2019ko urriaren 23a

Foru intereseko inbertsio deklaratu du Gobernuak Nafarroako Banda Zabalaren 2021erako Plan Zuzentzailea

Helburua da banda zabalaren hedapena bultzatzea, baimenak, laguntzak edo kolaborazioak errazago lortzeko
El Plan de Banda Ancha de Navarra, declarado inversión de interés foral Irudi galeria

El Gobierno foral ha adoptado, en su sesión de hoy, un acuerdo por el que se declara como inversión de interés foral el Plan Director de Banda Ancha de Navarra 2021, aprobado en noviembre de 2017, y promovido por la sociedad pública NASERTIC (Navarra de Servicios y Tecnologías).

 

Gaurko bilkuran, Nafarroako Banda Zabalaren 2021erako Plan Zuzentzailea foru intereseko inbertsio deklaratzeko erabakia hartu du Foru Gobernuak; 2017ko azaroan onartu zen plan hori, NASERTIC (Navarra de Servicios y Tecnologias) sozietate publikoak sustatuta.

Deklarazio horren helburua da banda zabalaren hedapena bultzatzea, baimenak, laguntzak edo kolaborazioak errazago lortzeko. Gainera, herritarrak eta enpresak kontzientziatu nahi dira, etorkizunaren eta berrikuntzaren alde egiten ari den apustuaren inguruan. Hori guztia, lurraldearen egituratze digitala, aukera-berdintasuna eta edozein arrakala digitalen –geografikoa, kulturala, ekonomikoa edo generoari dagokiona– aurka borrokatzeko azken helburuarekin.

Plana egikaritzeko, 31,35 milioi euroko inbertsio publikoa egin beharko da; kopuru horri beste 22,9 milioi gehitu behar zaizkio, operadore pribatuek jarriko dutena, Administrazioak garatutako jarduketek bultzatutako inbertsio gisa (diru-laguntzak eta kreditu bigunak emanda, azpiegiturak eraikita, etab.). Era horretan, 54,25 milioi euroko inbertsioa egingo da, guztira, 2021. urtera arte, Banda Zabalaren Plan Zuzentzailea egikaritzeko.

Gogorarazi behar da foru intereseko inbertsio deklara ditzakeela Gobernuak Nafarroaren garapen ekonomiko, sozial eta lurralde-garapenerako garrantzi berezia duten proiektuak. Deklarazio hori jasotzen duten ekimenek lehentasunezko eta presazko babesa izaten dute gero, Nafarroako herri administrazio guztiekin bideratu beharreko tramiteetan. Adibidez, erdira murrizten dira jarduera ezartzeko, hirigintza-plangintzarako eta egikaritze-, irekiera- edo funtzionamendu-lizentziak eskuratzeko aurreikusitako tramiteen epe arruntak.

2020an, konektatuta egongo dira Gobernuaren egoitza guztiak

Gobernuak zuntz korporatiboko sare propioa du, 800 kilometrokoa. Aurreikusita dagoenez, 2020. urtean, Foru Administrazioaren 996 egoitzek izango dute azken belaunaldiko banda zabaleko konexioa. Gaur egun, % 85 dago konektatuta. Horrela, aurreikusitakoa baino urtebete lehenago beteko da Planaren helburu estrategikoetako bat.

Horrek guztiak aurrezpen ekonomikoa ekarriko du, eta erraztu egingo du osasun zentroen, larrialdi-zerbitzuen, kultura-espazioen eta ikastetxeen Interneterako sarbidea. Gainera, egitura partekatua izanik, errazago irits daiteke konektagarritasuna ekimen pribatua iristen ez den biztanle-guneetara; horrek zerbitzu publiko izaera ematen dio.

Helburu nagusiak

Planaren helburuetako bat da Europarako Agenda Digitala betetzea; agenda hori Europar Batasunaren gidalerroa da, eta ezartzen du 2020rako herritar guztiek izan behar dutela banda zabaleko sareen estaldura, eta etxebizitzen erdiak 100 megako Interneterako konexioa.

Gaur egun, Nafarroako etxebizitzen % 86k du banda zabal ultralasterreko sareak izateko aukera; 2015ean, % 69k bakarrik zuen aukera hori, eta aurten portzentaje hori % 88,1era iritsiko dela uste da. Horri dagokionez, landa-guneen Interneterako sarbidea da helburu nagusietako bat, eta aurreikusten da Nafarroako Pirinio inguruko 36 udalerrik (4.000 bat biztanle, guztira) izango dutela banda zabalerako konexioa 2019ko amaiera eta 2020. urte hasiera artean, 100 mbps-tik gorako konexioekin.

Bestalde, azpimarratzekoa da Planaren beste helburuetako bat jarduera ekonomikoko eremuen konektagarritasuna hobetzea dela. Zentzu horretan, esan behar da gaur egun industria-guneetan dauden enpresen % 82,55ek duela banda zabal ultralasterra; 2016an, berriz, enpresen % 40,47k bakarrik.

Lurraldea egituratzea da Planaren laugarren helburu estrategikoa, horretarako arrakala digitala murriztuta. Horri dagokionez, irrati bidezko telekomunikazio-sarea bultzatu da –Gobernuaren jabetzakoak diren 137 zentrotan–, eta zentro horiek zuntz optikoko sare propioarekin integratu dira, operadore komertzialek banda zabaleko azpiegiturarik ez duten urruneko eremuetan zerbitzua emateko helburuz.

Azkenik, adierazi behar da belaunaldi berriko sareen garapena errazten duten alor publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzan oinarritutako estrategiak lehenesten dituela Planak, inbertsioak eta horiek dakartzaten arriskuak sektore pribatuarekin partekatuz, bien arteko sinergiak hobeto aprobetxatzeko. Horrela, operadoreen eskura jarri da, NASERTICen bitartez, zuntz optikoko sare nagusiaren soberakina, sartzeko oztopoak murriztuz, sarbide-sareak eraikitzeko inbertsioak bakarrik egin behar baitituzte, kasu batzuetan FEDER funtsen laguntzarekin; aurrez % 15 inguru bakarrik aprobetxatzen ziren, eta gaur egun ia erabat erabiltzen dira.