2019ko urriaren 15a

Nafarroako Gobernuak 316.000 euroko sail espezifikoa bideratuko du 2019an Tindoufeko kanpamentuetako Sahararrei laguntzeko

Diru-laguntzen deialdia Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek egindako proiektuei zuzenduta dago eta eskaerak aurkezteko epea azaroaren 5ean amaituko da

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak  hirugarren urtez jarraian Tindoufeko (Aljeria) kanpamentuetan Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek 2019an egindako proiektuak diruz lagunduko ditu. Deialdi espezifiko horren helburua da pobreziaren aurka borrokatzea eta Saharako herriaren giza garapena sustatzea.

Aurten, 315.950 euroko laguntza izango da, eta esku-hartzeak lau mota edo modalitatekoak izan daitezke: 178.000 euro elikadura-laguntzarako; 84.000 euro osasunarekin lotutako proiektuak jorratzeko; 25.950 euro Saharako Administrazioan gaitasunak indartzeko; eta beste 28.000 euro hezkuntza-proiektuetarako. Laguntzak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dira, eta horiek eskatzeko epea azaroaren 5ean (hori barne) amaitzen da.

Nafarroako Foru Erkidegoak bere instituzioen eta gizarte zibileko erakundeen bitartez Saharako herriarekiko konpromisoa eta babesa lantzen du 1992az geroztik, eta, era horretan, laguntza humanitarioa eskaintzeaz gain, garapen-proiektuak jorratzen ditu batez ere osasunaren eta hezkuntzaren sektorean. Beraz, deialdia esparru horretan kokatzen da. Babes hori Tindoufen (Aljeria) errefuxiatuta daudenen kanpamenduetara egindako hainbat bisita instituzionaletan agertu da; bertan, 173.600 saharar bizi dira, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Komisarioak-ACNUR-ek 2018an eguneratutako kopuruen arabera.

Gogoratuko dugunez, 1975az geroztik, Saharako biztanleen zati bat errefuxiatuta bizi da Tindoufeko kanpamenduetan (Aljeria), eta zailtasun larriak dituzte; izan ere, ingurune geografikoaren baldintza fisikoak zailak dira eta batik bat kanpoko laguntzari esker bizirik irauten dute. Halaber, Saharako gainerako biztanleriaren zati bat Mendebaldeko Saharako lurraldean bizi da, eta hori Fronte Polisarioaren kontrolpean aurkitzen da, eta horiek ere zailtasun larriak dituzte garapen ekonomikoaren eta sozialaren aldetik.

2016ko azaroaren 21ean, "Lankidetza Protokoloa" sinatu zuten Nafarroako Gobernuak eta Fronte Polisarioak, Tindoufeko (Aljeria) iheslarien esparruan eta Fronte Polisarioaren kontrolpeko Mendebaldeko Saharako lurraldeetan dauden sahararrekiko elkartasuna adierazteko. Bertan, Saharako kanpamenduetan eta lurraldeetan "Lankidetza-proiektuak" burutzeko konpromisoa agertzen da honako bost arlo hauetan: Osasuna, Elikadura-laguntza, Hezkuntza, Enplegu gaztea eta Saharako Administrazioan gaitasunak indartzea.

Deialdi honetako 315.950 euro Saharako herriari laguntzeko aurrekontuko partida espezifiko bezala agertzen dira Nafarroako 2019ko Aurrekontu Orokorretan. 2018an zenbateko bera eman zuten eta 2017an 301.750 euro; hau da, guztira 933.650 euro hiru urteetan.

Proiektuak aurkezteko baldintzak eta prozedura

Proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GGKE); edonola ere, nortasun juridikoa izan beharko dute eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziako GGKEn Erregistroan inskribatuta egon, Nafarroan egoitza soziala edo delegazio iraunkorra izan beharko dute eta esku-hartzea egingo den zonan tokiko bazkidea izan beharko dute, proiektua gauzatzen laguntzeko.

Esku-hartzeak 2019an hasi beharko dira, laguntza ematearen ebazpen-egunetik aurrera, erakunde onuradunak beste egun bat jakinaraztean izan ezik. Halaber, ezinbesteko baldintza izango da Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziak Aljerian duen Lankidetzarako Bulego Teknikoaren -garapenerako nazioarteko lankidetzaren Espainiako politika kudeatzeko organoa- nahiz Tindoufen errefuxiatutako pertsonen ordezkaritzaren berariazko laguntza izatea.

Eskaerak aurkeztu nahi dituzten GGKEk telematikoki egin ditzakete Nafarroako Atarian argitaratutako deialdiaren fitxan “IZAPIDETU” aukera erabiliaz, edota Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan edo Eskubide Sozialetako Departamentuaren Erregistroan (González Tablas kalea 7, 31005 Iruña). Era berean, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen inguruko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 16. artikuluan aurreikusitako edozein lekutan egin ahal izango dute. Horrez gain, eskaerak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, unitate kudeatzaileari jakinarazi beharko diote servcoopdes@navarra.es helbidera posta elektronikoa bidalita aurkezpenaren egun berean.

Posta-bulegoen bitartez aurkeztutako eskaerek posta-zerbitzuen prestazioa arautzen duen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aipatzen diren zehaztapenak bete beharko dituzte. Erakunde eskatzaileek eskaera bidali izana adierazi beharko dute egun berean posta elektronikoa bidaliaz servcoopdes@navarra.es helbidera.