresa emakidadunekin.

Nafarroak errepide aldetik 3.821 kilometro ditu eta mendiko 36 portu. Bide-sarea artatzeko, errepideen kontserbaziorako 8 zentro daude lau mugapetan banatuta: Iparraldeko Zentroa (Iruñeko eta Agoitzeko kontserbazio-zentroak); Mendebaldea (Mugairi, Irurtzun errepideak eta Irurtzun autobiak); Hego-mendebaldea (Lizarra) eta Hegoaldea (Tutera eta Tafalla).

2018-2019 kanpainan zehar, bidezaintzaren kostua 2,8 milioi eurokoa izan zen. Aurreko urteekin alderatuta, neguko kanpaina neurritsua izan zen; hots, 59 elur-egun zenbatu ziren Belaguan, foru bide-sareko errepide-portu altuenean (1.780 metro). Foru Komunitateko gainerako lekuetan, elurra kentzeko makinak 32 egunetan erabili ziren.

217 ibilgailu eta 90 falka utzita

Esku hartzeko dispositiboa elurra kentzeko 121 makinak, 6 turbofresadorak eta zaintza eta kontrolerako 90 bat ibilgailuk osatuko dute. Horiei gehitu behar zaizkie toki-erakundeen esku utzitako 90 bat falka eta elurra kentzeko ekipoak, 111 herriri zerbitzua ematearren; izan ere, herri horiek errepideak garbitzeko arazoak izaten dituzte herrietara sartzea zaila izaten delako eta tamaina murriztuarengatik.

Horrez gain, Obra Publikoak 18.000 tona gatz banatu ditu 18 biltegitan eta 48 silotan, foru-geografia osoan zehar.

Seinaleztapenaren atalean, mezu aldagarriak dituzten 87 informazio-paneletan bidearen egoerari buruzko informazio eguneratua eskaintzen da. Gainera, tunelen barruan 191 kamera finko daude, 44 sarrera-ahoetan eta 53 kamera mugikor Done Jakue Bideko Autobian (A-12) eta Pirinioetako Autobian (A-21) eta beste 17 kamera elkargune eta puntu interesgarrietan.

Guztira 31 estazio meteorologikotatik eta trafikoaren datuak hartzeko 59 estaziotatik baliabideak mobilizatzeko beharrezko informazioa ematen zaio kontrol-zentroari.

Protokoloei dagokienez, jarduteko bi maila aurkezten dituzte. 1. maila edo prebentzio edo alerta fasea elurra edo izotza, euria edo haizea iragartzen denean aktibatzen da, baldin eta errepideen sarean eragina izango duela ikusten bada. 2. maila edo denborale-fasea, berriz, gertatzen ari denean edo elurra edo ekaitza berehala datorrela ziur gaudenean abian jartzen da.

Etengabeko informazioa

Nafarroako Gobernuak herritarrei gogorarazten die errepideen egoerari buruzko informazioa etengabe eskura dezaketela 848 423500 telefonora edo 011 zenbakira (DGT) deituta. Halaber, errepideetako gorabeheren mapa kontsulta daiteke esteka honetan.

Horrez gain, Foru Exekutiboak herritarrei eskatzen die agintariekin esku hartzeko neguko denboraleetan eta bideen egoera zailtzen den aldietan. Horrela, ibilgailuan joan-etorri bat egin aurretik, neurriak hartzeko eskatzen du:

  • Trafikoko agintarien nahiz errepideen kontserbazioan lan egiten duten langileen adierazpenak errespetatzea.
  • Elurra kentzeko makinen zirkulazioa ez eragoztea, eta ibilgailua geratu behar bada, galtzadatik kanpo geratzea.
  • Egunez bidaiatzea, eta, ahal izanez gero, errepide nagusiak erabiltzea.
  • Errepidera irten aurretik neurriak hartzea: pneumatiko egokiak, kateak, bateria edo argiek behar bezala funtzionatzen duten berrikustea.
  • Erregai-depositua betearekin irtetea.
  • Zirkulazio-murrizketak artatzea, ibilgailu astunen kasuan.
  • Kateak jarrita, 30km/h-tik gora ez zirkulatzea
  • Linterna, edateko ura, berotzeko arropa eta mugikorraren bateria kargatuta eramatea.
  • Argi laburrak aktibatuta zirkulatzea norberak ikusteko eta ikusia izateko.
  • Bat-bateko azelerazioak eta abiadura moteltzeak saihestea, baita aurreratzeak ere.
  • Kontuz jokatzea tunelen sarrera eta irteeretan eta bi noranzkoko bideetan ibilgailuekin gurutzatzean.