Descárgate la app
Nafarroak Pirinioko beste eskualde batzuekin bat egin du larunbat honetan Saien Nazioarteko Eguna ospatzeko
2019ko irailaren 6a
Nafarroak Pirinioko beste eskualde batzuekin bat egin du larunbat honetan Saien Nazioarteko Eguna ospatzeko
Nafarroak Pirinioko beste eskualde eta entitate batzuekin bat egin du, larunbat honetan, hilak 7, Saien Nazioarteko Eguna ospatzeko, izan ere, urtero iraileko lehendabiziko larunbatean mehatxatuta dauden animalia horien oroimenezko eguna antolatzen da. Gainera, Foru Komunitatea harrapari nekrofagoen habitata babestea xede duen “ECOGYP: Zerbitzu ekosistemikoak, harrapari nekrofagoak eta habitatak” deritzon proiektu europarra lideratzen ari da. Hiru urteko lanen ondoren, proiektua Otsagabian itxiko da, urrian.
Mundu osoko putreak eta saiak (ugatza, sai zuria, miru gorria, sai arrea edo sai motza) zaintzeak duen garrantziaz sentsibilizatzea da egun honen helburua, izan ere, espezie horiek eta dagozkien habitatak arras onuragarriak dira ekosistemen orekarako eta gizakiendako.
Lehendabiziko aldiz, Pirinioaren eremuko eskualde guzti-guztiak (Mediterraneotik Atlantikoraino) modu bateratuan lan egiten ari dira harrapari nekrofagoen kudeaketa iraunkorrerako esparru bateratua garatzeko. Hauexek dira: Nafarroako Gobernua, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN-NIK) enpresa publikoaren bitartez, Aragoiko Gobernua, Arabako Foru Aldundia, Hazi Fundazioa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Ligue pour la Protection des Oiseaux (LPO) eta Catalunya La Pedrera Fundazioa.
Proiektua ezagutzera emateko jarduerak eta jardunaldiak
2019ko abendura arte, orduantxe bukatuko baita proiektua, ECOGYPek Pirinioaren eremu osoan egindako hiru urteko baterako lanaren emaitzak erakutsiko ditu. Proiektuko bazkideek hainbat jarduera eta jardunaldi antolatu dituzte hegazti nekrofagoen garrantzia nabarmentzeko eta espezie bakoitzaren kontserbazio egoerari buruz egindako aurrerapenak eta dagozkien ikuspegi demografikoak ezagutzera emateko.
Horrela, ostiralean, irailak 20, Otsagabiko Natura Interpretatzeko Zentroan (CIN), ECOGYPen barnean garaturiko jarduerei buruzko erakusketa berri bat inauguratuko da. Gainera, herri honetan eginen da, urriaren 16 eta 17an, proiektuaren bukaerako mintegia.
Gainera, irail honetan, saiei buruzko beste jardueraz batzuez gozatzeko aukera ere izanen da. Hartara, “Nik aprobetxatzen dut, zu baliatzen zara. Denok onuradun! formatu digitaleko liburuxkan, informazio baliagarria eskaintzen da, nahi duten guztiek behaketa-guneerata hurbildu eta hegazti horiek berezko habitatean ikusteko aukera izan dezaten larunbat honetan, hilak 7.
Halaber, asteazkenean, hilak 11, Arabako Foru Aldundiak antolaturiko “Hegazti nekrofagoen ugalketarako sentiberak diren lekuen kudeaketa. Jolas eta kirol jarduerekiko interakzioa” deritzon jardunaldia teknikoa eginen da Gasteizen, Santuaren Etxean (Menibe kalea, z/g, Armentia).
Azkenik, Gipuzkoako Arantzazu herrian, “Hegazti nekrofagoak eta aziendak” izenburuko jardunaldi tekniko bat antolatuko da HAZI Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik.
ECOGYP proiektua % 65 kofinantzatu du Europako Eskualde Garapenerako Funtsak Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra Programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFA proiektuen helburua da Espainia-Frantzia-Andorra mugaldeko eremuaren integrazio ekonomiko eta soziala indartzea. Laguntzen bitartez, mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumen arlokoak sustatu nahi ditu, lurralde garapen iraunkorraren mesedeko baterako estrategietatik abiatuta.