2019ko irailaren 5a

Nafar Lansarek gidari mikologikoa izateko ikastaroaren bigarren edizioa antolatu du turismoa susta dadin

Ikastaroa irailaren 16tik urtarrilaren 20ra arte emanen da
Gidari mikologikoa izateko ikastaroa iragartzen duen kartelak.
Gidari mikologikoa izateko ikastaroa iragartzen duen kartelak.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafar Lansarek, Garrapo S.L. enpresarekin lankidetzan, bereziki langabetui zuzendutako "Gidari mikologikoa Nafarroan eta bere papera turismo mikologikoan" izeneko ikastaroaren bigarren edizioa antolatu du. Ikastaroa irailaren 16tik urtarrilaren 20ra arte emanen da Ceniferrek Imarkoainen duen egoitzan.

Ikastaro honen bitartez, prestakuntza eman nahi zaie mikologia zein ingurumen-hezkuntzari buruzko aldez aurreko ezaguerak dituzten pertsonei, Nafarroan turismo mikologikoari loturiko jarduerak eskaini ahal izateko, landa-garapen iraunkorrarekin bat datozen errenta osagarriak sortuz.

25 plaza dituen prestakuntza-programa hau da Nafar Lansarek 2019-2020rako antolatu dituen 550 ikastaroetako bat, eta 190 orduko iraupena izanen du: % 41 landarako irteerak eta perretxikoen sailkapena izanen da; % 32 teoria, eta % 28 praktikak eta proiektuak.

Ikastaroko saioetan, irakasleek ingurumen-sentsibilizazioa, mikoturismoa, jardueren diseinua, arau-esparru eta abar tarteko dituzten edukiak eta baliabideak jorratuko dituzte, eta Kualifikazioen Institutu Nazionalak aitorturiko gaitasunak landutako dituzte nekazaritzako eta ostalaritza zein turismoko lanbide-familien barnean: perretxiko eta boilurren ekoizpena eta bilketa eta naturako zein bisitariendako gidariak.

Ikuspuntu profesionaletik, trebakuntza hau osagarria izan daiteke parke mikologikoen kudeaketarako, naturako zein mendiko gidariak izateko, prestakuntza-zentroetako publikoari arreta emateko, turismo bulegoetarako eta ostatu zein landetxeen kudeaketarako, besteak beste.

Nafar Lansarek beharrezkotzat jo du Foru Komunitatean gidari mikologikoak trebatzea parke mikologikoen beharrei erantzun ahal uzateko, izan ere, duela zenbait hamarkadaz geroztik, ustiapen mikologikoa egiten ari dira, bereziki Nafarroako Iparraldean, eta masifikazioari eta gehiezko ustiapenari loturiko arazoak antzeman dira. Gainera, 2017an, Ultzamako Parke Mikologikoa (www.parquemicologico.com) abiarazi zen, eta aurten, Erro, Auritz eta Orreagako udalek parke mikologiko berri bat (www.parquemicologicoerro.com) ireki dute. Iratin ere, turismo mikologikoari loturiko proposamen bat lantzen ari dira Frantziarekiko LIFE proiektu baten bitartez. Horren guztiaren kariaz programatu zen 2018an ikastaroaren lehendabiziko edizioa.

Interesdunek informazio gehiago jasotzen ahal dute www.empleo.navarra.es webgunean edo esteka honetan: https://www.navarra.es/home_es/Temas/Empleo+y+Economia/Empleo/Formacion/Personas+desempleadas/Default.htm?Id=7753