Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak 750.000 eurotik gorako inbertsioa egin du justizia-auzitegietan aitzindaria den sistema teknologiko berria jartzen
2019ko irailaren 6a
Nafarroako Gobernuak 750.000 eurotik gorako inbertsioa egin du justizia-auzitegietan aitzindaria den sistema teknologiko berria jartzen
Ikusi argazki oina oharraren amaieran.
Datorren astelehenean, hilaren 9an, Nafarroako Justizia Jauregiak grabazio eta bideokonferentziako sistema berria, Estatuan aitzindaria dena, estreinatuko du zinpeko epaimahaia duen epaiketan; sistemaren bitartez, Nafarroa osoko 31 ikustaldi-areto modernizatu dira. Azken generazioko ikus-entzunezko ekipoak edo ekipo informatikoak dira, eta aukera mordoa eta prozesu horietan gardentasun eta arintasun handiagoa eskaintzen dute. Ikustaldi-areto horiek modernizatzeko 750.000 eurotik gorako inbertsioa egin behar izan da. Aretoak Iruñean, Tuteran, Lizarran, Tafallan eta Agoitzen kokatzen dira. Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria den Eduardo Santos ostiral honetan izan da sistemaren azken probetan.
Ikustaldien ikus-entzunezko erregistroa, legez derrigorrezkoa izateaz gain, oso baliagarria da epaileentzat eta inplikaturiko aldeentzat, kasuak ebaluatzeko epaiketako uneak zehazten laguntzen baitu. Sistema berriak eskaintzen dituen aurrerapenen artean, peritu-frogak modu dinamikoan eta interaktiboan sartzeko aukera ematen du, eta, era horretan, aurkeztutako ebidentziak era egokiagoan baloratu daitezke. Horrez gain, gordetzeko erabilitako euskarri fisikoa (DVD, USB,…) grabazioan sar daiteke defentsa eta akusazio mahaietan jarritako kutxen bitartez, eta era guztietako eduki grafikoak (PDF artxiboa, bideoa edo soinua) aurkezteko aukera ematen du erraztasun handiarekin, soilik erabilitako ekipora konektatuta.
Modu berean, Justizia Administrazioa digitalizatzeko beste urrats bat eman da, magistratuen eta laguntzaileen postuetan espediente digitalera sartzeko aukera ematen duen ordenagailua jartzeagatik. Era horretan, pixkanaka, alde batera geratuko da abokatuak besapean dokumentazio-sorta dutela aretora sartzearen irudi klasikoa. Espedientea digitalizatzeak, paperaren aurrezpen ekonomiko eta ekologiko nabarmena ekartzearekin batera, edukiak errazago kontsultatzeko aukera eskaintzen du.
Aste honetan zehar egiten ari diren proben ondoren, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilari Eduardo Santosek honela nabarmendu du: “Nafarroak justizia modernizatzearen eta epaileen, fiskaltzaren eta abokatuen zerbitzura baliabide material ahalik eta aurreratuenak jartzearen aldeko apustu irmoa egiten du”. Izan ere, Eduardo Santosen hitzetan, “epaileen, fiskalen eta abokatuen lana errazten duen guztiak justizia kalitate handiagokoa izatea bultzatuko du. Departamentu honetan, ezbairik gabe, lehen mailako zerbitzu publikoa dela uste dugu”.
Bestalde, Justiziako zuzendari nagusiak, Rafael Sainz de Rozasek eskerrak eman dizkie “zuzendaritza nagusi honetako aurreko taldeari nahiz aurrerapen hau burutu ahal izateko aukera eman duten teknikariei, haien ahalegin eta inplikazioarengatik”.