Descárgate la app
Nafarroako Gazteriaren Osasunari buruzko Inkesta berriak 1.700 gazteri beren bizitza estiloei buruz galdetuko zaie beren osasuna hobetzeko programak abian jar daitezen
2019ko urriaren 16a
Nafarroako Gazteriaren Osasunari buruzko Inkesta berriak 1.700 gazteri beren bizitza estiloei buruz galdetuko zaie beren osasuna hobetzeko programak abian jar daitezen
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI), Nafarroako Osasun Komunitarioaren Behatokiaren bidez, Nafarroako Gazteriaren Osasunari buruzko Inkestaren edizio berria prestatuko du. Horretarako, Foru Komunitateko 14 eta 29 urte bitarteko 1.700 gazte ingururi beren osasun egoera, jarduera fisikoa, elikadura; tabakoa, alkohola zein beste substantzien kontsumoa, bide-segurtasuna, jokua, ongizate emozionala eta erasoei buruz galdetuko zaie, beste gai batzuen artean. Ikerketa horren helburua da, osasunarekin zerikusia duten alderdi ezberdinak ezagutzea, prebentzioko eta esku hartze soziosanitarioko programen bidez erantzun egokia emateko.
Berritasuna da arintasuna lehenetsi eta inkestaren kalitatea hobetuko dela, lehen aldiz egingo baita tableta bidez (CAPI sistema: Computer-Assisted Personal Interview). Osasunarekin lotutako gizarte-aldaketak hobeto ulertzeko helburuz, jokorako eta tabakoaren kontsumoko modu berriak hartuko dira kontuan. Eta sakonago helduko zaie beste alderdi batzuei ere, hala nola jarduera fisikoa, aisialdia eta atsedena, eta berariazko atala eskaintzen zaio ongizate emozionalari.
Ibilbide luzea dute Nafarroan gazteriari eta osasunari buruzko azterlanek. 1982an ekin zitzaion gaur egun Gazteriaren eta Osasunaren Nafarroako Inkesta deritzonari; bost urtean behin egiten da inkesta hori. Inkestaren ezaugarriak direla eta, Nafarroako Estatista Planean integratu zen iaz. Hau bezalako ikerketek aukera ematen dute hobekuntzarako ekintzak diseinatzeko, kanpainak prestatzeko eta bildutako informazioa ikastetxeekin eta osasun-etxeekin, besteak beste, partekatzeko.
Inkestaren azkeneko edizioan, 2014an, sedentarismoaren igoera egiaztatu zen, esaterako, baita pantaila aurrean egoteak presentzia handia zuela ere asteburuetan egiten dituzten jardueren artean. 2007an, 2,7 ordukoa zen batez beste; 2014an, berriz, 4 ordukoa. Gainera, azterlanak detektatu zuen Nafarroako gazteen heren batek baino gehiagok kontsumitzen zuela alkohola modu intentsiboan, eta bostetik batek erretzen zuela egunero.
Kolaboratzea funtsezkoa da etorkizunean osasuna hobetzeko
Gazteriaren eta Osasunaren Nafarroako Inkestak ausaz aukeratutako gazteei egindako 1.700 elkarrizketa jasotzen ditu; gazte horiek Foru Komunitatean bizi diren 14 eta 29 urte bitarteko 104.568 pertsonen egoera islatzen du. Eremu geografikoaren (Pirinioak, Nafarroa Atlantikoa, Area Zentrala, Erdialdeko Eremuak eta Ebro Ardatza), udalerriaren tamainaren, sexuaren eta adinaren (adingabeak, 18 eta 24 urte bitartekoak, eta 25 eta 29 urte bitartekoak) arabera banatuko dira elkarrizketak.
Erabat konfidentziala izango da informazio guztia. Elkarrizketa pertsonalak egingo dira etxebizitzan bertan, aldez aurretik hitzordua jarrita. IKERFEL izango da datuak biltzeaz arduratuko den enpresa. Informazio gehiago eska daiteke Nafarroako Osasun Komunitarioaren Behatokiaren 848 42 33 57 eta 848 42 55 82 telefono-zenbakietan, edo oscn@navarra.es helbide elektronikoaren bitartez.
Belaunaldi berri hau ezagutzeko, garrantzitsua da aukeratutako pertsonen kolaborazioa. Eskuratutako informazioak adin-talde hauengan eragina izaten ari diren esku-hartze programak eguneratzeko balio izango du, funtsezkoa dena Nafarroaren etorkizuneko osasunerako.