2019ko irailaren 17a

Josefina Arregi Klinikako osasun langileek Osasunbidean informatizatutako historia klinikoak kontsultatzeko aukera izango dute

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak lankidetza akordioa sinatu du Josefina Arregui Klinikarekin
Óscar Moracho del Rio, une hartan Osasunbideako zuzendari kudeatzaile 
zenak, eta Ángel Gardachal Ausejo, Felipe Lacea Fundazioa- Josefina Arregui 
klinikako zuzendari kudeatzaileak sinatu zuten akordioa.
Óscar Moracho del Rio, une hartan Osasunbideako zuzendari kudeatzaile zenak, eta Ángel Gardachal Ausejo, Felipe Lacea Fundazioa- Josefina Arregui klinikako zuzendari kudeatzaileak sinatu zuten akordioa.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eta Altsasuko Josefina Arregui Klinika Psikogeriatrikoak lankidetza akordioa sinatu berri dute, osasun-sistema publikoak zentrora bidaltzen dituen pazienteen historia kliniko elektronikoetarako sarbidea arautzeko.

Akordio honi esker, zentro honetako medikuntzako, fisioterapiako eta erizaintzako profesionalek erabiltzaileen historiko klinikoetarako sarbidea izanen dute, eta horrek gaixo bakoitzari egokitutako arreta pertsonalizatu eta integratua hobetzen eta kalitate handiagoko zerbitzua ematen lagunduko die. Datu hauetarako sarbidea Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aginduz zentroan sartu diren pertsonen arreta zuzenerako baizik ez da baimenduko.

Halaber, klinikak Osasunbidearen eskura jarriko ditu haren instalazioetan artaturiko pertsonen historia klinikoak, datuak eta txostenak, osasun arreta egokia bermatzeko xedez.

Felipe Lacea Fundazioa-Josefina Arregui Klinikako zuzendari kudeatzaile Ángel Gardachal Ausejoren hitzetan, “akordio honek aurrerapauso handia ekarriko du klinikak aurten pazienteei zuzendutako zerbitzuak eta baliabideak eguneratzeko abiarazi duen etapa berrian, eta arreta mediko eta asistentzialaren zerbitzu bikainarekin batera, zentro hau Estatu mailako erreferentziazko postuetan mantenduko du dementzien arretari dagokionez”.

Akordioa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko orduko zuzendari kudeatzaile Óscar Moracho del Ríok eta Felipe Lacea Fundazioa-Josefina Arregui Klinikako zuzendari kudeatzaile Ángel Gardachal Ausejok sinatu zuten.

Josefina Arregui Klinika

Felipe Lecea Fundazioa 1993an eratu eta Josefina Arregui Klinika Psikogeriatrikoa kudeatzea jarduera nagusi duen irabazi-asmorik gabeko entitatea da.

Fundazioaren helburu nagusia ez da mugatzen dementzia edo bestelako patologia psikiatrikoak dituzten adinekoen bizi-kalitatea hobetzera, baizik eta izaera asistentzialeko eta sozialeko proiektuak ere sustatzen ditu pertsona horien zaintzaile nagusiendako.

Josefina Arregui Klinikak ematen duen izaera sanitarioko zerbitzuaren barnean, diziplina anitzeko abordatzea egiten da dementziak edo bestelako patologia psikiatrikoak dituzten adinekoak artatatzeko, izan ere, eritasunaren agerpenaren adinagatik eta horren bilakaera eta pronostikoagatik, maila goreneko arreta behar izaten dute. Egun, 21 ohe dituen ospitalizazio-unitatearekin batera, 25 plazatako eguneko zentro psikogeriatrikoa du, bata zein bestea Nafarroako Gobernuarekin hitzartutakoak, baita errehabilitazio funtzionaleko, fisioterapiako eta terapia okupazionaleko unitateak ere, besteak beste, eta kanpo kontsulten zerbitzua, asaldura psikogeriatrikoen tratamendurako.

Urte hauetan guztiotan, ospitalizazio unitateak 7.000 paziente baino gehiago artatu ditu, eguneko zentroaren eta gainerako unitateen erabiltzaileez gain.