Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak ostiraletik larunbatera bitarteko gauerditik eta astelehena, hilak 26, 18ak arte, ibilgailu astunen trafikoa murriztuko du Frantziarako bidean
2019ko abuztuaren 22a
Nafarroako Gobernuak Frantziarantz doazen ibilgailu astunen trafikoa murriztuko du ostiraletik larunbaterako gauerditik astelehen arratsaldeko seiak arte
Barne zuzendari nagusiak gaur eguerdian sinatu duen Ebazpenaren arabera, ostiraletik larunbaterako gauerdian hasi eta asteleheneko (hilak 26) 18:00ak arte, Frantziaranzko joan-etorriak murriztuta geldituko dira ibilgailu astunendako (7,5 tonatik goitikoak).
Neurri hau, gaur goizean, euskal eta nafar gobernuak tarteko zirela, estatu frantziarraren eta espainiarraren arteko koordinazio operatiboa bermatzeko Donostian egin den bileraren ondoren hartu da, izan ere, soluziorik hoberentzat jo da Foru Komunitateak ibilgailu astunen trafikoa murriztea Eusko Jaurlaritzak eta frantziar agintariek erabaki duten bezalaxe, EAEko eta Pirinio Atlantikoetako murrizketak bukatu arte nafar lurraldean hiru egunez ere gerta litezkeen kamioien ilarak eta pilaketak saihesteko.
Neurri honen arabera, 7,5 tonatik goitiko ibilgailuek ez dute iparralderantz zirkulatzeko aukerarik izango Frantziaranzko ibilbidearekin zuzenean lotzen duten foru errepide-sareko bost errepide nagusietan barna: Iparraldeko Autobidea (A-1) eta Leitzarango Autobidea (A-15); Iruñetik Frantziarako N-121-A eta N-121-B errepideak Behobian eta Dantxarinean barna, eta N-135 errepidea (Iruñea-Frantzia, Luzaiden barna).
Debekua Nafarroa Frantziarekin zuzenean lotu edo Araban zein Gipuzkoan zehar nazioarteko ibilbidera jotzeko aukera ematen duten bigarren mailako errepide-sareko hogei bat errepidetara ere hedatu da.
Nafarroako Gobernuak asteazkenean aurreratu zuenez, Foruzaingoak eta Guardia Zibilak, egoera hala eskatuz gero, aparkatzeko eremuak prestatuko lituzkete Foru Komunitateko ohiko industriaguneetan.
Automobilez egin beharreko bidaiak asteartera arte atzeratzea gomendatu da
Halaber, Nafarroako Gobernuak asteartean Javier Remírez lehendakariorde eta Barneko kontseilariaren zuzendaritzapean abiarazi zuen departamentuarteko lantalde teknikoak, gaur eguerdian egindako bileran, nafar herritarrei eskatu die berriz ere Frantziarako bidaia mota guztiak atzera ditzatela, gutxienez asteartera arte, hilak 27.
Nolanahi ere, Nafarroatik Frantziara egin beharreko ezin atzeratuzko bidaien kasuan, aldez aurretik Nafarroako errepide-sareko kamerak eta Eusko Jaurlaritzaren www.trafikoa.eus webgunearenak kontsulta ditzatela gomendatu du, Frantzia eta Espainiaren arteko muga-pasabidearen egoera ezagutzeko. Gainera, sare sozialen erabiltzaileei Foruzaingoari jarraitzea aholkatu diete, etengabeko informazioa emanen baitu Nafarroako errepide-sarean dauden trafiko-aldaketei buruz Twittterren duen @policiaforal_na kontuaren bidez.
Osasun zerbitzuak eta suhiltzaileen operatiboa bermatuta daude
Halaber, Nafarroako Gobernuak lasaitasunezko mezua igorri die Frantziarekiko mugaldeko bizilagunei, asteburu osoan osasun-zentroek eta ospaitalez kanpoko larrialdiek zein polizia zerbitzuek, segurtasunekoek, larrialdietakoak eta nafar exekukutiboaren menpeko gainerako zerbitzuek normaltasun osoz funtzionatuko dutela bermatuz.
Hala, prebentzio gisa, anbulantzia kopurua indartuko da Bera, Auritz eta Luzaideko osasun-zentroei zerbitzua emateko, eta Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren kasuan, Oronoz-Mugairiko eta Aurizko parke profesionaletan dagoen langile kopurua gehitu da egun hauetarako, eta aldez aurreko alerta bidali zaie Bera, Lesaka eta Luzaideko boluntarioen parkeei.