Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak, Administrazioko langileei dagokienean, premiazko neurrien inguruko foru lege-dekretua onartu du
2019ko urriaren 23a
Nafarroako Gobernuak, Administrazioko langileei dagokienean, premiazko neurrien inguruko foru lege-dekretua onartu du
Nafarroako Gobernuak, Foru Administrazioko langileei dagokienean, premiazko neurrien inguruko foru lege-dekretua onartu du gaurko bileran, eta, horren bitartez, gradu-osagarria ordainduko zaie atzeraeraginezko izaerarekin aldi baterako 8.045 langileri, aitatasun eta amatasun baimenak parekatuko dira, eta bitarteko irakasleen kontratuak udako hilabetetara luzatuko dira.
Gogoratuko dugunez, neurri horiek eta beste batzuk helarazi zizkien Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko lehendakariorde Javier Remirezek Funtzio Publikoko Mahai Nagusian zeuden sindikatuei, eta haiek aho batez onartu zituzten.
Modu horretan, azaroko nominan gradu-osagaia ordainduko die Exekutiboak administrazio-kontratua duten aldi baterako langile guztiei, eta atzeraeragina ordainduko die langileei 2015eko urtarrilaren 1etik hasita. Atzeraeraginezko osagaia aldi baterako langileei ordaintzea 72 milioi euro kostatuko da, eta hortik 18 2019ko ordainketarenak dira. Urteko zenbateko hori ekitaldi bakoitzean ezberdina izango da, gradua kobratzea egokitzen zaien aldi baterako langileen kopuruaren arabera. Gradua da Administrazioan 6 urte eta 7 hilabete lan egiteagatik lortzen den osagaia, orain arte soilik funtzionarioek kobratzen zutena). Aldi baterako 8.045 langileek jasoko dute erabaki horren emaitza, eta batez beste 6.919 euro kobratuko dituzte azaroko nominan atzeraeraginaren izenean.
Antzinatasuna kontuan hartuta, batez beste jaso beharreko zenbatekoak oso ezberdinak dira; esate baterako, 317 pertsonak 38.59 euro jasoko dituzte eta batez beste 42.963 euro 19 pertsonak. Talderik handiena, antzinatasunaren arabera, batez beste 2.959 euro jasoko dituztenek osatzen dute; hau da, 2.747 langile. Aldiz, 2.304 pertsonak batez beste 7.187 euro jasoko dituzte.
Atzeraeragina ordaintzetik sortutako zenbatekoak alde batera utzita, gradu-osagaiarekin (maila bakoitzeko oinarrizko soldataren %9) administrazio-kontratua duen aldi baterako langile bakoitzak, hemendik aurrera osagai hori kobratzeko eskubidea badu, duen mailaren arabera 105.09 eta 172.91 euro gordin artean jasoko ditu hilabetean, edo beste era batera esanda, 1.471.26 eta 2.420.74 euro gordin artean urtean.
Horrez gain, Nafarroako Gobernuak, prestakuntza-sustapeneko edo egoera bereziko jarduneko funtzionarioei onartu die zenbateko bera kobratzeko eskubidea, duen plazaren mailako langileek jasotzen duten gradu-osagaiaren izenean; alegia, osagaia kalkulatzeko (mailaren oinarrizko soldataren %9) kontuan hartuko da pertsona horrek okupatzen duen plazaren mailaren oinarrizko soldata, berak duen plazaren maila txikiagoa bada ere. Eskubide hori Foru Administrazioko 779 langilek izango dute, eta batez beste 2.938 euro kobratuko dituzte. Kostua ia 3.000.000 eurokoa izango da, eta 627.000 euro 2019koak izango dira.
Nafarroako gainerako Administrazio Publikoek gradu-ordainsariari dagokion atzeraeragina ordainduko dute bakoitzak bere aurrekontuaren arabera erabakitzen duen moduan.
Aitatasun eta amatasun baimenak
Horrez gain, foru lege-dekretuan esaten da Foru Administrazioko langileek amatasun eta aitatasun baimena Estatuko gainerako langileen baldintza berean hartzeko aukera dutela; modu horretan, aitatasun eta amatasun baimenak 17 astekoak izango dira, foru-araudiak nahiz estatuko araudiak aurreikusitako epeak aurreratuaz. Nafarroako Parlamentuak aurtengo urtarrilean onartutako Foru Legearen arabera, baimenak parekatuko dira 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera; estatuko araudiak, aldiz, esaten du 16 astera parekatuko direla 2021. urtean.
Beraz, Nafarroako Foru Administrazioan, ama biologikoa, bera ez den ama edo aitarekin parekatuko da, biek 17 asteko baimena izateko, eta horietatik 6 nahitaez egin beharko dira erditu ondoren eta gainerakoak zatika egin ahal izango dira.
Erabaki horrekin, Nafarroa aitzindaria izango da bizitza pertsonala eta familiarra uztartzerakoan, gurasoen arteko erantzunkidetasunaren printzipioa lantzearekin batera. Elementu horiek funtsezkoak dira gizonen eta emakumeen artean tratu eta aukera berdintasunaren printzipioa betetzeko.
Irakasleen kontratuak udaraino luzatzea
Aldi baterako administrazio-kontratudun irakasleek (unibertsitatetik kanpokoek) ikasturte bakoitzean 165 egun naturaleko edo hortik gorako denboraldian lan egin badute, irailaren 1a eta ekainaren 30a artean, ikasturte horretako uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitarteko (biak barne) ondorioak dituen kontratu berria izateko eskubidea izango dute.
Kontratu berriak dagokion ikasturtean zehar sinaturiko iraupen luzeeneko kontratuaren ezaugarri berak izango ditu honako hauei dagokienean: ikastetxea, irakasle-taldea, espezialitatea, hizkuntza, profila eta lanaldia.
Kontratua uda bitarte luzatzeari etekina aterako diote 2018/2019 ikasturtean 165 egun naturaleko edo hortik gorako denboraldian lanean aritu ziren 731 irakaslek, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra. Ordainketa Hezkuntza Departamentuak eta irakasleen sindikatuek 2018an lortutako Hezkuntza Itunaren ondorioz gauzatuko da.
2018/2019 ikasturteari dagokionean, kontratuak udako hilabetetara luzatzearen kostu ekonomikoa 4.952.000 eurokoa izango da.